« Itzuli albistegira

"Mundu-ikuskerak euskal narratiba garaikidean" liburua aurkeztu da (Gorka Mercero, 2017)

2018-01-09  ¦  Argitalpenak

Mundu-ikuskerak euskal narratiba garaikidean: modernitatearen krisitik postidentitatearen promesera izena du Gorka Mercerok (Lasarte-Oria, 1969) idatzi duen eta Santi Onaindia bekari esker argitaratu den liburu berriak. Sarritan lausoegiak diren kontzeptuetatik abiatuz, mundu ikuskerak zehazteko “ahalegin handia” egin duela adierazi du. Bere ikerketan pentsamendu moderno edo ilustratua eta postmodernismoa “apur bat kontrajartzera” iritsi da. Lau mundu ikuskera detektatu ditu euskal narratiba garaikidean eta horiek jaso ditu liburuan.

Azken lauzpabost hamarkadetan, euskal literatur sistema sendotu eta egonkortu ahala, nobelak poesia ordezkatu du genero nagusi modura. Ordezkatze horrekin batera, nobelagintzak berak eboluzio nabarmena izan du zenbait alderditan. Azken aldion hainbat analisi plazaratu dira garapen horren nondik norako orokorrak ezaugarritzeko asmoz. Gorka Merceroren "Mundu-ikuskerak euskal narratiba garaikidean: modernitatearen krisitik postidentitatearen promesera" izeneko proposamen honek ere euskal narratiba garaikideak izandako bilakaeraren irudi orokorra eskaini nahi du.

Aztertu dituen idazlan eta idazleen artean leku berezia dute, besteak beste, Bernardo Atxagaren lanek. Esaterako, hona hemen azterlan horretako 2. kapitulua, adibide gisa: Obabakoak, edo subalternitatea kritikariaren begiradan soilik ageri denean (PDF, 1 Mb).

Gorka Mercero Altzugarai 1969an jaio zen Donostian. Euskal Filologian Lizentziatua da UPV-EHUn. Doktorea Euskal Literaturan 2012an UPV-EHUn. Tesiaren izenburua honako hau izan zen: Oroimena eta postmodernismoa euskal nobelagintza garaikidean: errealitatea, nitasuna eta nazioaren auziak. Gaur egun University of Liverpooleko Euskal Gaietako irakasle titularra da.

Mundu-ikuskerak euskal narratiba garaikidean: Modernitatearen krisitik postidentitatearen promesera

Idazlea: Gorka Mercero
Argiltaletxea: Amorebieta-Etxanoko Udala / Labayru
Urtea: 2017

Lan honek euskal narratiba garaikidean suma daitezkeen mundu-ikuskera ezberdinen tipologia aletu du. Abiapuntuan Modernitatearen pentsabidea dugu, zeinak errealitatea berezko xede edo jomuga bati loturik irudikatu duen, azken burutzapen berezko bati, alegia. Hondarreko burutzapen edo telos horretan, munduko izateek beren benetako zerizana erdietsiko lukete, beren esentzia, alegia. Halere, esentzialismo moderno hori krisian egon da ia bere sorreratik beretik, balizko hondarreko gauzapenok zinez ez baitira sekula erdietsi ahal izan. Hala, literatura eta pentsamendua errealitate-irudikapen askeagoak sortzen aritu dira azken hamarkadotan, esentzien zurruntasunetik progresiboki aldentzearekin batera “post” aroaren mundu-ikuskeren ez-esentzialismoari leku eginez. Finean, egitasmo honek esentzialismotik ez-esentzialismora doan ibilbide horretan euskal narratiba garaikidea non kokatu arakatu du; hots, zenbateraino eusten dion oraindik ere pentsabide teleologiko modernoari eta zenbateraino barneratu den postidentitatearen promes biluzien eremuan.

(Liburuaren aurkezpenetik hartua