« Itzuli blogera

Robinson Crusoek ez zukeen nobelarik idatziko

2007-10-10  ¦  Gogoetak

Gogorra den-dena uharte desertuan, eta ezer baino gogorragoa, Robinson Crusoek berak aitortzen duenez, nahitaezko isiltasuna, inorekin hitz egin ezina. Baditu bi katu eta zakur bat, bera bezala naufragiotik salbu atera direnak, eta haiek zerbait esatea nahi luke; baina, zoritxarrez, ezinezkoa da. Loroak, berriz, Poll delakoak, betetzen du bere nahia, eta gupida hitzak zuzentzen dizkio -"Ai, Robinson Crusoe gaixoa!"- eta bizpahiru galdera; baina hori ere gutxi da. Eguna joan eta eguna etorri, Pollek ez du aldatzen leloa. Nekagarria ere bada.

Hartan egoera, Robinson Crusoeri aukera gutxi geratzen zaizkio bere natura eledunari amore emateko. Zehatzago esanda, bi geratzen zaizkio soilik: otoitza, "Jainkoarekiko elkarrizketa", edo bere buruarekin hitz egitea. Eta berak, hain zuzen ere, biak bereganatzen ditu. Gainera, egunkari bat idazteari ekiten dio ontzitik berreskuratu dituen tinta, luma eta paperari esker, eta bertan jasotzen ditu hala kontu hutsalak, eguraldiari edo bere zereginei buruzkoak, nola ametsak eta gogoetak.

Kontua da, niretzako, hori egia izan ote daitekeen, idatzi ote dezakeen ezer bakar-bakarrik dagoen izaki batek. Jakina, bai fikziozko testu batean; baina errealitatean? Beste modu batera galdetuta: Daniel Defoeren fikzio horrek ba al du egiaren aztarnarik? Ala hutsean eraikia da, fikziorik erradikalenean?

Nobelan tinta bukatzen zaio Robinson Crusoeri, eta 1659ko irailaren 30ean hasitako egunkaria eten beharrean suertatzen da justu bi urte geroago. Eta, alde batera, onar dezakezu azalpen hori; sinistu -irakurlearen fedeaz- egunkaria idazten aritu zela, eta hala jarraitu izango zukeela hurrengo urte guztietan aukerarik izan balu. Ontzat emango genituzke, gainera, protagonistak emandako arrazoiak, alegia bere burua arintzeko idatzi zituela pentsamenduak, eta bizitza ordenatu nahian bere eginkizunen gorabeherak. Azken batean, badakigu, jende askok jokatu du, eta jokatzen du, horrela.

"Euria gau eta egun. Ateratzerik ez", idazten du Robinson Crusoek 1659ko abenduaren 24an. Eta handik egun batzuetara, urtarrilaren 2an: "Beraz, zakurrarekin joan nintzen hurrengoan, eta ahuntzen parean jarri nuen; baina oker nengoen, zeren eta haiek kopeta erakutsi baitzioten zakurrari, eta honek, arriskuaz jabetuta, ez baitzuen hurbiltzekorik egin".

Ohar laburrak, lauak, informatiboak, ez oso ondo erredaktatuak. Berriro esanda, denok idatzi ditugu parekoak noizbait, eta horregatik ulertzen dugu Robinson Crusoeren jarrera eta onartu, horraino, Daniel Defoek nobelan dioena.

Zer pentsatu behar ote dugu, ordea, ahaleginez sakon, tamainaz luze, xehetasunez oparo diren oharrei buruz? Gogoan daukat, hain zuzen ere, Robinson Crusoek burututako azkena, nobelaren zortzigarren atal osoa hartzen duena eta egunkarian 1661eko irailaren 30ari dagokiona. Hamahiru orrialdez luzatzen da nik kontsultatutako edizioan, eta izpirik izpi adierazten zaizkigu haietan bere hamaika lanen deskribapenak eta Jainkoarekiko dituen sentimenduak. Lehen galdetzen nuena: egia ote da? Idatzi dezake pertsona batek horrelako testurik? Non eta uharte desertu batean, handik ateratzeko esperantzarik gabe... Zalantzakoa egingo zaio askori. Edo garbiago: sinestezina. Niri ere hala egiten zait. Hiru arrazoirengatik, gutxienez.

Ezin dut sinetsi, aurrena, nerabezaroko egunkari sekretuen patua ezagutzen dudalako. Hor nonbait egongo dira, irakurtezin, abandonatu, gordeegi, garai bateko lerro bakarzale haiek. Badakigu bizitzaren aldi bateko premia izan zirela, eta barkatzen diogu neure buruari; baina, gaur egun, ezer idazteko lana hartuz gero, gutunak, artikuluak, mezuak, liburuak egingo genituzke, hots, norbaitengana zuzendu asmoz burututako testuak; ez testu solipsistak, narzisistak, onanistak eta, hitz batean laburtzeko, tontoak. Jakina, batek jarrai dezake -idazle askok egiten dute- koadernoetan oharrak hartzen; baina horien oinarrian, nik dakidala, ez da solipsismoa, narzisismoa, onanismoa edo tontotasuna egoten -nahiz denok garen tonto xamarrak-, baizik eta etorkizunean idatzi eta argitaratu nahi den zerbaiten lehengaia.

Ezin dut sinetsi, bigarren, Robinson Crusoe pertsonaiaren oinarrian bide dagoen Alexander Selkirk marinelaren kasuak kontrakoa adierazten duelako. Juan Fernandez izeneko uharte desertuan utzi zuten kastigatuta, eta handik lau bat urtera hara iritsi ziren beste marinel batzuek erabat degradatuta aurkitu zuten, hitz egiteko gai ere ez zela ia-ia. "Zer da hau?", galdetu omen zioten zuhaitz bat seinalatuz. Alexander Selkirk zalantza larrian jarri omen zen, eta azkenean pig erantzun omen zuen, "txerria". Eta gerora ere, Ingalaterrara eraman zutenean, ezin izan omen zen gizarteratu: hitz egin ezinak gaixo utzi zuen bizitza osorako. Hori da errealitatea, eta errealitate horrek ez du bueltarik. Giza harreman ezak hizkuntza bera ere galarazi egiten dio pertsonari. Oso urruti geratzen dira egunkari bat edo nobela bat idazteko aukerak.

Ezin dut sinetsi, hirugarrenez eta azkenez, Robinson Crusoek 1661eko irailaren 30ean idatzi omen zuen oharraren irakurketak horretara naramalako. Izan ere, segituan azaltzen dira bertan nork bere buruari -bere buruari bakarrik- sekula zuzenduko ez lizkiokeen esaldiak eta formulak. Norbaitek, Robinson Crusoek egiten duen bezala, I mentioned before ("aipatu dut lehenago") bezalako esaldi batekin ekiten badio paragrafoari, irakurle batengan pentsatzen ari da, ez bere buruarengan. Gauza bera bere country house delakora doala adierazi ondoren "halaxe deitzen nion nik" -eraikin hesituari, alegia- azalpena gehitzen duenean. Edota beste leku batean for example bat tartekatzen duenean.

Nolanahi den, inork zalantzarik balu, bada testu horretan froga erabakitzaileago bat. Hala dio Robinson Crusoek irailaren 30eko ohar horretan: Thus, and in this disposition of mind, I began my third year. And though I have no given the reader the trouble of so particular account of my work this year as the first..." -"Holaxe, aldarte horrekin, eman nion hasiera nire hirugarren urteari. Eta, nahiz ez dudan irakurlea, aurreko urtekoan egin nuen bezala, nire lanen kontaera xehetuarekin zamatuko..."-. Beraz, hor dugu, hor ageri da Bestea, egilearen laguna, edo etsaia, bere antzekoa: irakurlea. Fikzioak jositako testuari txulo bat egin zaio, eta bertatik egia da ageri. Esan dezake Daniel Defoek liburuan datorrena Robinson Crusoeren egunkariaren kopia hutsa dela, eskubide edo autoritate guztia baitu egile bezala; ahalegindu daiteke liburuaren editorea uste hori indartzen ilustrazioen alboan eskuz idatziak diruditen esaldiak jarriz; baina alferrik: ben trovato, baina non č vero. Beste modu batera esanda, Crusoeren egunkariarena fantasia da.

Nik ere irakurlea daukat gogoan hau idaztean, eta horregatik imajinatzen dut halako bat -nire lagun, etsai, edo antzeko bat-, aurreko arrazoiak arbuiatu eta inorentzako ez den idazketa baten posibilitatean sinisten duena. "Asko dira bere buruarentzat idazten dutenak -dio nire antzeko den horrek nire irudimenean-. Testu sekretuak ez dira gaztetako kontuak".

Irudimenaren esparrutik atera gabe, erantzuna eskaintzen diot: "Litekeena horrelako testuak izatea, baina zirriborroak edo puxketak izango dira ezinbestean, trakets erredaktatutako gogoeta edo narrazioak. Formarik gabeko testuak, hitz batean. Izan ere, bestearen begiradapean, presiopean, ahalegintzen gara komak eta puntuak bere tokian jartzen, esaldiak zein paragrafoak ahalik eta argien uzten, kontaera edo azalpena erritmo baten arabera antolatzen; testua bere utopiara eramaten, Roland Barthesek esango zukeen bezala. Bestela, alde sozialaren ezean, zergatik lehiatu formaren alde? Zergatik, kasu, milaka ordu eman lehengai kaotiko bat nobela bihurtzen? Robinson Crusoek dio munduko denbora guztia zeukala, eta horregatik hasi zela idazten; baina bere kontaerak kontrakoa erakusten du, alegia esku-lana, jardun fisikoa, "industria", askozaz ere entreteniagarriagoa zitzaiola".

L'enfer c'est les autres, infernua besteak dira, zioen Jean Paul Sartrek. Esaldia parafraseatuz, hauxe diot nik orain, nahi baino harroago: "Forma besteak dira".

Forma besteak dira
Korolarioa

Literaturaren eta oro har sorkuntzaren alde sozialak -forma besteak izate horrek, berriro esanda- muga estuko literatura guztien bilakaera argitu lezake. Begira diezaiogun Okzitanian gertatu zenari. Bere kulturaren gainbeherarekin kezkatuta, hainbat jende trobadoreena izandako lenga d'ňc zaharrean idazten hasi zen, eta haietako batek, Frédéric Mistralek, Nobel saria ere lortu zuen ahaleginean; baina Besteak gutxi zirenez, eta gutxi eskatzen zutenak -aski zitzaien hizkuntzaren balioa erakutsi zezakeen zernahirekin-, beheraka joan zen idazteko kemena zeukatenen kopurua, eta azkenean, partikulartasunaren aldeko ideologiari beste ezaugarri batzuk nahikoa izan zitzaizkionean -holako jazkera, halako dantza...-, ezkutatu egin ziren lurraren gainetik, edo ia. Okzitania, idazle haientzat, uharte desertu bihurtu zen.

Okzitaniaz diodana Galiziaz ere esan daiteke, beste kasu bat aipatzearren. Behin batez Xavier Rodríguez Baixeras poetarekin gertatu nintzen, eta jakin nuen bera zela Lampedusaren Il Gattopardo liburua gailegora itzuli zuena. Ez nuen oso kontent sumatu. "Esaten dizute: itzuli! Itzuli obra hori! Eta zuk, berealdiko lana hartuz, itzuli egiten duzu ogibideak libre uzten dizkizun tarteetan. Eta gero zer da-ta hogei lagunek ere ez dute liburua irakurtzen! Esango didazu, merezi duen". Itzultzaile bezala, Xavier Rodríguez Baixerasek uharte desertu batean ikusten zuen bere burua. Poeta bezala, ez dakit. Bere azken liburuak, O pan da tarde, irakurle anitz izan omen ditu. Hobe horrela.

Begira dezagun Euskal Herrira. Lehengo garaietan, idazleek ez zuten, nahiz aurrean eduki, uharte deserturik ikusten, baizik eta haren atzean zegoen paradisua, diktadorea erori ondoren loratuko zen Baratza Ederra. Ilusio hura zela eta, nobela edo antzerki pare baterako kotta izaten zuten, edota ehun bat poematarako. Gero, intxaurrak beti lau, edo gutxiago, "agortutako iturriak" bezala sentitzen ziren -halaxe esan zidan behin Gabriel Arestik-, eta utzi egiten zuten, edo beste hizkuntza batera pasatzen ziren; inoren esker onik gabe, pasa ere, edota Abertzale Beti Garbien mespretxuarekin. Idatzi zuen Gabriel Arestik berak: "Euskal Herri nerea, ezin zaitut maite, baina non biziko naiz zugandik aparte". Niri aldaera bat bururatu zait: "Euskal Herri nerea ezin zaitut maite, zuk bihurtu nauzu-ta Robinson Crusoe".

Iraganean, euskal idazleei zegokienez, uharte desertuak zabalera handia hartu zuen. Eta, gaur egun? Ez dakit. Zailagoa egiten zait gaurko bere neurria kalkulatzea. Itxura batera, urriagoa dirudi, nahiz eta Besteak, oraindik ere, oso gutxi diren eta oso gutxi eskatzen duten. Baina zalantzak ez zaizkit erabat joaten. Kontrakoa, zalantza bedrriak sortzen dizkit idazle autentiko batzuei -ez idazle izenaren usurpatzaileei, esan nahi dut- entzuten dizkiedanak. Gogoan dut, kasu, orain dela gutxi Karlos Linazasorori irakurri nizkionak. Uharte desertu batean sentitzen den norbaiten azalpenak iruditu zitzaizkidan. Eta seguru ez zela bere buruaz bakarrik ari.

Gaurko egoera dela eta, neuk behin egindako poema baten aldaera bururatzen zait: "Esaidan, zoriontsuak al dira mugaz bestaldeko idazleak? Kausitzen al dute irakurlerik bere maitatuen arteko ehuneko hogeita bostaren edo hogeiaren baitan?".

Robinson Crusoek ez zukeen nobelarik idatziko. Eta egunkaririk ere ez. Eta lenga d'ňc hizkuntza erabiltzen duten idazleek ere larri ibiliko dira Robinsonen konplexua gainditu eta literatura bat eraikitzeko orduan. Idazle gailegoak eta euskal idazleak, berriz, ikusi egin behar.

Erantzunak

#1. Maite ¦ 2008-03-16 ¦ 20:36

Beste honek. Ederra.

#2. mikel ¦ 2008-06-05 ¦ 16:51

Hareatzan aurkitutako botila barruko mezuari erantzuna. Mila esker Robinson hor ekitearren! Erreskate-expedizioaren lanak uste baino gehiago atzeratu dituk, paradisua beharrean hor desertua besterik ez dagoela jabetzearekin batera. Ez dik inporta! T. Herrzl-en ondorengoen babesa lortzekotan gatxeudek; Amos-en esanetan orain laranjak eta limoiak ba omen dituzte euren terrenoetan. Edozein modutan hiruzpalau gaztelu ondoren abiatuko gaituk. Egon lasai! (barikuren lehengusinaren partetik gorantzi eta eskuminak, badakik gorra.)

#3. astuna ¦ 2008-11-23 ¦ 15:51

Ez etsi! Bagara uharte desertuaren itsasoaren bestealdean irrikitan gaudenok hurrengo mezudun botila noiz ailegatu zain.Behin, udako kurtso batean, eskerrak eman nizkizun idaztegatik... zori-onekoak gara zure garaikideak izateagatik eta ezinbestekoa zaigu zure lana (beste batzuena ere bai. Ez dakizu noraino elikatzen gaituzun.Ziur nago gainera,izan ere,kaleartean eta lagun artean asko izan dira soinujolearen semeaz gauza onak esan dizkidatenak.. agian feedback faltako da, zure output horri input argiaz erantzutea

Erantzun



E-posta helbidea ez da publikatuko. Konfirmazioetarako bakarrik