« Itzuli blogera

Texaco gasolindegia (eta III): bigarren oroitzapena

2007-11-05  ¦  Nevadako egunak

"Aurreneko tartea, nonbait, garai bateko tren txikiaren bidetik egin behar zuen, eta handixe abiatu zen. Bigarren tunelera iritsi zenean, oso tunel estua eta luzea, pausoak entzun zituen, kontrako norabidean zetorren norbaitenak. Izan ere, pausoak asko entzuten dira tunel horietan, erresonantziagatik eta lurra harri koskorrez betea dagoelako.

"Gurutzatzera zihoazenean, mendigoizaleak agurtu egin zuen ezezaguna: "Egun on!". Erantzuna marru bat izan zuan, eta pauso zalaparta bat, iheska zihoan hartzarena. Zeren hartza baitzen tunelaren bestaldetik zetorrena. Tolosako mendizaleak ere korri egin zuen, erorika, eta behin tuneletik kanpo hurbileko baserri bateko atea jo eta barrura pasatzeko mesedea eskatu zuen. Baserritarrek, lasaitzeko eskatu, eta kafea prestatu zuten denontzat. "Erori ere egin naiz eta eskuak garbitu nahi nituzke", eskatu zuen mendizaleak. Eta baserritarrek bainua non zegoen erakutsi. Ari zen eskuak garbitzen bere burua ispiluan ikusi zuenean: ordubete lehenago beltz-beltza zen ilea zuri-zuria ikusi zuen. Ez zen ispilu gaineko bonbillaren efektoa, baizik eta tunelean sentitutako izuaren ondorio zuzena".

 

Erantzun



E-posta helbidea ez da publikatuko. Konfirmazioetarako bakarrik