« Volver a la noticias

Urriaren 16an aurkeztuko da Donostian "Etxeak eta hilobiak", Atxagaren azkenengo eleberria izango dena

11-10-2019  ¦  Argitalpenak

Bi urteko lanaren ondoren, datorren asteazkenean (urriak 16) argitaratuko da Atxagaren azken lana, Etxeak eta hilobiak. Frantziara fraideen eskola batera ikastera joan eta mutututa itzuli den nerabe baten istorioarekin abiatzen da eleberria. Egilearen hitzetan, "hauxe izango da nire azkenengo nobela".

Urriaren 16an aurkeztuko da Donostian

Donostiako Koldo Mitxelena Kulturunean aurkeztuko da hilaren 16an, goizeko 11etan, Etxeak eta hilobiak (Pamiela, 2019). Egilearekin batera Frantxis Lopez-Landatxe, KM-ko zuzendari ohia ere izango da aurkezpen-ekitaldian.

Ibai bakarrera jotzen duten errekak dira Bernardo Atxagaren azken nobela hau osatzen duten piezak. Zein bere bidetik doala dirudi, baina korronteak, logika narratibo sendo batek, norabide berean daramatza denak.

Sei narrazio ditu guztira, autonomoak baina aldi berean "unibertso bakarrean" josten direnak, Atxagak azpimarratu duenez. Hemendik aurrera, urtetan pilatu zaizkion ohar eta koadernoetan arakatu eta beste idazkera batzuk esploratu nahi ditu; neurriz txikiagoak, akaso, baina ez sendotasunez.

Badoaz urak, eta badoa irakurlea Ugarteko herritik Pauera, edo Baionara, edo Gaztelara, edo Texasera. Etengabea da mugimendua. Etengabea protagonisten joan-etorria ere. Narrazioan sartu eta atera dabiltza txikitan bat izandako anaia bikiak, Frantziara frantses ikastaro bat egitera joan eta mutututa itzuli den nerabea, Madrileko El Pardo kuartelean gertatu diren lau lagunak, astero Baionako psikiatra batengana joaten den ingeniaria, From fat to fit telebista programaren protagonista, sindikatu baten aldizkarian diharduen emakume gaztea, ospitaletik alde egiteko gogoz dagoen neskatoa...

Ezagutzen genuen lehendik ere Atxagaren ahalmen poetiko handia, unibertso osoak eta sakonak eraikitzeko gaitasuna. Narratzaile aparta dela ere bagenekien. Dohain horietaz gozatzeko aukera izango du irakurleak Etxeak eta hilobiak honetan. Betiko Atxaga dugu, alde horretatik. Baina ofizioak findutako idazkerarekin dator oraingoan. Heldutasunak ondutako begiradarekin.

Prentsa jarraipena

Gaztelaniaz
"Casas y tumbas" gaztelaniazko itzulpenak jasotako iruzkinak:

  • Bernardo Atxaga, "lo importante es vivir"
    ABC
  • Los libros de la semana: de Napoleón a las nuevas feministas
    La Razón
  • Bernardo Atxaga: "La literatura es lo que más verdad tiene"
    Librotea
  • Bernardo Atxaga: “Las palabras son muy peligrosas”
    Babelia, El País
  • El escritor Bernardo Atxaga considera que los políticos hoy son a la política lo que los hooligans al fútbol
    Diario Vasco
  • Bernardo Atxaga: “Hoy se mira el campo como si fuera Marte”
    La Vanguardia