Hondarrak Bloga

Albiste berriagoak »

Munstroak

2007-12-17  ¦  Nevadako egunak

I

I

Carson Cityra joan ginen, ospea baitu hango Halloween jaiak, eta hain zuzen ere gala beltzez jantzita aurkitu genuen Nevadako hiriburu txikia. Etxeen aurreko lorategiak kanposantu bihurturik zeuden, gezurretako hilobiekin eta zein baino zein nazkagarriagoak ziren instalazioekin. Batean, leporaino lurperatutako gizon baten burua zeukaten jarria, dena arratoiez inguratua; hurrengoan, begietatik odola zerion andre gazte baten figura; hirugarrenean -Mark Twain bere anaiarekin bizi izandako kalean- cowboy bat, puskatua burua, agerian hesteak. Eta gainera: eskeletoak, urkatuak etxeko portxeetan, Herio bere segarekin, black widow deitzen den armiarma pozoitsua tamaina erraldoian.

Heriotzaren inguruko buila hura guztia, ordea -eskeletoak, armiarmak, urkatuak-, desagertu egin zen hiriaren erdigunera iritsi ginenean. Txukun eta beti bezala zeuden bertako eraikuntza guztiak; gehienera, eskolaren batean, mamutxoak zeuzkaten leihoetan, edota Halloweeneko ikurrak, laranja koloreko kalabazak. Halere, ez zegoen zokomiran hasi beharrik Heriotza gurekin zetorrela konturatzeko; ez noski, zorionez, itzal baten moduan, mehatxuz edo augurio txarrez, baizik eta gure paseo bera emateko asmoz ateratako auzokidea bailitzan.

Harri batek hemen, zuhaitz edo landare exotiko batek han, mundu honetatik joandako norbaiten izena gogorarazten zigun 5. kaletik gindoazenoi, eta haren lagunek bilatzen zuten mira; aurrerago, Nevadako Gobernuaren eraikuntzaren alboan, legea defendatzen eroritako guardien eta polizien izen zerrenda irakur zitekeen, "Elisondo" bat tartean; museoan, berriz, Black Rock Desert latzean azaldutako mamut fosilaren erreplika ikusi ahal zen, eta animalia gizarajoak duela milioika urte jokatutako lehia larriaren seinale halaber fosildua: lurrean utzitako harramaska multzoa, lokatz putzu batetik atera nahian egindakoa.

Itzuli ginen Renora, eta buila sentitu genuen berriro. Baina umeak ziren orain, garrasika eskolako patioetan, aztoratuta beren soineko luzeekin txit cool sentitzen zirelako, eta denak ere gauaren zain, ohitura baita holako egunez ilunarekin ateratzea eta etxez etxe mehatxuka ibiltzea: trick ó treat!, "goxoa guri, bestela kristalak hautsi!". Ez dute, halere, erronda librea, baizik eta gurasoak orpotik dituztela egin beharrekoa. Izan ere, hala agintzen du legeak -It's the law- eta poliziak kartzelako bidean jar lezake umea bakarrik utzi duen nagusia.

Esperientzia bizi izan duen guztiak dakien bezala, gauza gutxi bihotz-asaldatzaileago umearentzat errondan ibiltzea baino, eta etxeak ezezagunenak baldin badira, eta bide batez beren gutizia -urre meatzarien sukar berbera- ase ahal bada, orduan eta gehiago. Eta holaxe ibili ginen gu ere Reno iparraldeko auzune batean barrena Kate Camino adiskidea gidari genuela, batzuk aurretik eta besteak atzetik; gero eta berotuago umeak, gero eta hotzituago gurasoak. Zeren hotza egin baitzuen Renon Halloween gauean.

Batzuetan, atea jo beharrean gertatzen ziren umeak, baina halere ez zien inork itxoinarazten. Auzo guztiak zain zeuden beren goxoki ontzi handiekin, eta segituan betetzen zizkieten eskuak. Adin handiko pertsonek ere, normalean ohean lo egongo ziratekeenek, barre-iduriz egiten zieten jaramon, baita ate-jotzaileak gaueko hamaikagarrenak izanda ere. Trick ó treat!, eta goxokiak poltsara. Batzuetan, hizketaldi labur bat: "Oso polita kalabazari egin diozun marrazkia!". "Ba ikusi egin behar zenituen nire senarra zenak asmatzen zituenak!"… Euskal Eguberrietan bezalatsu, itxuraz.

Baina hau dena, bizitzaren ertzetan daudenen Halloween gaua, umeena eta zaharrena, alde ekonomikotik sekulako garrantzia duena, ez da jaiaren alde bakarra. Halloween gaua ez da inongo Gabona bezalakoa, eta horretaz konturatzeko nahikoa zen, aurtengoan, zerura begiratzea: hantxe zebiltzan poliziaren helikopteroak bere argi gorriekin; hantxe zekartzan iluneko haizeak bere albiste eta ipuinak: "orain bost urte ume koskor bat bahitu zuten, eta harrez gero ez du inork ikusi"; "behin batez hiru neskatila bortxatu zituzten"; "iaz, orgia batean parte hartzen ari zen mutil bat hil zen alkohola eta drogak nahastu zituelako". Labur, Halloween gaueko seinale batzuek zioten benetako munstroak ere egon zitezkeela eskeleto, armiarma eta urkatuen atzean.

Itzulbidean gindoazen gure goxoki kargamentuarekin eta Kate Camino bere familiako neska batekin gertatu zen. Ez nien hizketaldia erabat ulertu, baina bezperan egindako festa bati buruz aritu ziren, eta han azaldutako party crasher edo "festa hondatzaile" batzuei buruz, eta jendeak pasa zuen beldurraz. Geroxeago jakin nituen, Kate Caminok berak kontatuta, xehetasunak. Unibertsitateko kirolarien festa zela, eta erronka bila azaldutako mutiletako batek pistola atera eta hiru pertsona hil zituela; bera bezalako hiru gazte.

Hurrengo egunean, Reno Gazette-Journaleko lehen orrialdean zetozen hiltzaileen argazkiak eta izenak. Hiltzaile zuzena, Samisoni Taukitoku, 19 urteko samoarra; laguntzailea, adin bereko beste samoarra: Saili Manu. Eraildakoen izenak ere hantxe zeuden: Nathan Viljoen, 23 urtekoa eta unibertsitateko ikasle ohia; Derek Kyle Jensen, adin berekoa eta unibertsitateko ikaslea; Charles Coogan Kelly, 21 urtekoa, munduko onenetakoa bere elur kirolean -world-class snowboarder-, zirkuitu profesionalera pasatzear zegoena.

II

Bukatu da Halloween eguna, eta erretiratu dira hurrengo urtera arte eskeleto, armiarma, urkatu eta gainerako munstroak, eta Estatu Batuetako bide guztiek, orain, Thanksgiving jairantz eraman nahi gaituzte. Laranja koloreko kalabazaren ordez, indioilarra da orain ikur, oilasko munstrotsu bat, erretzeko sei ordu behar omen dituena. Eta geroxeago Santa Claus etorriko da, munstro txintxo bat iduriz, baina eskeletoak, armiarmak eta urkatuak baino siniestroagoa Polar Express bezalako film arraro horietan.

Bada, ordea, aldi batekoa edo sasoikoa ez den munstro bat, denak baino boteretsuagoa, denok bere baitan hartzen gaituena. Izena du Leviatan. Hobbesek Bibliatik jaso zuen izena, eta Estatuaren sinonimotzat erabili. Giza aberearen helburu nagusia bortxazko heriotza ekiditea zela zioen Hobbesek, eta horregatik uzten ziotela gizakiek Estatuari beren autoritatearen zati bat. Modu horretan, noski, munstro bat sortzen zen, ahalguztiduna eta erabat boteretsua, Leviatanen parekoa; munstro ona, ordea, baldin eta Legea ezarri eta bake soziala bermatzen bazuen.

Hemen, Nevadan, Leviatanek dio heriotza zigorra zilegi dela jende zintzoaren defentsarako, eta William Castillok -Halloweeneko hilketa kontatzen duen egunkarian dator- bere biziarekin ordaindu behar duela Isabelle Berndti 1995ean bortxaz kendu zion bizia. Batzuek atzera egin dezan eskatzen diote, eta, egunkariko argazkiak erakusten duenez, Nevadako presondegiaren aurrean bildu eta pankartak altxatzen dituzte: "Bakeagatik gaude hemen, eta heriotza zigorraren bukaeragatik". Baina aski da Leviatanen ordezkariei entzutea bukaera hori atzeratu egingo dela jakiteko. Barack Obamak berak ere ez du kontua bere programaren lerro nagusietan aipatzen.

Samisoni Taukitoku hezur-haragizko munstro bat bezala erne zen gezurretako munstroen artean, eta betiko Heriotza zaharra eman zien hiru lagunei. Bere etorkizuna jakina da orain: hemendik urte batzuetara Leviatanen ordezkariak bila etorriko zaizkio, eta haiek ere ez dira gezurretakoak izango, ez dute txantxetan aipatuko Heriotza zaharraren izena.

 

Astoa eta Euskal Hiria

2007-12-03  ¦  Astoarena

Edward Lear-ek zioena egia bada, alegia ez dagoela izena jartzea baino ekintza poetiko zailagorik, ez zen gutxi nik egindakoa, eta poztu egin nintzen astook ohi dugun moduan, eta bizpahiru saltotxo ere eman nituen bide zidorrean; geroxeago, ordea, zalantza sortu zitzaidan ez ote nuen txirula hura ustekabean jo -hori ere oso gurea baita- eta izenaz haratago joatea erabaki nuen, ideia zabaltzea.

Modu batera edo bestera, hurrengo hainbat hitzalditan hartu nuen gaia aintzat, eta aurren-aurrena eskola publikoaren inguruko jardunaldietan, Bilbon, Burtsa zaharreko eraikuntzan; ondoren, Talaia fundazioak Donostian antolatutako forum moduko batean. Hiriaz ari garenean zer hiru errealitate izendatzen ditugun azaldu nuen haietan, zer hiru gauza den Hiria: gune fisiko bat, aurrena, latinoek urbs deitzen zutena; jendarte edo bizilagunen multzoa bigarren, civitas; azkenez, antolamendu politikoaren aldetik ikusita, polis. Jakina, ez zen nik asmatutako teoria. Ehunka liburutan azaltzen da. Hirigintzako ABC edo katoietan ere bai.

Hiru errealitate horiek gogoan, horrelako edo antzeko lerroak irakurtzen nizkien entzuleei:

"Bonaparteren mapan errepresentatzen den Euskal Herria hiri bat da gaur egun urbs delakoaren ikuspuntutik, edo, bestela esanda, eskualde metropolitano bat. Civitas-en ikuspuntutik ere halaxe da, hiri bat, zeren bertako gizartea metropoliko erritmoan bizi baita, talde eta komunitate desberdinetan banatuta, komunikazio sare konplexu bat eskura duela. Ikuspuntu politikotik, ordea, ukatu egiten da oinarri hori, eta goi-planoan, teoriarenean edo utopiarenean, "nazio bat, unitate politiko bat" dioen XIX. mendeko tradizioan kokatzen dira partiduak, eta Euskadi Independentea ala Espainia Batua aldarrikatzen dituzte; behe-planoan, berriz, egunerokoan, probintzialismoa da Gauza Publikoaren eragilea; XVIII. eta XIX, mendeei dagokien teoria, hau ere. Lurralde historikoak aipatzen dira, baina, setaz jantzita ere, probintzia beti probintzi".

Errazagoa izaten da, noski, gure ideiak ukazio bitartez azaltzea, zer ez genukeen nahi adieraziz, eta gehiago kosta zitzaidan Euskal Hiriaz modu positiboan hitz egiten hastea. Azkenean -ez dira luzeak izaten astoaren saltoak- aurrerapauso txiki bat eman ahal izan nuen Atenasen fundazioari buruzko hainbat interpretazio irakurri ondoren, oso bereziki Sofokleren Ayax tragediari buruzkoak. Esan nuen orduan Euskal Hiriak polisaren tradizioa bereganatu behar zuela, eta etnia zein talde zein gutxiengo guztiak (euskaldunak, erdaldunak, Iparraldekoak, Hegoaldekoak, emigranteak, ateoak, fededunak, homosexualak, heterosexualak, frantximantak, abertzaleak, españolistak, indiferenteak...) elkarrekin eta bakean bizitzeko helburuaren alde jokatu. Alde horretatik, ahalegindu egin beharko genukeela helburu horrekin lotutako gune kultural edo espiritual bat sortzen; legez eta arauez eraikitako gunea, cosmos bat litzatekeena, desberdintasun guztien etxe; Atenas izango litzatekeena, eta ez Esparta.

Behe-planoan, berriz, alde pragmatikoari dagokionez, hiri ororen antolaketa opa nion Euskal Hiriari, hots, gune zentralizatu bat izatea. Gurea bezalako lurralde txiki batean, logikaren eta zentzuaren aldeko pausotzat jotzen nuen, eta jotzen dut, zentralismoa. Edo, kontrako aldetik begiratuta, probintzialismoak, munizipalismoak eta gainerako botere-gune ugari eta paraleloek sortutako labirintotik ateratzeko modutzat.

Zinez, etorkizuneko Euskal Herriaren marrazki orokor hori "Euskadi" zein "España" kontzeptuez at kokatzen zen; Jardiel Poncelaren bromarekin esanda, Euskal Hiria ez zen izango "ez Espainia eta ez Euskadi, baizik eta guztiz bestelako zerbait". Eta, noski, hiru, lau edo zazpi probintziatan banatutako lurralde kontzeptzioak ere alde batera gelditu beharko zuen.

Ez nuen agian hain garbi esan hitzaldi haietan, zeren kosta egiten baitzaio pertsonari -zer esanik ez astoari- buruko pentsamendu nahasiei forma ematea; baina, nolanahi den, zalantza gabea izan zen hasiera-hasieratik ez nituela nik errepideak edo trenak gogoan, ezta euskal gizartean gertatzen ari diren migrazio mugimenduak edo antzeko arazoak ere. Gogoan neukana ideia abstraktuagoa zen, alegoria bat. Aztertu egin beharko zen gero polis mota horrek -Euskal Hiriak- gaur egungo urbsaren eta civitasen antolaketan izan zezakeen eragina.

Bolada aski luze batez lanpetuta ibili nintzen, eta ez nien hitzaldi haiei segidarik eman. Ustekabea ondorenean etorri zen, lanak bukatu eta berriro kaleratu nintzenean: Euskal Hiria politikoen ahotan eta txosnetako karteletan zegoen. Lehenengoek Abiadura Handiko Trenarekin lotzen zuten; bigarrenek ere bai. Alde batera, harrotu egin nintzen pixka bat, zeren ez baikara gure espezieko guztiak Platero bezalakoak edo Francis Jammesek kantatu zituen haien mamikoak, umilak eta, horrela esatearren, Asiseko Frantziskoren leinukoak; bestera, ordea, kezkatu egin nintzen. Izena bai, baina ideia ez zen nirea. Urbs kontuak ziren haiek, ez nik aipatutakoak. Egia Abiadura Handiko Trenaren premia nonbait aipatu nuela, baina iritzi solte bezala, ez bereziki Euskal Hiriarekin lotuta. Euskal Hiria, nire buruan, utopia baten izena zen artean.

Gaiari heldu behar izan nion ostera, baina ez zen argirik izan, baizik eta lardaska. Ez neukan daturik, eta eskatzen nituenean -"ba al dago ikerketa emaitzarik propaganda ez denik?"- orokorkeriak jasotzen nituen. Zenbat gustatu izango zitzaidakeen jende aurrean eseri, 30 orrialdeko txostena zabaldu eta probintzialismoak sortzen dituen desekonomiak eta deskudeaketak zehatz eta mehatz azaltzea!

Esatea, adibidez:

- "Probintzialismoak burokraziaren hipertrofia eragin du, eta Finlandiakoarekin konparatuta hemengoa 17.6 puntu gora dago giza baliabideen aldetik, eta kostuetan berriz 15.5 puntu gora. Kudeaketari begiratzen badiogu, berriz, Finlandiakoaren abiadura 8 mailakoa da; gure artean, 2koa. Esan nahi da egitasmoek, bataz beste, lau aldiz denbora gehiago behar dutela hemen Finlandian baino.

Esatea, baita ere:

- "Probintzialismoak %32 jaitsi du euskal unibertsoaren sinergia. Leku batzuetan, Bilbon kasu, beherakada hori nabarmena da, gune erdalduna baita irrati zein telebista publikoarentzat. Nabarmena da, baita ere, Iparraldearen eta Hegoaldearen arteko harreman kulturalaren ahulezia, bere indizea 3,2tik pasatzen ez dela. Izanez ere, ez da Hegoaldeko eskoletan ezer erakusten Iparraldekoaz".

Baina, zenbakirik aipatu ezinez, nire esperientzia pertsonalera jo behar izaten nuen; bigarren mailako iturri batera, ikuspegi subjektibora. Halaxe egin nuen, kasu, Arizmendiarretaren Oroiteguna zela eta Arrasaten emandako hitzaldi luze batean, eta Ipupomamua izeneko proiektuaren patua azaldu nuen: "Pasatzen naiz batzuetan eraikuntzak egon beharko lukeen larretik, eta hiru ardi ikusten ditut belarrari koxkaka. "Hara hor euskal proiektu bat", esaten diet nirekin gertatzen direnei. Eta nik uste hamaika izango direla horrelakoak, euskal labirinto administratibo- politikoan galduta gelditu diren proiektuak. Abantaila ardientzat, noski".

"Niretzat berriz galera", gaineratu nahi izan nuen, alferrik galdutako hamarka orduak gogoan hartuta; zeren asko izan baitziren idazkiak, bilerak, gutunak, deiak, joan-etorriak. Baina ez nuen karta hori jokatu nahi izan: ez zezala inork pentsa helburua kexua edo lanturua zela, eta ez kritika.

Arrasateko hitzaldian aritu nintzen Euskal Hiriak alegoriaren mailan adierazten zuenaz ere, eta Julio Medemen La Pelota Vasca filmean erabilitako metafora bat berreskuratu nuen, artxipielagoarena. Euskal Herriaren artxipielagotasuna konpontzeko bide bat izan nahi zuen Eukal Hiriak:

"Euskal Herria hamaika uhartetxoz osatutako lurralde bat da. Eta uhartetxoak ez daude beti ondo komunikatuta. Errepasa ditzagun gauden leku honi ematen zaizkion izenak: "Euskadi", "Euzkadi", "Euskal Herria", "Vascongadas", "País Vasco", "Pays Basque", "País Vasco-navarro", "País vasco-francés", "País Vasco-español", "Comunidad Autónoma", "Erkidego autonomoa"…bistakoa da, izen asko dira mapan ikusi ere egiten ez omen den leku batentzat. Gainera, zalantzan jarrita daude denak, alde batetik edo bestetik: batzuek ez dute, kasu, "Vascongadas" sekula esaten, edo umore zakarrez bakarrik esaten dute; beste batzuei higuingarri egiten zaie "Euskadi" aditzea ere...

"Lehen une batean, izen ugaritasunak inguru honetan bizi den jendearen kultur desberdintasuna adieraziko luke, hizkuntzari buruzkoa batez ere; bigarrenean, bere ideologia politikoa. "País Vasco" -edo "País", besterik gabe- esan dezake, kasu, bilbotar erdaldun euskaltzale batek, eta batzuetan, zenbait girotan, "Euskadi" edo "Euskal Herria"; Vitoria-Gasteizeko politikari españolista batek ez ditu, ordea, azkeneko bi izenok erabiliko, ezta, agian, "País" soila ere -"nuestra tierra", "tierra vasca" bai, aitzitik-; nafar abertzale erdaldunenak, berriz, ez luke behin ere "País Vasco-navarro" esango, ezta umore mikatzenarekin ere -umore mikatzarekin, hasieran nioen bezala, "Vascongadas" erabiliko luke-; litekeena da, gainera abertzale nafar batzuek -Nafarroako erresumarekin lotutako ikuspegi abertzale "ez-bizkaitarra" dela eta- "Euskadi" bera ere oso kontuz erabiltzea. Pentsa dezagun, azkenez, Zuberoako nekazari batengan. "Eskual Herria" esango du ia beti, "Pays Basque" bestela. Halako izen mugikortasunak holograma baten tankera ematen dio artxipielagoari.

"Beste era bateko adibideak ere jar daitezke, baina izen ugaritasunak salatzen duena salatuko lukete denek: ez dagoela gure lurraldean gizarte homogeneo bat. Kultur berezitasunak daudela aitzitik, hizkuntza izanik horien artean nabarmenena edo, behintzat, aipatuena: hamaika lehiaren gai (…). Baina kultur berezitasunak hizkuntzaz haratago doaz. Esan beharrik ere ez dago. Ezin da bestela izan desberdintasun ekonomikoak handiak diren lekuetan. Eta halaxe hemen ere. Hemen… edo inguru horietan. Hala esan beharko dut Arizmendiarrietaren espiritua nirekin haserretu ez dadin.

"Euskal Hiria" beste izen bat da; bat gehiago jadanik luzea den zerrendan. Eta, nahiz zerrendako izen nagusiak ordezka ezinak direla jakin, uste dut abantailak dituela haien aldean, ideia, metafora edo utopia emankorra izan daitekeela. Eta aurreneko abantaila, bere egokitasuna kultur dibertsitatearen aurrean. Lurraldetasun mota hau -hiriarena- hobeto egokitzen zaio, nik uste, dibertsitate handiko gizarte bati, eta izan daiteke, ez gizartea erabat aldatzea asmo lukeen utopia heroiko bat, baina bai gizartearen, gure artxipielagoaren, bake soziala, elkarrekiko harreman ona, bideratzeko modua."

XXX izeneko memoria liburu txit interesgarrian, Carlos Garaikoetxeak dio LTH delakoaren aurka egoteagatik etorri zela gehienbat bere alderdiarekiko liskarra eta Lehendakaritzaren uztea, hots, antolamendu politiko zentralizatuagoa nahi zuelako Euskadirentzat. Pentsa zitekeen, beraz, Euskal Hiriaren asmoa ere lerro horretan kokatu nuenez, bukatuko zirela politikari ofizialen aipuak eta, ondorioz, ez hain ofizialen arbuioak. Baina ez zen hala gertatu. Kontrakoa: famatu egin zen izena.

Egun batean, joan ginen familia guztia herri inguruan jarri nahi zuten enpresa kutsatzaile baten aurkako ekitaldira eta, bat batean, hizlariak niregana zuzendu zuen hatza: "¡*Ahí andan algunos hablando de la Euskal Hiria! ¡Pues ahí la tienen*!...". Eguzki taldeko ordezkaria zen, eta astro erregearen indar guztiarekin zuzendu zitzaidan. Bazirudien ni neu nintzela gas toxikoen ekarlea eta ur zikin eta kirastuen abokatua.

Astooi kosta egiten zaigu gure belarrien mugimendua kontrolatzea, eta halaxe gertatu zitzaidan orduan ere, dardarizoekin bezala jarri zitzaizkidala hitz haiek entzunda. Inguruan neukan jendea -familia, auzoak, herritarrak- erne zegoen zain, zer gertatuko ote zen, zer erantzungo ote nion.

Baina ez zen ezer izan. Zenbat gustatu izango zitzaidakeen, orduan ere, 30 folioko txostena eskura edukitzea! Erakustea, daturik datu, Euskal Herrian gaur dagoen botere partiketagatik eta antolamenduagatik gertatzen zirela halakoak! Nahikoa zela, alegia, organigrama labirintikoan ondo kokatutako politikari, burokrata eta enpresario taldexka bat zeinahi faktoria indeseable erreserba ekologiko batean eraikitzeko. Ez al zuten hura bezalako izaki eguzkitsuek joan-etorririk egiten Iparraldera, eta konturatu in situ hirigintza zentralizatuak paisaian dituen ondorioak? Ala, zer pentsatzen da, Hegoaldeko etxe eta auzune anabasa -eta zarateria, eta zikintasuna- gizabanako gaizto batzuen eragin hutsa dela? Kapitalismoaren errua? Baina ez zen txostenik, ez zen daturik, eta gainera ez nuen uko fuertean hasi nahi; ez familiaren, auzoen eta herrikideen aurrean.

Sartu zen eguzkia azkenean, eta bukatutzat jo zen bilkura. Hartan, nire herritxuko alkatea ikusi nuen niregana egiten, eta ikaratu ere egin nintzen ez ote zidan kargu hartuko: "Irazu, a mí no me pongas fábricas en Úrbia". Baina bestelako kezka zekarren berak. Esan zuen, niregana tinko begiratuz: "Irazu, ¿qué te pasa en las orejas, que se te mueven tanto?". Herentziako gauza zela erantzun nion, ezer kezkagarririk ez.

Raymond Radiguetek nobela batean dio aukera eman ziotela katu bati kortxo bat isatsari lotuta eraman bizitza osoan, ala aingura bat eraman urtebetez. Eta katuak aingura aukeratu zuela, kortxoak, denborarekin, aingura baten enbarazu berbera egingo ziolakoan.

Karga gehiago eraman dezakegu astook katuek baino, baina Euskal Hiriari buruzko erreakzioa astun egiten hasi zitzaidan; nire belarrien mugimendua, gaitz kroniko.

Beste modu batera pentsatzen hasi nintzen. Ikasi nuen azkenean lehendik askok zekitena, ekonomikoki ondo dauden gizarteetan oso antipatikoa suertatzen dela problemen aipamena; harrokeriatzat hartzen dela -"horrek ze uste?u!"- edota edukazio txarreko zerbait bezala. Azken batean, arazoei buruzko eztabaidak afari goxo baten osterako utzi beharko lirateke -"mundua konpontzeko" une aparta baita hori-, eta, hortik aurrera, espezialisten esku. Edo bestela, azken aukera -alternatiboek eta iraultzaile intermitenteek ondo dakite hau- apaingarri gisa erabiltzeko. Zer esan? Agian egia handi bat ezkutatzen da ergelkeria guzti horren azpian. Jainkoak zuzen idazten omen du gizon-emakumeen lerro okerretan.

Labur, Lekuak izeneko liburu batean bildu nituen nire gogoetak. Gainera, azken hitzaldi bat prestatu nuen gaiaren inguruan, Otra mirada, gune honetan bertan aurki daitekeena. Besterik izango denik, ez zait iruditzen.

------------------------------------------------

PD. Duela gutxi, literatur sari baten zeremonian, Euskal Hiria aipatu omen da berriro. DV digitalean irakurri nuen: "En los comentarios que los diferentes críticos literarios han hecho de la recopilación de cuentos Euskal Hiria sutan, han remarcado la referencia que se hace a ese término de Euskal Hiria, acuñado por Bernardo Atxaga. Ya en el primer cuento del libro, aparece una pancarta con estas expresiones: Euskal Hiria: kapitalismoaren joko taula berria. Txikizioa gelditu. AHTrik ez (…) Frente a esa idea de Atxaga, en este libro de cuentos aparece un territorio en el que la diosa Hipocresía reina a su antojo, según la crítico Iratxe Retolaza, y en el que nadie es capaz de comportarse con lealtad".

Ez da bakarrik belarriak mugitu egiten zaizkidala; hegazkin baten helizeek bezala egiten didate jira. Laster naiz airean.

¦ Erantzun bat
 

Bi gau amerikar

2007-11-19  ¦  Nevadako egunak

King Kongek badaki zer den gogorkeria, suge erraldoia eta dinosauro ankerra ez ezik hainbat gizon hil baititu irlan eta hainbat neskatila bahitu urterik urte; baina oihanetik kanpo ez du ezer ulertzen. Harrigarria egiten zaio paparreko odola, ez baitaki zer diren balak, eta aparteko lehiakortasunik gabe ahalegintzen da hegazkinen aurka. Harrapatzen du azkenean bat, eta botatzen du lurrera; baina ez du horregatik atsedenik. Beste hegazkinek tira egiten diote berriro.

Balantza egiten du King Kongek halako batean, eta huskeriagatik lortzen du Empire Stateko orratzari helduta jarraitzea; nabari da bere amaiera hurbil dagoela. Une horretan, negarrez hasten da pantailari begira dagoen pertsonarik gazteena, zazpi urteko umea. Isilik aurrena; nabarmenago segidan. Filma bukatu arte, halaxe segiko du. Soinu-bandaren osagarri bat bihurtzen da bere negarra.

King Kongek bere nobleziaren froga bat ematen du azken unea iritsi dela konturatzen denean: Empire Statetik amildu aurretik, azken ahalegina egin eta salbu uzten du bere maitea, atzaparrean duen neska. Amildu egiten da gero, eta bere gorpua kalean abaildua ikusten dugu. Norbaitek dio ez dutela hegazkinek hil, bere maitasunak hil duela. Hor bukatu da filma. Ez ordea umearen negarra. Zabal egiten du orain negar, bihotz-begietan.

Ez dago kontsolatzeko modurik, eta beste alde batetik saiatzen gara: "Bai, min egiten diote; baina berak ere min egiten zuen. Konprenitu behar duzu hori". Umeak ere bere ikuspuntua azaltzen du zotinka: "Bai, baina berak nahi gabe, eta besteek nahita!". Alferrik da, azken puntura iritsi gara. Mab erreginak ekarriko dizkio agian amets eztiagoak ohera, eta biharkoa beste egun bat izango da.

II

Gaurkoa beste egun bat da, eta McCarran eta Northtown kaleen arteko gune komertzialean gabiltza Halloween jairako jantzi makabroen bila. Iluntzean, zazpiak aldera, sartu erosketak autoaren maletategian eta bagoaz denok Tacos kateko jatetxe batera, hantxe bertan, McCarranen gain batean.

Burger King?s moduko lekua da Tacos, eta ez du beste berezitasunik fast food delakoa mexikar kutsukoa izatea baino. Sukaldea agerian dago, eta han ari dira lanean nekatu itxurako gazte batzuk, gehienak neskak, gehienak hispanoak. Guztira, hamar mahai izango dira jatetxean, eta egia esan ez dira gehiago behar: bezero gehienek autotik jaitsi gabe, leihatila batean hartzen dute afaria; beste hainbatek plastikozko ontzietan eramaten dute sartu-atera bat egin ondoren.

Gure umeek hala nahita, gazte handi baten ondoan eseri gara. Hispanoa da bera ere, eta izugarri handia: 150 kilo izango da, eta hamarren bat zentimetro faltako zaizkio bi metrorako. Aparteko gorputz horren gailurrean, burua polita du: bola beltzaran bat, zeharo borobila.

Eseri orduko eskuak zikinduta dauzkadala konturatu eta komuneraino noa, hamabost pauso zuzen. Baina itxita dago, eta mahaira nator berriro, ez oso konforme. Ume batek dio zikin hura ez dela benetako zikina, baizik eta Halloween jairako makillaje hautsen baten arrastoa, eta afaltzeko lasai, ez zaidala ezer pasako.

Bete dira bost minutu, eta sukalde aurreko mostradoretik pasa beharra daukat dagokigun janaria hartzera. Badaezpada ere komuneko ateraino desbideratzen naiz: alferrik, itxita jarraitzen du. Hamar segundo geroago, areagotu egiten da nire konformetasun eza, oso zikina baitago, koipe eta saltsa kutsuarekin, mostradoreko tontorretik hartzen dudan bandeja. Janariarekin etorri zaidan neskari erakusten diot, "zer da hau?" esanez bezala, eta berak garbi bat ematen dit segituan.

Familiakoak jaten hasi dira, baina nire eskuak lehen baino zikinago daude eta gainera norbait berri ikusten dut mahai artean, txalekoa eta cowboy alkandora daramatzan gizon fin-fina. Hura egongo zela komunean pentsatzen dut, eta han noa nire esku zikinekin. Asmatu egin dut: amore eman du maratilak.

Bainugelan berealdiko kuntza dago, eta harrigarriena da zenbat paper dauden lurrean barreiatuta: konketaraino hurbiltzeko ia ezin dut lur soilean oinetakorik jarri. Kontu handiz garbitzen ditut eskuak, premiazkoa dena bakarrik ukituz. Ateratzerakoan, buzoi tankerako zakarrontzi bat lurrean botata dagoela ohartzen naiz.

Jende mordoxka bat sartu da lokalean, eta lerrokatuta jartzen dira denak sukaldeko mostradorean, bi polizia haien artean. Nabarmendu egiten dira, noski, beren uniforme urdin ilunekin eta beren pistola sendoekin, baina ez inor arduratzeko adina. Aitzitik, lasai eta apal daude, elizatxo batean funtzio bat entzutera etorri izan balira bezala. Baina, luze gabe, mugitu egiten dira, eta janaria ontzietan sartzen ari den neskarengana hurbildu. Neskak kide bat seinalatzen du, gazte handiarekin hizketan aritutakoa, eta honek ere seinalatu egiten du, baina kanporantz. Nik diot arazoren bat egongo dela gaizki aparkatuta dagoen autoren batekin, eta nola utzi ote dugun gurea. Ondo utzi dugula gogorazten didate.

Poliziak kanpora doaz presa handirik gabe, eta aldaketa bakarra, elizatxoa ematen duen gure jatetxe horretan, gazte sendoak ipintzen du. Altxatu bizi-bizi, jo sukaldeko aterantz pisuak galarazten ez dion arintasunez, eta hizketan hasi zaio neskari. Baina, esan ohi den bezala, gogor horietakoa da neska. Ehun kilo kenduko dizkio mutilak, burua eta gehiago garaieran, ez du bere gerriak haren lepoaren buelta izango; halere, modu displizentean erantzuten dio, jendearentzat janari-ontziak prestatzeari utzi gabe.

Lokala hutsik gelditu da. Ez dago ilararik sukaldeko mostradorean, joan egin dira mahaietan zeudenak, gazte handia eserita dago bere telefonoari begira. Ez da ezer entzuten, ezta sukaldean ere, bake-bakean dago dena. Gure umeak komikiak irakurtzen ari dira.

Jatetxean daude ostera lehengo bi poliziak eta hirugarren bat, eta beren ohizko lasaitasunarekin hurbiltzen dira komunera. Begiratu bat eman, eta mostradoreko neskarengana jotzen dute. Esplikazio baten bila, bainugelan ikusitako kuntza aipatzen diet etxekoei, eta bandejaren zikintasuna. Norbaitek deitu egingo ziola poliziari lokalaren higiene eza salatzeko. Burura, aparteko arrazoirik gabe, txalekoa eta cowboy alkandora zeramatzan gizon fin-fina etortzen zait.

Gazte handia altxa egin da, eta hiru poliziekin eta neskarekin dago orain. Hitz egin dute une batez, isilka orduan ere, elizatxo batean bezala, eta gazte handia eta bi polizia kanpora doaz. Hirugarren polizia barruan geratu da, neskarekin. Neskak sukaldea seinalatzen du oraingoan.

Gure ume zaharrenak kanpoan gertatzen dena ikusi du leihotik, eta dio: "Poliziak plastikozko zorro txiki bat bota du autoaren gainera". Zorroak zer edo zer badaukan galdetzen diogu, eta berak "azukrea edo holako zerbait" daukala erantzuten du. Azkar ikasten dira zenbait gauza: badaki ez dela azukrea, edo gatza, edo irina. Droga izango dela esaten diogu.

Ireki dugu jatetxearen atea kanpora ateratzeko eta gazte handia bertan daukate, eserita espaloiaren koskan, esku biak atzean eta burdinekin lotuta. Postura dela eta, garbi ikusi ahal da orain bere tatuajea, kokotean hasi eta bizkarrerantz hedatzen zaiona. Hiru poliziak inguruan daude. Ez gaituzte agurtzen, normalean bertatik bertara egingo luketen bezala.

Hamar-hamabi bat auto zuri-beltz daude aparkamenduko irteeretan eta zoko guztietan, eta haien artetik pasatuz ateratzen gara McCarranera. Ume txikienak galde egiten digu kartzelara eramango ote duten. Ondoren, zenbat denborarako eramango duten jakin nahi du: "Hilabete baterako?". Guk badakigu Nevadako legea oso gogorra dela droga delituekin, eta urteak izango direla, baina ez diogu erantzun garbirik ematen. Dio ume zaharrenak: "Nik uste hauts gutxi zegoela zorroan, eta segituan aterako dutela kartzelatik". Bezperan King Kongez bezala, gupida hartzen dute gazte handiaz.

Logelako ilunpean hausnarrean ari naiz, eta berriro ere txalekoa eta cowboy alkandora zeramatzan gizon fin-fina etortzen zait burura. Inondik ere, polizia zen, eta berak zilipurdikatu zuen bainugela droga zorroaren bila. Baina ordurako auto zuri-beltzek inguratua zeukaten Tacos jatetxea. Beraz, segitu egin zioten gazte handiari, edo bestela -bururatzen zait- bere telefonoari segitu zioten. Gainera, gazte handiak bazekien poliziak atzetik zituela, horregatik gorde zuen droga neska displizentea -familiakoren bat?- lanean ari zen jatetxean.

Ez dut argi ikusten auzia, baina ez dit ardura. Thrillerrek edo polarrek traszendenteak ematen zuten garaia joana dagoela iruditzen zait. Benetako misterioa, gaur egun, umeek nabarmendu duten hori da, moralarekin lotutakoa: Zer harreman egon beharko luke gupidaren eta justiziaren artean? Mundu honetako justizia nemesis-etik, mendekutik, abiatu zela gogoan hartuta, noraino jo behar du gizarteak bere defentsan? Zer egin behar du hiriak King-Kongekin?

Galderak jiraka dabilzkit buruan, gela ilunean errainuak bezala. Esperantzarik gabe hartzen dut lo: ametsetan azaltzen den Mab erregina horrek ere ez du asmatuko. Errainuak zehaztapenik gabe geratuko dira.

 

Texaco gasolindegia (eta III): bigarren oroitzapena

2007-11-05  ¦  Nevadako egunak

"Aurreneko tartea, nonbait, garai bateko tren txikiaren bidetik egin behar zuen, eta handixe abiatu zen. Bigarren tunelera iritsi zenean, oso tunel estua eta luzea, pausoak entzun zituen, kontrako norabidean zetorren norbaitenak. Izan ere, pausoak asko entzuten dira tunel horietan, erresonantziagatik eta lurra harri koskorrez betea dagoelako.

"Gurutzatzera zihoazenean, mendigoizaleak agurtu egin zuen ezezaguna: "Egun on!". Erantzuna marru bat izan zuan, eta pauso zalaparta bat, iheska zihoan hartzarena. Zeren hartza baitzen tunelaren bestaldetik zetorrena. Tolosako mendizaleak ere korri egin zuen, erorika, eta behin tuneletik kanpo hurbileko baserri bateko atea jo eta barrura pasatzeko mesedea eskatu zuen. Baserritarrek, lasaitzeko eskatu, eta kafea prestatu zuten denontzat. "Erori ere egin naiz eta eskuak garbitu nahi nituzke", eskatu zuen mendizaleak. Eta baserritarrek bainua non zegoen erakutsi. Ari zen eskuak garbitzen bere burua ispiluan ikusi zuenean: ordubete lehenago beltz-beltza zen ilea zuri-zuria ikusi zuen. Ez zen ispilu gaineko bonbillaren efektoa, baizik eta tunelean sentitutako izuaren ondorio zuzena".

 

Texaco gasolindegia (II): Oroitzapen bat

2007-10-30  ¦  Nevadako egunak

"Kalte handiak egiten ari zen hartza -jarraitu zuen gizonak-, eta taldeak osatu eta haren bila abiatu ginen gutxienez hogeita hamar gizon, nor bere eskopetarekin eta postako kartutxoekin. Astebete egin genuen basoz baso, eta batzuetan haren oinatzak aurkitzen genituen, edota haren gorotza; bagenekien beraz ez zela Asturias edo Palencia aldera joana; baina hartza bera ez zen inon ageri. Bildu ginen orduan talde guztiak eta ehiza uztea erabaki genuen. Ezinezkoa zen jarraitzea, ezin genuen ganadua zaintzeko lana emaztearen edo seme-alaben gain utzi.

"Ez zen inor erabakiaren aurka atera, edo hala ematen zuen; baina herrirantz abiatu ginenean gutako bat atzean gelditzen zela ikusi genuen. Gabriel zuen izena. Mutilzaharra zen, ehiztari amorratua. Hirurogei urte ez zituen urruti ibiliko. "Segi zuek", esan zigun. Eta mendian gora jo zuen eskopeta bizkarrean hartuta. Gu behera, eta bera gora.

"Hasiera batean egoten ginen erne eta mendietara begira, baina, behin ere ikusten ez genuenez, aspertu egin ginen talaian egoteaz, eta ardura galdu genuen. Andrerik edo seme-alabarik izan balu, haiek egingo zuten hotsa; baina haien ezean isilik zegoen kontua. Ostatuan aipatuko zen, noski; baina zer kontu ez da aipatzen ostatuan? Ostatuak horretarako daude.

"Ganadu askorik ere ez zuen Gabrielek, eta hura auzokoak gobernatzen zuen. Aldian behin, auzo hark Gabrielen aztarnak aurkitzen zituen etxe atarian. "Bi zakurrak eraman ditu", esan zuen egun batean. Eta beste batean: "Gaur goizean goiz bost edo sei tiro entzun ditut etxe atzeko mendian. Asmatu badio, laster dugu hemen". Baina ez zen haren arrastorik izan, ez egun hartan eta ez hurrengoan. Ez da hain erraza hartza botatzea; zabaltokietan, beharbada, baina gureak bezalako baso itxietan, zaila.

"Hartza eta Gabriel elkarren arrastoan ibiliko ziren. Gabrielek ikusiko zuen haren gorotz egin berria eta esango zuen: "Hemen da!". Eta gauza bera esango zuen hartzak Gabrielen izerdi usaina sentitzean: "Hemen da!". Nolanahi dela ere, ez ziren herrira jaisten. Esan nahi dut hartza bera ere ez zela jaisten, eta ez zuela gure ganadua hiltzen. Zuhur zebilen hura Gabriel bere atzetik sentituz.

"Negua, paraje haietan oso gogorra, hurbiltzen ari zen, eta maizago joaten ginen herriko ostatura. Eta ostatuan, agian luze iritzita geundelako, berritu egin zen Gabrielen kasua, eta kontu nagusia ere bihurtu zen. Batzuek zioten laster geldituko zela hartza lo, hotzaldia gainditzeko, eta orduan ikusiko genuela Gabriel. Bestela, jaisten ez bazen, jaitsarazi egin beharko genuela, eta bolada bat pasa beharko zuela manikomioan. Beste batzuek, berriz, hala zioten: "Hori ez da itzuliko hartzik gabe".

"Bigarren ustekoek izan zuten arrazoi. Iluntze batean, ostatuan geundela, oihuak sentitu genituen atarian, herriko andre batenak. Bere senarrari deitzen zion atera zedin. Eta, senarra ez ezik, denok atera ginen. Aurrena, ez nuen ezagutu, hain zegoen flakatua eta desitxuratua; baina bera zen, Gabriel. Kartutxo-zorroa gerrian, eskopeta bizkarrean, ostaturantz zetorren lera bati tiraka. Leraren gainean, ahoz behera, hartza zegoen. Deia egindako andrea eta hamarren bat bizilagun haren atzetik zetozen, aurreraka okertuta eta begiak animaliarengan zituztela.

"Batzuek lagundu nahi izan zioten lerari tiratzen, baina Gabrielek keinua egin zien eta uxatu. Geroxeago, lera ostatuko ezkaratzean sartu zuenean, laguntza eskatu zuen beste keinu batekin, hartza jiratu egin behar zela. Hirurehun kilo izango zen animalia, eta, halere, hainbeste izan ziren heldu eta tira egin ziotenak, segituan utzi zuten ezkaratzeko sabaiari begira. Begi bat erdi itxia zeukan, bestea zabalik. Hortzak ez zitzaizkion ikusten, baina betortz bat aterata zeukan, zintzilik bezala. Kokotza eta lepoa dena bustita zeuzkan odolez.

"Ezkaratzean gelditu ginen denok, kabitu ezinik herriko jende guztiak hara jo zuelako, baina hala ere handik alde egiteko gogorik gabe, hartzari begira. Halako batean, herriko gazte batek bultza egin zion beste bati hartzaren gainera izu bat ematearren, eta bospasei gizon builaka hasi zitzaizkion bromagatik, eta sekulakoak esan zizkioten. Ez zegoen inor haserre, baina gazteak atzamar bat mugitu izan balu sekulako jipoia eman izango zioten.

"Sartu ginen berriro ostatuan, eta etxeko andreak kafea egin zuen denontzako, hartzen ari ginena kikaretan hoztuta zegoelako. Gabrieli eskaini zion aurrena. Eserita zegoen bera bakarrik, eskopeta mahai gainean utzita, eta zigarro bat erretzen ari zen, bosgarrena edo seigarrena hautsontziaren arabera. Eskuan pattar kopa bat zeukan. Ez zion erantzun andreari; zinez, ez zion inori erantzuten. Batzuek oihu egiten zioten: "Haundia haiz, Gabriel!". Baina bera isilik. Ez zuen hitz egin nahi, edo ezin zuen. Batzuetan, barriduri egiten zigun, eta denon gainetik jartzen zen. Bere aldean ezer ez ginela pentsatuko zuen.

"Auzo batek eskua luzatu zion ostatutik alde egiterakoan, eta Gabrielek bostekoa eman zion. Agur hura onartzen zuela ikusita, gauza bera egin genuen han geunden guztiok. Nik eman nionean harritu egin nintzen: hezurra eta azala zen. Halaxe edukiko zuen noski aurpegia ere, baina bizarragatik ez zitzaion igartzen.

"Hurrengo goizean, Gabriel hilda aurkitu zuten ostatuko mahai hartan bertan. Nonbait ez zuen gauean etxera erretiratu nahi izan, eta bertan utzi zuten pattar botilarekin eta bi zigarro paketerekin. Ostatuko andrea konturatu zen aurrena, kafearen makina piztera joan zenean, eta hark pasa zuen abisua. Botila ia hustuta omen zeukan, eta zigarro pakete oso bat erreta.

"Hartza berehala eraman zuten herritik, eta uste dut disekatu egin zutela. Zakurrak, berriz, Gabrielek basora eramandako bi haiek, astebete geroago azaldu ziren herrian, bat herrenka, eta bestea belarria txikituta. Baina sendatu egin ziren biak, eta herrian ibili ziren luzaro zakur abandonatuak bezala norbaitek tiro bana eman zien arte".

Madrilera iritsi ginen. Leonera jarraitu behar zuten haiek, hartzaren kontaera egindako gizonak eta bere bidaia-kideek; nik, berriz, Euskal Herrira. Agur esan genion elkarri geltokiko nasan. Lagun gelditu ginen denok, eta pena bakarra daukat orain: gizon haren izena ez gogoratzea.

 

Texaco gasolindegia (I): Iragarpena kanpusari 2007ko irailaren 12an

2007-10-29  ¦  Nevadako egunak

Unibertsitateko Poliziak jakinarazi nahi dizu bi hartz ikusi dituztela kanpusean 2007ko irailaren 12ko goiz orduetan. Azken adierazpenaren arabera, hartz bat ibili da Virginia kaleko Texaco gasolindegiaren inguruan goizeko zazpiak hogei gutxi aldera.

Horrelako animaliarik ikusten baduzu, otoi EZ HURBILDU. Deitu 911ra. Gogoan hartu beste oharrok ere:

— Ez saiatu “hurbileko so” bat egiten.

— Hartza ez zokoratu.

— Bi lagun edo gehiago izanez gero, inpresio handiagoa egingo duzue elkarren ondoan egonda.

— Hots handiak egin, deiadarrak eta beste.

— Ez izan begi kontaktorik ahal dela, hartz batzuek mehatxutzat hartzen baitute hori.

— Ez jiratu eta ez korri egin.

Gogoratu: animalia horietako bat ikusten baduzu, otoi EZ HURBILDU. Deitu 911ra.

Jarraituko du

 

Bihotz oneko bi astotxo

2007-10-24  ¦  Astoarena

Bihotz oneko bi astotxo
(Bilbo, 1972)

Ekonomia ikasketetako laugarren urtea ez zen bigarrena edo hirugarrena bezain zaila, baina, halere, Econometria eta Hacienda gaiengatik batez ere, denbora asko eskatzen zigun. Ikasi beharrekoak gogoan, Antton Soroa izeneko kide bat eta biok zalantzan jarri ginen Robinson Crusoeren egokitzapen bat gaztelaniatik euskarara itzultzeko proposamena egin zigutenean. Izan ere, susmatzen genuen lanaren larria; alfabetatu berriak ginen, ez geneukan inolako esperientziarik itzulpen kontuetan, erabili genezakeen hiztegi bakarra Mujikarena zen. Gainera, ez zen agintzen ordainik, edo huskeriaren bat. Merezi al zuen zama hura gainean hartzea? Bihotz oneko astotxoak ginen, eta baietza eman genuen azkenean. Argitaletxearen izena: Cinsa.

Antton Soroa Deustuko pentsio batean bizi zen, eta hantxe ekiten genion biok Robinson Crusoeren bakarrizketa laburtua itzultzeari; larunbat eta igande askotan ere bai. Lana uste baino etsigarriagoa zitzaigun: kanpoan euria ari zuen beti; guri gustatzen zitzaizkigun neskek beste mutil batzuekin hartzen zuten kafea Artean edo Itxasgane-n; itzulitako orrialdeen kopuruari ez zitzaion koskarik antzematen aste batetik bestera. Batzuetan, krisiak izaten genituen, esate baterako esaldi gaiztoren batekin topatu eta harekin bueltaka ordubete pasatzen genuenean, noiz eta Econometriaren partzialerako bost egun falta zirenean, edo hasi gabea geneukanean zeharkako zergei buruzko lana, hainbat puntu balio zuena. Baina gure krisi haiek ez zuten ondoriorik izaten. Haien muinean, Antton Soroak arkatza hartzen zuen berriro: "Segittu egin beharko diagu", esaten zuen. Arkatzez idazten genuen, errazagoa zen zuzenketak egitea.

Ekaineko azterketak hurbildu zirenarekin batera, Cinsa argitaletxeko arduradunak presa sartu zigun: bazela liburu azoka bat Durangon, abenduan, eta ordurako argiratu nahi zuela Robinson Crusoe laburtuaren itzulpena. Ez dakit umeak aipatu zituen, alegia garrantzizkoa zela liburua orduan ateratzea gero eskoletan, ikastaroan zehar, umeek euskaraz irakur zezaten; baina baiezkoan nago. Horrela esatearren, gu jaten ari ginen menuari ez zitzaion platera bakar bat ere falta.

Amaitu genuen, begizulo galantekin, Ekonomiako laugarren kurtsoa, eta entregatu genuen, atzerapen apur batez, oporretako aste pare bat zuzenketei eskaini ondoren, Robinson Crusoeren bertsio berria, ia esistentziarik gabeko euskara batuan jarria. Gero, Erronkarira joan ginen bi itzultzaileok eta beste lagun batzuk, eta, tarteka, hango euskara jasotzen ahalegindu ginen Antton Soroak -bere diruarekin, ez itzulpenaren ordainarekin- erosi berria zuen grabagailuan. Erronkarin eta Saraitzun ez zela euskararik zioten askok orduan, edo, zehatzago -txistea dirudi-gorreria zeukan Isabako andre adindu bat zela hango euskaldun bakarra; guk, hamar ibileratan, bi pertsona aurkitu genituen erri konetan eta etxaugik kona ederki asko ebakitzen zutenak, bata Espartzan eta bestea Uztarrotzen. Zinta oso bat grabatu genuen haien kontuekin.

Egonaldiaren azken egunean, Otxagabian, Kanbra euskalzalearen dendan, Eustakio Mendizabal "Txikia" ikusi genuen egunkariaren lehen orrialdeko argazki batean, tiroz abaildua. Handik egun batzuetara, itzuli eta Donostian nenbilela, ezagun bat hurbildu zitzaidan, eta dena "kontrolpean" zegoela adierazi; Txikiaren hilketak min handia egin zuela baina ez zela erreakzio itsurik izango. Halakoxe garaiak ziren, dena nahasten zen.

Bosgarren kurtsoa erraza zen, eta denbora hartu nuen Durangoraino iritsi eta Cinsaren postua bisitatzeko. Han ez zegoen, ordea, Robinson Crusoeren alerik. Galde egin nion argitaletxeko arduradunari, baina, erosle asko baitzeuzkan inguruan, ez ninduen aintzat hartu. "Noiz atera behar du?", ekin nion, jende artean egin berria zen zirrikitu bat aprobetxatuz. Arduradunak erantzun egingo zidala iduri izan zuen, baina hurbildu zen norbait liburu baten prezioa galdetzera eta aho bete hortz gelditu nintzen, eta gainera zirrikiturik gabe.

Hiruzpalau hilabete geroago atera zen liburua, 1975ean. Ikusi baino lehen, Xabier Kintanak jarri gintuen jakinaren gainean: argitaletxeko arduradunak ez zuela zuzen jokatu, eta, liburua hobeto saltzearren edo, bere izena jarri zuela liburuaren itzultzailetzat. Alde batera ulergarria iruditu zitzaigun: Xabier Kintana txit ezaguna zen orduan ere euskararen munduan; gu, berriz, ostera esanda, bihotz oneko bi astotxo baizik ez.

Xabier Kintana oso penatuta zegoen, eta ohar bat argitaratu zuen Anaitasuna aldizkarian egiarekin. Itzulpena Antton Soroarena eta biona zela, eta berak ukitu batzuk baizik ez zizkiola egin testuari. Estimatu genion orduan, eta estimatzen diot orain: ohar hura da guk egindako lanaren agiria bakarra. Ez da besterik.

Astotxo itzultzaileen lan hura
(Reno, 2007ko urria)

Aurrean daukat Antton Soroak eta biok egindako itzulpena. Argitalpen bitxia da, benetan. Arduradunak itzultzailetzat jo zuen Xabier Kintanaren izena azalean dator eta letra txit handietan. Azalaren eta kontrazalaren ostean, berriz, bi euskal bankuren publizitateak hartzen du hutsune guztia, papera ederki aprobetxatuz eta, esan genezake, errespetuzko orriekiko errespeturik gabe. Bestalde, marrazkiak zatarrak dira, eta papera ere bigarren mailakoa, kolore zuri makalekoa. Letra, handiegia, liburua ahalik eta gehien loditzeko asmoz aukeratutakoa. Azkeneko bospasei orrialdeak hiztegi batek hartzen ditu.

Orriak arrapaladan pasa eta Poll papagaioaren pasarteraino joan naiz. Irakurri egin dut:

"Egia esan behar bada, bakartateko ordu amaigabeak laburragoak egiten laguntzen zidaten entretenigarri batzuk ere banituen. Lehen aipatu dudan bezala "Poll" izendatu nuen papagaioak hitz egitea lortu nuen eta bera entzuteak poz kontsolagarri bat ematen zidan. Hogei eta sei urtetan eduki nuen, bainan ez dakit zenbat iraun zuen bere biziak. Brasilen ehun urte eta gehiagora ailegatzen direla aseguratzen dute. Batzuetan, "Poll"-ek irlan jarraikitzen duela pentsatzen dut, sekulan ahaztuko ez dudan doinu bizi eta bereziarekin deituaz: Robinson! Robinson! Noski, ez nuke nahi bakartate leku hartara inor ailegatzea galdera honen ihardespena ekartzeko, zeren hori gertatuko balitzaio, zoritxarreko bidalariak papagaioa entzutean, Satanas berbera entzuten ari litzatekeela uste izango bailuke".

Norbaitek agian interesgarritzat joko du gure itzulpenaren historizitatea. Zoritxarrez, gaztelaniatik aritu baikinen, eta bertsio laburtu batekin, ezin da kontrastatu Aintzane Ibarzabalek egindakoarekin - Robinson Crusoe, Ibaizabal, 1998- eta alde horretatik ere ez du beste munduko interesik. Nolanahi den, funtsezkoa garbi dago: irakurleak Aintzane Ibarzabalen itzulpena hartu behar du dendan, eta gurea, berriz, dendan balego, ezkutatu.

¦ Erantzun bat
 

Reno, munduko hiri txikirik handiena

2007-10-20  ¦  Nevadako egunak

Reno, munduko hiri txikirik handiena

Bizitza antolatzeko orduan, 80. autobidea eta 395a dira hiriaren ardatz, eta baita azken honekin ia paraleloan doan Virginia kale luzea ere, bost milia edo izan behar dituena. Lehenengo begiratuan, aireportutik unibertsitatera zoazela, supermerkatu, mall eta era guztietako denden kopuru izugarri handiak harritzen zaitu. Renok 150.000 bizilagun dituela irakurri duzu; gero, iristean, Sparksekin batera 300.000 direla jakinarazten dizute; halere, milioi bat pertsonarentzako azpiegitura komertzialtzat joko zenuke ikusten duzuna. Hurrengo egunetan, lehen erosketa egitera zoazenean, eta berrogeita hamar pasillo inguru izango dituen supermerkatu batera sartu -Wal-Mart-era, kasu- irudipen hori indartu egiten da. Kontsumoak, hemen, Europako zeinahi tokitakoak baino bi edo hiru aldiz handiagoa izan behar du proportzioan.

Gogora etortzen zait, kontu hau aipatu dudala, Abraham Lincolnen baieztapen delako bat, Bilboko Ekonomia Fakultateko katedratiko batek estudiante berriei urtero aipatzen ziena: "Nik ez dakit ezer ekonomiaz, baina hauxe badakit: estatubatuar batek hemengo sagar bat penike batean erosten duenean, biak, penikea eta sagarra, Estatu Batuetan geratzen direla". Gure irakasleak -jakituna zen, eta ez zitzaion dohain histrionikorik falta- besoak zabaltzen zituen modu solemnean: "Jaunak, Abraham Lincolnen esaldian aurreneko hitzek bakarrik diote egia. Ez zekien ezer ekonomiaz". Guk barre egiten genuen, eta orain ere barregura ematen dit aspaldiko eszenak. Baina, esanak esan, barne eskaerak eragin izugarria izan behar du Estatu Batuetako ekonomian, eta gustatuko litzaidake irakasleak arrazoi zuenetz jakitea. Zoritxarrez, ezin diot berari galdetu, itsas kirola egiten ari zela hil baitzen Laredon orain hogeiren bat urte.

Hurrengo asteetan, Wal-Mart bezalako supermerkatu handi horietako batean zabiltzala, ohituago, miraria erdizka egin dela konprobatzen duzu, hots, ogiak biderkatu egin direla eta zaila dela, ehun mota artean, bat aukeratzea; aitzitik, arrainak urri jarraitzen duela, Europako legatz, olagarro, hegaluze, mixera eta gainerakoak hurbilduko dituen profeta ahalguztidun baten zain.

Etorriko ote da profetarik? Bada, Swedenborgk azken juizio egunaz esaten zuena aintzat hartuz -alegia pasata dagoela egun hori, 1757ko urtarrilaren 9an gertatu zela- , profetak hemen daudela jadanik esango nuke, eta izan, biderketetan direla maisu. Hor daude, hortxe ikusten ditugu astean behin edo bitan New York Times eta beste egunkarietan, edota telebistan. Orrialde osoak hartzen dituzte beren publizitate mezuek, argazkia erdian, irribarrea ezpainetan, begiak goruntz begira eta talentuen parabola gogoan: "Zer egin zenuen eman nizun dolarrarekin?". "Bada, zuk ogiekin eta arrainekin egin zenuena, Jauna, biderkatu. Baina esponentzialki." Profeta jaun-andre berriok, ekin iezaiozue tinko eta biderka itzazue arrainak ere, ez baitute gure haurrek izokinik jan nahi…

Hiriak, noski, gune nagusi bat dauka, Down Town delakoa, eta bere muinean, Virginia kalea alderik alde zeharkatzen duen arkuan, Reno, the biggest little city in the world irakur daiteke, "Reno, munduko hiri txikirik handiena". Gunea osatzen duten eraikuntzak ez dira Atlantakoak edo New Yorkekoak bezain garaiak, eta ez da inor zorabiatzen haien gailurretik begiratzerakoan, baina tamainak ematen ez dien indarra, beren barrunbe distiratsu eta malignoak ematen die; zinez, Hanselek eta Gretelek oihanean aurkitutako karameluzko etxearen pareko dira denak, edo bestela esanda, kasino-hotelak, gau eta egun zabalik dauden joko-tokiak. Beren izenak: Eldorado, Ramada Inn, Circus-Circus, Club Cal Neva, Harrah?s, The Nugget, Goleen Phoenix, The Gambler, Silver Legacy, Fitzgerald?s, Colonial Inn… Hiria eta bere inguruak kontuan hartuta, 55 kasino omen dira. Halaxe jartzen du Reno/Tahoe street guide delakoak. Guztien artean, 30.000 gela omen dauzkate.

Egunez paretik pasatzean ezinezkoa da kirika ez egitea; gauez, ezin ahaztu haietaz. Izan ere, kanpoko argi guztiak pizten dituzte ilundu orduko, koloretakoak askotan, eta hortxe daude beti; hortxe dago, esate baterako, nire leihotik parez pare ikusteko moduan, esmeraldaren berdea duen Silver Legacy izenekoa. Ea dago onik gabeko txarrik: berari esker, susmatzen dut dagoeneko kasinoen itxura magnificent horrek duen helburua. Izan ere, bi aldiz aipatu dut jada, lagunarteko eseraldietan-eta, gaztetan nuen suerte ona, joko eta loteria guztietako garaile bihurtzen ninduena. Kontua da ez dela egia. Gaztetan egokitu zitzaidan gauza bakarra Duward markako erlojutxo bat izan zela. Zerk behartzen nau beraz gezurra esatera? Ez ote da esmeraldaren berdea eragile? Ez ote naiz egongo hemendik hilabetera hango makina baten aurrean black pot milioiduna lortu nahian? Badaezpada, leihoko gortina bildu dut, eta Silver Legacy kasinoa errainu bihurtu. Lasaiago nago orain. Gortinek ez dute azpi-mezurik bidaltzen. Marraketch edo Sevillan baliteke; baina Renon ez.

Kasinoetatik hurbil, bizi-bizi, erreka bat doa. Eta alde batera harrigarria da Down Town-en erreka bat egotea, eta bertan, Europako opor herrixka batean bezala, umeak zein gazteak igeri ibiltzea, edota ur korrontearekin jostaketan kamioi gurpilen kamarekin. Erreka alaia, beraz, Renokoa, izena ere alaia duena: Truckee. Orain dela mende bat arte-edo zilarra gordetzen omen zuen; zilar hobea, halere, orain ematen duena, ur bihurriaren alaitasuna. Dagoen tokian dagoela, batez ere, kasinoak eta beren jokalari tristeak hurbil dituela. Hurbil dituela, halaber, etxerik gabeko pobreak, ertzetan eseri eta zigarro erretzen egoten direnak.

Hiriaren azken kale nagusia Mc Carran da. Ez da Giottok egin omen zuen uovo hura bezain borobila, baina zirkulu bat da funtsean, hiriaren eraztuna. Norbait galtzen denean -gerta liteke, merkatari zein gainerako guneek antza handia baitute elkarren-, aurrera jarraitzea besterik ez dauka, Mc Carranekin egokituko baita azkenean, eta kale nagusi guztiek lotura baitute harekin. Baina, kalea izateaz gain, McCarran muga bat da: barnea eta kanpoa bereizten ditu, hiria eta mendia.

Alde batera -hiru aldetara, zinez: iparrerantz, hegorantz eta ekialderantz- zakartu egiten dira Reno inguruko mendi horiek; horitu, belztu, eta, azkenean, ehunka kilometro hartzen dituen harrizko desertu bilakatu. Beste aldera, Kaliforniarantz, pinu garaiez betetzen dira berehala, eta elurrak utzitako ura gordetzen dute. Bestela esanda, lakuak dituzte; Tahoo izenekoa horien artean, beau comme le première jour. Egunez, umeak ibiltzen dira laku horien ertzetan; gauez, artzak.

Mendiek eta desertuak bere tokian jartzen dute Reno. Aditzera ematen diote, presentzia hutsarekin, duten indarra; beren isiltasunak, kasu, istant batean irentsiko lukeela hiriaren hots guztia. Eta nahikoa litzaiokeela beste istant bat 395a eta 80a mozteko edo hondarrez lurperatzeko; biztanle guztiak -auto saltzaileak, maisu-maistrak, etxegabeak, croupierrak, eskoletako umeak- isolatuta uzteko. Eta hiritarrak badaki hori, baina lasai hartzen du arriskua. Azken batean egunero lehiatzen da lagun arriskutsuago batekin: "Eguzki" du izen, eta hor dago beti hiri gaineko zeru urdinean. Hainbesteko indarrez jotzen du batzuetan non galtza barrenetan pospolo txikiak pizten ari zaizkizula uste duzun, eta su hartuko duzula une batetik bestera; Moisesen pasadizoan bezala, baina laharraren beharrik gabe.

 

Robinson Crusoek ez zukeen nobelarik idatziko

2007-10-10  ¦  Gogoetak

Gogorra den-dena uharte desertuan, eta ezer baino gogorragoa, Robinson Crusoek berak aitortzen duenez, nahitaezko isiltasuna, inorekin hitz egin ezina. Baditu bi katu eta zakur bat, bera bezala naufragiotik salbu atera direnak, eta haiek zerbait esatea nahi luke; baina, zoritxarrez, ezinezkoa da. Loroak, berriz, Poll delakoak, betetzen du bere nahia, eta gupida hitzak zuzentzen dizkio -"Ai, Robinson Crusoe gaixoa!"- eta bizpahiru galdera; baina hori ere gutxi da. Eguna joan eta eguna etorri, Pollek ez du aldatzen leloa. Nekagarria ere bada.

Hartan egoera, Robinson Crusoeri aukera gutxi geratzen zaizkio bere natura eledunari amore emateko. Zehatzago esanda, bi geratzen zaizkio soilik: otoitza, "Jainkoarekiko elkarrizketa", edo bere buruarekin hitz egitea. Eta berak, hain zuzen ere, biak bereganatzen ditu. Gainera, egunkari bat idazteari ekiten dio ontzitik berreskuratu dituen tinta, luma eta paperari esker, eta bertan jasotzen ditu hala kontu hutsalak, eguraldiari edo bere zereginei buruzkoak, nola ametsak eta gogoetak.

Kontua da, niretzako, hori egia izan ote daitekeen, idatzi ote dezakeen ezer bakar-bakarrik dagoen izaki batek. Jakina, bai fikziozko testu batean; baina errealitatean? Beste modu batera galdetuta: Daniel Defoeren fikzio horrek ba al du egiaren aztarnarik? Ala hutsean eraikia da, fikziorik erradikalenean?

Nobelan tinta bukatzen zaio Robinson Crusoeri, eta 1659ko irailaren 30ean hasitako egunkaria eten beharrean suertatzen da justu bi urte geroago. Eta, alde batera, onar dezakezu azalpen hori; sinistu -irakurlearen fedeaz- egunkaria idazten aritu zela, eta hala jarraitu izango zukeela hurrengo urte guztietan aukerarik izan balu. Ontzat emango genituzke, gainera, protagonistak emandako arrazoiak, alegia bere burua arintzeko idatzi zituela pentsamenduak, eta bizitza ordenatu nahian bere eginkizunen gorabeherak. Azken batean, badakigu, jende askok jokatu du, eta jokatzen du, horrela.

"Euria gau eta egun. Ateratzerik ez", idazten du Robinson Crusoek 1659ko abenduaren 24an. Eta handik egun batzuetara, urtarrilaren 2an: "Beraz, zakurrarekin joan nintzen hurrengoan, eta ahuntzen parean jarri nuen; baina oker nengoen, zeren eta haiek kopeta erakutsi baitzioten zakurrari, eta honek, arriskuaz jabetuta, ez baitzuen hurbiltzekorik egin".

Ohar laburrak, lauak, informatiboak, ez oso ondo erredaktatuak. Berriro esanda, denok idatzi ditugu parekoak noizbait, eta horregatik ulertzen dugu Robinson Crusoeren jarrera eta onartu, horraino, Daniel Defoek nobelan dioena.

Zer pentsatu behar ote dugu, ordea, ahaleginez sakon, tamainaz luze, xehetasunez oparo diren oharrei buruz? Gogoan daukat, hain zuzen ere, Robinson Crusoek burututako azkena, nobelaren zortzigarren atal osoa hartzen duena eta egunkarian 1661eko irailaren 30ari dagokiona. Hamahiru orrialdez luzatzen da nik kontsultatutako edizioan, eta izpirik izpi adierazten zaizkigu haietan bere hamaika lanen deskribapenak eta Jainkoarekiko dituen sentimenduak. Lehen galdetzen nuena: egia ote da? Idatzi dezake pertsona batek horrelako testurik? Non eta uharte desertu batean, handik ateratzeko esperantzarik gabe... Zalantzakoa egingo zaio askori. Edo garbiago: sinestezina. Niri ere hala egiten zait. Hiru arrazoirengatik, gutxienez.

Ezin dut sinetsi, aurrena, nerabezaroko egunkari sekretuen patua ezagutzen dudalako. Hor nonbait egongo dira, irakurtezin, abandonatu, gordeegi, garai bateko lerro bakarzale haiek. Badakigu bizitzaren aldi bateko premia izan zirela, eta barkatzen diogu neure buruari; baina, gaur egun, ezer idazteko lana hartuz gero, gutunak, artikuluak, mezuak, liburuak egingo genituzke, hots, norbaitengana zuzendu asmoz burututako testuak; ez testu solipsistak, narzisistak, onanistak eta, hitz batean laburtzeko, tontoak. Jakina, batek jarrai dezake -idazle askok egiten dute- koadernoetan oharrak hartzen; baina horien oinarrian, nik dakidala, ez da solipsismoa, narzisismoa, onanismoa edo tontotasuna egoten -nahiz denok garen tonto xamarrak-, baizik eta etorkizunean idatzi eta argitaratu nahi den zerbaiten lehengaia.

Ezin dut sinetsi, bigarren, Robinson Crusoe pertsonaiaren oinarrian bide dagoen Alexander Selkirk marinelaren kasuak kontrakoa adierazten duelako. Juan Fernandez izeneko uharte desertuan utzi zuten kastigatuta, eta handik lau bat urtera hara iritsi ziren beste marinel batzuek erabat degradatuta aurkitu zuten, hitz egiteko gai ere ez zela ia-ia. "Zer da hau?", galdetu omen zioten zuhaitz bat seinalatuz. Alexander Selkirk zalantza larrian jarri omen zen, eta azkenean pig erantzun omen zuen, "txerria". Eta gerora ere, Ingalaterrara eraman zutenean, ezin izan omen zen gizarteratu: hitz egin ezinak gaixo utzi zuen bizitza osorako. Hori da errealitatea, eta errealitate horrek ez du bueltarik. Giza harreman ezak hizkuntza bera ere galarazi egiten dio pertsonari. Oso urruti geratzen dira egunkari bat edo nobela bat idazteko aukerak.

Ezin dut sinetsi, hirugarrenez eta azkenez, Robinson Crusoek 1661eko irailaren 30ean idatzi omen zuen oharraren irakurketak horretara naramalako. Izan ere, segituan azaltzen dira bertan nork bere buruari -bere buruari bakarrik- sekula zuzenduko ez lizkiokeen esaldiak eta formulak. Norbaitek, Robinson Crusoek egiten duen bezala, I mentioned before ("aipatu dut lehenago") bezalako esaldi batekin ekiten badio paragrafoari, irakurle batengan pentsatzen ari da, ez bere buruarengan. Gauza bera bere country house delakora doala adierazi ondoren "halaxe deitzen nion nik" -eraikin hesituari, alegia- azalpena gehitzen duenean. Edota beste leku batean for example bat tartekatzen duenean.

Nolanahi den, inork zalantzarik balu, bada testu horretan froga erabakitzaileago bat. Hala dio Robinson Crusoek irailaren 30eko ohar horretan: Thus, and in this disposition of mind, I began my third year. And though I have no given the reader the trouble of so particular account of my work this year as the first..." -"Holaxe, aldarte horrekin, eman nion hasiera nire hirugarren urteari. Eta, nahiz ez dudan irakurlea, aurreko urtekoan egin nuen bezala, nire lanen kontaera xehetuarekin zamatuko..."-. Beraz, hor dugu, hor ageri da Bestea, egilearen laguna, edo etsaia, bere antzekoa: irakurlea. Fikzioak jositako testuari txulo bat egin zaio, eta bertatik egia da ageri. Esan dezake Daniel Defoek liburuan datorrena Robinson Crusoeren egunkariaren kopia hutsa dela, eskubide edo autoritate guztia baitu egile bezala; ahalegindu daiteke liburuaren editorea uste hori indartzen ilustrazioen alboan eskuz idatziak diruditen esaldiak jarriz; baina alferrik: ben trovato, baina non è vero. Beste modu batera esanda, Crusoeren egunkariarena fantasia da.

Nik ere irakurlea daukat gogoan hau idaztean, eta horregatik imajinatzen dut halako bat -nire lagun, etsai, edo antzeko bat-, aurreko arrazoiak arbuiatu eta inorentzako ez den idazketa baten posibilitatean sinisten duena. "Asko dira bere buruarentzat idazten dutenak -dio nire antzeko den horrek nire irudimenean-. Testu sekretuak ez dira gaztetako kontuak".

Irudimenaren esparrutik atera gabe, erantzuna eskaintzen diot: "Litekeena horrelako testuak izatea, baina zirriborroak edo puxketak izango dira ezinbestean, trakets erredaktatutako gogoeta edo narrazioak. Formarik gabeko testuak, hitz batean. Izan ere, bestearen begiradapean, presiopean, ahalegintzen gara komak eta puntuak bere tokian jartzen, esaldiak zein paragrafoak ahalik eta argien uzten, kontaera edo azalpena erritmo baten arabera antolatzen; testua bere utopiara eramaten, Roland Barthesek esango zukeen bezala. Bestela, alde sozialaren ezean, zergatik lehiatu formaren alde? Zergatik, kasu, milaka ordu eman lehengai kaotiko bat nobela bihurtzen? Robinson Crusoek dio munduko denbora guztia zeukala, eta horregatik hasi zela idazten; baina bere kontaerak kontrakoa erakusten du, alegia esku-lana, jardun fisikoa, "industria", askozaz ere entreteniagarriagoa zitzaiola".

L'enfer c'est les autres, infernua besteak dira, zioen Jean Paul Sartrek. Esaldia parafraseatuz, hauxe diot nik orain, nahi baino harroago: "Forma besteak dira".

Forma besteak dira
Korolarioa

Literaturaren eta oro har sorkuntzaren alde sozialak -forma besteak izate horrek, berriro esanda- muga estuko literatura guztien bilakaera argitu lezake. Begira diezaiogun Okzitanian gertatu zenari. Bere kulturaren gainbeherarekin kezkatuta, hainbat jende trobadoreena izandako lenga d'òc zaharrean idazten hasi zen, eta haietako batek, Frédéric Mistralek, Nobel saria ere lortu zuen ahaleginean; baina Besteak gutxi zirenez, eta gutxi eskatzen zutenak -aski zitzaien hizkuntzaren balioa erakutsi zezakeen zernahirekin-, beheraka joan zen idazteko kemena zeukatenen kopurua, eta azkenean, partikulartasunaren aldeko ideologiari beste ezaugarri batzuk nahikoa izan zitzaizkionean -holako jazkera, halako dantza...-, ezkutatu egin ziren lurraren gainetik, edo ia. Okzitania, idazle haientzat, uharte desertu bihurtu zen.

Okzitaniaz diodana Galiziaz ere esan daiteke, beste kasu bat aipatzearren. Behin batez Xavier Rodríguez Baixeras poetarekin gertatu nintzen, eta jakin nuen bera zela Lampedusaren Il Gattopardo liburua gailegora itzuli zuena. Ez nuen oso kontent sumatu. "Esaten dizute: itzuli! Itzuli obra hori! Eta zuk, berealdiko lana hartuz, itzuli egiten duzu ogibideak libre uzten dizkizun tarteetan. Eta gero zer da-ta hogei lagunek ere ez dute liburua irakurtzen! Esango didazu, merezi duen". Itzultzaile bezala, Xavier Rodríguez Baixerasek uharte desertu batean ikusten zuen bere burua. Poeta bezala, ez dakit. Bere azken liburuak, O pan da tarde, irakurle anitz izan omen ditu. Hobe horrela.

Begira dezagun Euskal Herrira. Lehengo garaietan, idazleek ez zuten, nahiz aurrean eduki, uharte deserturik ikusten, baizik eta haren atzean zegoen paradisua, diktadorea erori ondoren loratuko zen Baratza Ederra. Ilusio hura zela eta, nobela edo antzerki pare baterako kotta izaten zuten, edota ehun bat poematarako. Gero, intxaurrak beti lau, edo gutxiago, "agortutako iturriak" bezala sentitzen ziren -halaxe esan zidan behin Gabriel Arestik-, eta utzi egiten zuten, edo beste hizkuntza batera pasatzen ziren; inoren esker onik gabe, pasa ere, edota Abertzale Beti Garbien mespretxuarekin. Idatzi zuen Gabriel Arestik berak: "Euskal Herri nerea, ezin zaitut maite, baina non biziko naiz zugandik aparte". Niri aldaera bat bururatu zait: "Euskal Herri nerea ezin zaitut maite, zuk bihurtu nauzu-ta Robinson Crusoe".

Iraganean, euskal idazleei zegokienez, uharte desertuak zabalera handia hartu zuen. Eta, gaur egun? Ez dakit. Zailagoa egiten zait gaurko bere neurria kalkulatzea. Itxura batera, urriagoa dirudi, nahiz eta Besteak, oraindik ere, oso gutxi diren eta oso gutxi eskatzen duten. Baina zalantzak ez zaizkit erabat joaten. Kontrakoa, zalantza bedrriak sortzen dizkit idazle autentiko batzuei -ez idazle izenaren usurpatzaileei, esan nahi dut- entzuten dizkiedanak. Gogoan dut, kasu, orain dela gutxi Karlos Linazasorori irakurri nizkionak. Uharte desertu batean sentitzen den norbaiten azalpenak iruditu zitzaizkidan. Eta seguru ez zela bere buruaz bakarrik ari.

Gaurko egoera dela eta, neuk behin egindako poema baten aldaera bururatzen zait: "Esaidan, zoriontsuak al dira mugaz bestaldeko idazleak? Kausitzen al dute irakurlerik bere maitatuen arteko ehuneko hogeita bostaren edo hogeiaren baitan?".

Robinson Crusoek ez zukeen nobelarik idatziko. Eta egunkaririk ere ez. Eta lenga d'òc hizkuntza erabiltzen duten idazleek ere larri ibiliko dira Robinsonen konplexua gainditu eta literatura bat eraikitzeko orduan. Idazle gailegoak eta euskal idazleak, berriz, ikusi egin behar.

¦ 3 erantzun