Nire lehen hizkuntza

Haurtzaroko aldi labur batean hizkuntza erabat arrunta izan zitzaidan euskara. Ez nuen hari buruzko iritzi edo, gerora maiz bezala, kezkarik. Aitari eta amari atta eta ama deitzen nien, euriari ebi edo eguzkiari eguzki deitzen nien bezala, eta horretan erabakitzen zen dena, pertsonak eta gauzak izendatzeko modu "betikoaren" erabileran. Alde horretatik, Irazune nire etxean sortutako ume guztien parekoa nintzen; haiek ere, XX.garren mendean bezala XIX.ean edo XVIII.ean, atta, ama, ebi eta eguzki esan izan baitzieten aitari, amari, euriari eta eguzkiari. Gainera, nire kasua Asteasu herriko beste ume guztiena zen, eta bai halaber Euskal Herriko beste askorena ere. Guztiok ginen euskaldunak, "euskara dunak".

Ez zen, hala ere, nik inguruan sentitzen nuen hizkuntza bakarra. Gaztelaniaz mintzatzen ziren, kasu, gure jostaketa lagun batzuk, lehen etorkin andaluziarren seme-alabek -papá, mamá, lluvia, sol esaten zutenak-, eta baita herriko medikua edo maisu-maistrak ere; ezinbestean, azken horiek, zeren, sortzez euskaldunak izan arren, gaztelania erakutsi behar izaten baitzuten orduko hezkuntza ofizialaren helburuak lortu alde. Gaztelaniaz aritzen ziren, halaber, jostundegiko zein ostatu nagusiko irrati aparatuak, beti ere makakorro batean edukitzen zituztenak. Kalean gora eta behera genbiltzala "¡Te amo, Gustavo!" edo "¡Gol de Puskas!" bezalako esaldiak entzuten genituen, eta hasperen zein oihu haiekin ere trebatu egiten ginen hizkuntza berrian.

Bestalde, elizara joaten ginen sarri, eta otoitz batzuk latinez esaten genituen, funtzio nagusietan bereziki: "Pater noster...". Nahiz gutxi erabili, hirugarren hizkuntza hark eragin handia zuen guregan, zeren, mundu arrotz bati buruz ziharduen erlijio batena zenez -Galileaz edo Babiloniaz bezala zeruko belardi gozoez-, misteriotsua egiten baitzitzaigun; areago organoaren musikaz eta intsentsuaren usainaz inguraturik entzuten genuenean. Aldi berean, latinaren apartekotasun hark indartu egiten zuen gure beste hizkuntzen arruntasuna, bereziki euskararena. Inork galdetu izan balit orduan nire etxeko hizkuntza garrantzitsua zitzaidanentz, ez nukeen galdera ondo ulertu izango. Hitz egitea garrantzitsua den heinean zela garrantzitsu, erantzun izango nukeen.

Haurtzaroa bukatu baino lehen, erabateko elebidun bihurtu nintzen, eta ni bezala nire jostaketa kide guztiak. Izan ere, gaztelaniak aurrera egiten zuen etengabe, eskolari eta telebista aparatu azaldu berriei esker, bereziki; ez baitzen gauza bera Puskasen gola entzun ez ezik ikustea -ume guztiek ostatura jotzen zuten partidua zegoen bakoitzean-, edota, Gustavoren hasperenen ordez, Roger Moore,"The Saint", galaiak Vanessarekin edo Samantharekin izaten zituen flirt-en lekuko izatea.

Ez zen ordea gaztelania telebistak bultzatzen zuen hizkuntza bakarra. Filmak gaztelaniara bikoizturik egon arren -Eres adorable, Vanessa-, irudiek erakutsitako hainbat txartel eta dokumentutan open, wanted, I love you eta antzeko hitzak irakurri ahal genituen, behin eta berriro ikustearen poderioz buruz ikasten genituenak. Azkenez, urte haietako batean, frantsesak azaldu ziren herrian: igande goizean beren Peugeot edo Renaultetan iritsi eta S'íl vous plait batekin zuzentzen ziren guregana jatetxe batez galdezka, eta Merci beaucoup batekin eskertzen laguntza.

Beraz, bost hizkuntza gure eguneroko bizitzan, 1960 urte aldera, Euskal Herriko herri txiki batean: euskara, gaztelania, latina, frantsesa eta ingelesa.

Ez dakit halabehar horrek zenbaterainoko eragina izan duen gure bizitzan, niregan eta Euskal Herriko biztanle askorengan; bistakoa da, nolanahi ere, hizkuntzaren fenomenoari buruzko kontzientzia berezi bat eman digula; denok bihurtu gaituela hizkuntzalari, modu amateur edo naïf batean bada ere.

Ez da hain egoera zabaldua, inondik ere. Gogoan daukat, alde horretatik, Eskozian behin gertatu zitzaidana. Auzo batek antolatutako afari batean nengoen, eta ahal bezala jarraitzen nuen nire mahaikideen hizketaldia, Mozarti buruzko filma estreinatu berriari buruzkoa. Niri iritzia eskatu zidatenean, ahal bezala erantzun nien, ezagutzen ez nituen ingelesaren terminoak unibertsalak-edo direnekin ordezkatuz. Halako batean, auskalo zergatik, hypocrisy esan nuen. Mahaikide guztiek miretsirik begiratu zidaten. "Oh!...hypocrisy!" hots egin zuen anfitrioiak. "Your English is getting on!", gaineratu zuten beste gonbidatuek tonu berean.

Nire aitaren kasua alderatu nion gertatutakoari. Behin batez gure aitak, arotza zenak eta Mozarten berririk ez zuenak, Bilboko portuan atrakatuta zegoen itsasontzi japoniar bat ikusi zuen, eta haren izena "Mitxirrika" zela esanez itzuli zen, eta guk ere "tximirrika" deitzen geniola batzuetan tximeletari, eta ez ote zuen horrek adierazten euskararen eta japonieraren arteko harremana...

Haurtzarotik lezio hura ikasita atera nintzen, alegia hizkuntza asko zeudela munduan, eta ez bakarrik nirea, etxean ikasitakoa. Baina beste hainbat lezio neuzkan zain, aurreneko hura baino mingotsagoak, nire hizkuntzaz neukan ustea -"arrunta da"- kolokan jarriko zutenak.

Egun batean herriko gazte bat hurbildu zitzaigun eskolan elkarrekin genbiltzan mutiloi, eta ea non bizi ginen ba genekien galdetu zigun. Txantxetan ari zela pentsatu genuen, baina ez. Bera ez zen geografiaz ari, politikaz baizik. Gerra zibilaz mintzatu zitzaigun, Gernikako bonbardaketaz, faxismoaz, nazismoaz. "Orain badakizue non bizi zareten -erabaki zuen jarraian-. Estatu faxista batean. Euskaldunak eta euskal kultura birrindu nahi dituen Franco jeneralaren pean. Ez al duzue ikusten? Ez zegok eskolarik euskaraz, telebistarik ere ez. Den dena debekatua zegok guretzat". Gaia arrotza egin zitzaigun gehienoi, etxeetan ez baitzen aipatu ere egiten umeok "behar ez zen leku batean" berritu genezakeelakoan, eta berehala bereizi ginen harengandik. Zapuztuta gure ardura gutxiagatik, niregana jo zuen gazteak: "Ba hiri asko komeni zaik kontu hauek jakitea -arrapostu zidan-. Hortxe ibili huen hire ama eskolan gaztelania erakusten. Faxisten esanetara egon huen bera ere". Salaketak ez ninduen momentuan asko inpresionatu, zeren ez baineukan oso iritzi ona gazte hartaz; baina handik egun batzuetara, amarekin eztabaida bat izan nuelarik, hark esandakoa errepikatu nion beste argudio baten ezean. "Hortaz ez nian gaztelania erakutsi behar! -haserretu zitzaidan orduan ama-. "Erraz esaten dik señorito horrek. Berak frantsesa ere ikasi zian akademia batean, eta ez dik nahi baserritarrak euskara ez den hizkuntza bat ikasi. Ba, esaiok nire partetik, baserritar guztiek nahi dutela gaztelania ikastea gero soldaduskan negargarri ez ibiltzeko, eta maistrak ez badie erakusten maistra txartzat hartzen dutela".

Kolegiora joan nintzen handik gutxira, eta hala batak nola besteak, gazteak zein amak, arrazoi zutela konprobatu ahal izan nuen. Hango irakasle batek "traidoretzat" jotzen zituen euskal probintziak Francoren gurutzadan parte hartu ez zutelako, eta gorrotoz zein mespretxuz aipatzen zuen euskara; bestalde, ikasle batzuei euskaldunegi irizten zieten hirian sortutako beste ikasleek, eta nekazariei buruz asmatu diren topiko mendratzaile guztiak eransten zizkieten gupida gabe.

Bigarren lezio hura ikasten hasi nintzen. Euskara ez zen inguruko beste hizkuntzak bezalakoa, ez zen arrunta. Borroka bat zegoen bere inguruan, eta borroka hori bortxazkoa zen. Gernika bonbardatzearen alde egondakoa "hable usted en cristiano" delakoarekin oldartzen zitzaion kalean euskaraz ari zenari. Egunkarietan, berriz, "basokoa" zela zioten; kulturarik sortu ezin zuen hizkuntza; ez behintzat kultura modernorik.

Orduan ez nekien, baina ez zen, etorkizunean ere, bortxazko borrokarik faltako Euskal Herrian, eta bere eragiletako batzuk euskal hizkuntzaren eta euskal kulturaren defendatzaile bezala azalduko ziren munduaren aurrean. Ez da ahaztu behar ETA hirurogeiko hamarkadan sortu zela, eta ez dela oraintsu arte -mila inguru gorpu utzi ondoren - erretiratzeko bidean jarri.

Haurtzaroaz geroko urte haietako batean, gure aitak lehiaketa bat antolatu zuen etxean, hiru anaiok gogoan hartuta. Kontua zen herriko jaiak iragartzen zituzten kartelen antzeko bat asmatzea, eta bertan, orkestra edo txirrindulari lasterketa baten ordez, eskaera bat luzatzea: "Egizu euskaraz, arren". Galdetu genion aitari norako nahi zuen, eta etxeko pasillorako pentsatu zuela jakinarazi zigun; gero eta gehiago egiten genuela gaztelaniaz, eta denak gu bezala hasten baziren euskara segituan galduko zela. Hizkuntzari buruzko hirugarren lezioaren atarian nengoen: hizkuntzen ugaritasunaz edota haien inguruko borroka sozial eta politikoaz gain, heriotzaren kontua zegoen; hizkuntzak hil egin zitezkeen, eta bere hitzak, antzinako txanponen moduan, museoetarako gelditu. Gainera, tamalez, euskara justu arrisku horretan zegoen. Kartel irabazlea, nire anaietako batek egur xafla batekin eta purpurinaz taxutua, pasilloan zintzilikatu zuen aitak, eta hantxe geratu zen luzaro.

Kartela duela gutxi azaldu zen berriro. Anaia eta biok topo egin genuen berarekin sortu ginen etxe zaharreko ganbaran zokomiran genbiltzala. Zurezko oinarria pitzatua zeukan bizpahiru tokitan, baina purpurinazko letrek --"Egizu euskaraz, arren"- lehengoan zirauten. Distira eta guzti egiten zuten hautsa kendu genionean. "Zintzilikatuko al dugu berriro?", esan nion anaiari. Baina txantxa zen. Egoera bestelakoa da 1980. urteaz geroztik, eta ez bakarrik Euskal Herriak lortutako autonomia politikoagatik.

Jakina, euskaldunen geroa ez da oraindik gauza segurua, hala nola ez den segurua, oraingo munduan ere, inongo gutxiengorena; baina Euskal Herriko jendeak hizkuntzari dion atxikimendua ezin da zalantzan jarri. Jendeak -milioi bat pertsonak, gutxienez, euskal lurraldean bizi den biztanleriaren herenak- euskaraz idatzitako egunkaria babesten du; euskarazko telebista eta irratiak jarraitzen ditu; euskaraz argitaratutako liburuak -mila inguru urtean- erosi eta idazleen zein itzultzaileen lana bereganatzen du. Bestalde, euskal eskola edo unibertsitatera bidaltzen ditu umeak edo gazteak, zeinek gaur egun, 70eko hamarkadan gauzatutako "euskara batuan", aita esaten duten eta ez atta, guk herrian bezala; euri, eta ez ebi.

Dio Chateaubriand-ek Amazoniako ibaien ertzetan aspaldi desagertutako hizkuntzen hitzak entzun zitezkeela, papagaioek -100 urte bizi ahal omen diren txoriak- errepikatzen zituztelako. Ez da gure kasua. Agian ez du iraungo gure hizkuntzak purpurina egoskorrak egur gainean adina; baina oraingo papagaio guztiak baino gehiago biziko da.

Ingelesa edo gaztelania hizkuntza bakartzat dutenak, eta baita, batzuetan, historia latzeko herrialdeetatik datozenak -Europa ekialdeko hainbat dauzkat gogoan- harritu egiten dira euskaldunok gure hizkuntzari diogun atxikimenduaren aurrean, eta alde absurdu bat ere sumatzen diote. "Zergatik da garrantzizkoa euskal hizkuntzak aurrera egitea?- galdetu zidan orain dela gutxi Estatu Batuetako kazetari batek-. Bere arrarotasuna eta edertasuna alde batera utzita", gehitu zuen oso rough ez emateagatik.

Aspaldiko aforismo batekin erantzun nion -"bizi den orok irautea du gogo"-, baina kazetari hura ekina zen, eta aurpegi zorrotza jarri zidan. "Egia da, gure hizkuntzari eutsi nahi diogu -jarraitu nuen amore emanez-. Baina ez ederra, antzinakoa edo bitxia delako, baizik arrazoi xehe bategatik: ondo ezagutzen dugun hizkuntzetako bat delako, eta nahiko ondo baliatzen zaigulako eguneroko bizitzan". Ia gehitu nion: "zuri ingelesa bezala, berdin-berdin". Baina ez nintzen ausartu.

"Jende askok dio jende euskalduna primeran komunika daitekeela gaztelaniaz", jarraitu zuen berak. Noski, esaldi zuhur haren azpian betiko galdera zaharra zegoen: "Zergatik ez hitz egin 300 milioik ulertu dezaketen hizkuntzan, milioi bat hiztun ere ez dituen horretan aritu ordez?". Elebidunak ginela esan nion, eta idazle bezala ere bi hizkuntzetan argitaratzen nituela liburuak, eta alde horretatik, bia bata baino gutxiago ez baldin bada behintzat, abantaila besterik ez nuela ikusten. "Baina, abantailak alde batera -esan nion-, errealitateak agintzen du. Pertsona batzuekin euskaraz mintzatzen naiz, beste batzuekin gaztelaniaz. Eta jakina, nik deitu ahal diot emazteari eta gaztelaniaz hitz egin, baina berari oso arraroa irudituko litzaioke. Hogei urte daramatzagu elkarrekin euskaraz hitz egiten". Kasu honetan, erantzunak ez zuen bueltarik izan, baina "bixkor" jokatu nuelako susmo txarra geratu zitzaidan, ez ote nuen tonua apur bat galdu. Nahiz esperientzia luzekoa izan, gutxiengotarra nekez ateratzen da ondo gehiengotar baten galdeketatik.

Elkarrizketekin edo elkarrizketarik gabe, laugarren lezio bat ikasten du euskaldunak gutxiengo batekoa den partez, alegia Kanten txoriak bezala egin beharko duela aurrera, airearen erresistentziari esker, eta aire hori topikoz betea egongo dela; estereotiposfera bat izango dela zinez.

Euskaldun hori idazlea bada, ni bezala, are eta osagarri gehiago izango ditu estereotiposferak. Egun batean "tradiziorik gabeko hizkuntza batean" idazten duela erantsiko diote, euskaraz ezer argitaratu ez balitz bezala -lehen liburua 1545ean atera zen- edota tradizioa hizkuntza banaka batzuen dohain esoterikoa bailitzan; ez, kasu, arrosaren eta edertasun hutsalaren arteko harremana ezagutzea, edota nobelak atalak izaten dituztela jakitea. Beste egun batean, berriz -aurrekoaren aldaera da hau- bere obrak "ahozkotasunari" dioen zorra aipatuko diote, eta baita, askotan, bere amonaren altzoa ere. "Zuk ipuin asko entzungo zenituen zure amonaren altzoan", esango diote, halako tonuz non badirudien munduko beste lekutako idazleen amonek altzo gabeak izan ohi direla. Noski, betiko klasismoa besterik ez da: hiritar señoritoek ere gauza bera pentsatzen dute nekazariari buruz.

Aldi historiko batzuetan, estereotiposfera hori arriskutsua ere bihur daiteke. Hitz erdi bat eta nazionalista edo "ETA talde terroristako kide" deitzen diote idazleari. Hala gertatu zitzaidan niri eta hala gertatu zitzaion hainbat musikari, zinemagile eta kazetari euskalduni Espainian eskuindar nazionalistek agintzen zutenean. Zorionez, eskuin horrek galdu egin zituen hauteskundeak, eta orain nornahiri deitzen dio "ETA talde terroristako kide". Lerro horiek idazten ari naizela, Espainiako presidenteari deitu diotela entzun dut irratian...

Idazle naizenez -eta ez banintz berdin- hizkuntzek garrantzi handia dute niretzat. Denek, ezagutzen ditudan guztiek. Baita erdizka ezagutzen ditudanek ere. Han edo hemen entzun edo esandako hitzek bizitza pusketak ekartzen dizkidate gogora, eta lagundu egiten digute pertsonak eta munduak ulertzen. Halaxe gertatzen zait atta, ama, ebi, eguzki, Pater noster, te amo Gustavo, eres adorable, Vanessa, hypocrisy, hable usted en cristiano eta beste milarekin.

Hala ere, hizkuntza batzuk beste batzuk baino gehiago markatzen gaituzte, gure espirituaren eremu zabalago bat hartzen dute; euskerarekin gertatzen zait niri. Ez ordea haurtzarokoa izan nuelako edo bere baitan -idazle batzuk dioten bezala- mundu ikuspegi aparteko bat ezkutatzen duelako -ez zait iruditzen-; baizik eta, batez ere, hizkuntza berezia, historia gogorrekoa, izan delako, eta ni, eta nire etxekoak, nire lagunak, nire belaunaldikoak, Euskal Herrian bizi den jendearen heren oso bat, historia horren barruan suertatu garelako.

Bernardo Atxaga