« Itzuli albistegira

"Casas y tumbas" eleberria, 2020ko idazlan nabarmenen artean

2020-01-08  ¦  Prentsa

Hasi berri dugun 2020. urte honetan argitaratuko diren liburuen arteko interesgarrienak azpimarratu ditu RTVE telebista kateak. Besteak beste, urtarrilean argitaratuko den Casas y tumbas, Bernardo Atxagaren azken eleberria.

Espainiar Telebista publikoak 2020ko lanik interesgarrienen aurrerapena egin du, besteak beste, Ian McEwan, Roberto Saviano, Almudena Grandes eta Bernardo Atxagaren azken lanak.

Joan zen urrian Etxeak eta hilobiak aurkeztu ondoren, datozen egunotan gaztelaniazko itzulpena plazaratuko da, Casa y tumbas.

Ibai bakarrera jotzen duten errekak dira Bernardo Atxagaren azken nobela hau osatzen duten piezak. Zein bere bidetik doala dirudi, baina korronteak, logika narratibo sendo batek, norabide berean daramatza denak.

Badoaz urak, eta badoa irakurlea Ugarteko herritik Pauera, edo Baionara, edo Gaztelara, edo Texasera. Etengabea da mugimendua. Etengabea protagonisten joan-etorria ere. Narrazioan sartu eta atera dabiltza txikitan bat izandako anaia bikiak, Frantziara frantses ikastaro bat egitera joan eta mutututa itzuli den nerabea, Madrileko El Pardo kuartelean gertatu diren lau lagunak, astero Baionako psikiatra batengana joaten den ingeniaria, From fat to fit telebista programaren protagonista, sindikatu baten aldizkarian diharduen emakume gaztea, ospitaletik alde egiteko gogoz dagoen neskatoa...