« Itzuli albistegira

"Lu eta Le" antzezlana, Xabier Lete eta Lourdes Iriondoren munduari zuzendutako begirada

2016-11-22  ¦  Antzerkia

Donostia 2016k eta Ados Teatroak Lu eta Le obra aurkeztu berri dute. Antzezlana abenduaren 4an estreinatuko da Donostiako Victoria Eugenia Antzokian. Bernardo Atxaga da obraren egilea. Ikuskizuna Garbi Losadak zuzenduko du eta musika, berriz, Juan Carlos Perez konpositorearena da. Xabier Lete eta Lourdes Iriondoren munduari zuzendutako begirada bat da lana.

Donostia 2016k eta Ados Teatroak Lu eta Le antzezlana aurkeztu dute; abenduaren 4an estreinatuko da, Victoria Eugenia Antzokian. Bernardo Atxaga idazlea da obraren egilea. Helburu nagusia, Atxagaren esanetan (Euskadi Irratiko Faktoria irratsaioan entzun dezakezue) ez da emozionatzea, ulertzea baizik: Xabier Lete eta Lurdes Iriondoren bizitza eta inguratu zituen gizartea ulertzea. Heriotza, maitasuna eta gure gizarteak urteetan bizi izan duen gatazka dira antzezlanaren gaiak.

Xabier Lete eta Lurdes Iriondo dira “Lu eta Le”-ren protagonistak, Ramon Agirre, Joseba Apaolaza eta Klara Mendizabalengan gorpuztuta. Kontu asko aipatzen dira obran zehar. Lurdes Iriondo “Euskal Herriko nobia” nola bihurtu zen, gitarra espainola jotzeagatik jasotako kritikak, ETAren atentatuak eta Guardia Zibilak kontroletan hildakoak, “Herri armatua inoiz ez zanpatua” kontsigna ere entzuten da...

Errealismotik haratago dagoen atmosfera honetan, Ramon Agirre eta Joseba Apaolaza aktoreek eta Klara Mendizabal abeslari-aktoreak, errealismotik at egongo den interpretazio kodea izango dute. Arreta handia ipiniko da espresio eta keinuen zehaztasunean, hala nola, testuaren erritmo eta intonazio ez naturalistan. Helburua “musikala” ez da izango testuaren ulermenaren bidez bakarrik publikoarengana iristea, baizik eta, hitzen musikaltasunarekin, errepikapenekin, erritmo aldaketekin, zuzeneko musika eta abeslariaren arteko interakzioarekin komunikazio egoera zabalago bat sortzea.

Abenduaren 4an estreinatuko da Donostian, nahiz eta dagoeneko aurre-estreinaldi bat izan den Urnietako Saroben. Kronika irakurri dezakezue Naiz.eus webgunean. Hurrengo asteetako emanaldiak ere hasi dira ixten arduradunak, Xabi Payak, Donostia 2016ko arduradunak, aurreratu duenez. Donostia 2016 izan da antzezlanaren sustatzailea, eta, Payaren hitzetan, "elkarbizitzarako kultura sustatuko badugu erreferentzia kulturalak ere konpartitu behar ditugu. Donostia 2016ren eginkizunetako bat kultur sorkuntza sustatzea da".

Ondorengo lerroetan, Bernardo Atxagak berak idatzitako hitzak dituzu, "Lu eta Le" idazteko ideia nola otu zitzaion eta nola egin zuen aurrera lan horretan.

"Lu eta Le", Bernardo Atxaga

Egunsentiaren egun izoztuak argitaratu berritan, hura eskuan nuela ibili nintzen hilabete luzez. Irakurri behin eta berriro poemak, batez ere "Neguan izan zen" izena zeraman atalekoak, eta haien mezuak gogoeta bide izaten zitzaizkidan. Lagundu egiten zidaten gogoeta horretan poetari berari aurrez aurre entzundakoak, edota bere eskuizkribuetan irakurri ahal izandako testu intimoak; baita Inazio Mujikak Xabier Lete: (Auto)Biografia bat bilduman jasotako elkarrizketa-zatiak ere. "Zatoz neregana goizaldeko ordu erratuetan, oroitzapenen hari trabatuek iraganera naramatenean...", zioen Egunsentiaren esku izoztuak-eko pasarte batek; "Jaso nazazu, maite, azken egunean, har nazazu zure besoetan muga izugarriaren ataria gurutzatzen dudanean...", zioen beste batek. "Zatoz neregana goizaldeko ordu desanparatuetan...", hurrengoak. Liburuko poema ederrenek maitasuna eta heriotza zuten gai, eta elegia bat osatzen zuten, Lourdes Iriondo gogoan. Pentsatu nuen: "Ez al du Xabier Leteren ahaleginak Orfeo eta Euridizeren kontaera berritzen? Hori izan zen Lu eta Le-ren abiapuntua.

Hasiera batean, asmoa beste bat zen. Donostia 2016-ko programatzaileek hala eskatuta, Gabon Txirrita obraren bertsio bat egin nahi izan nuen. Baina ezinezkoa izan zitzaidan, eta luze gabe baztertu nuen aukera. Zalantzarik ez, Gabon Txirrita obran ere Xabier Leteren espiritua zegoen, gutxik bezala maite izan baitzuen hark bertsolari zaharren mundua; baina Egunsentiaren esku izoztuak liburuan ageri zena sakonagoa zen, unibertsalagoa, egiatiagoa; gainera, Gabon Txirrita-ren estiloa eta forma oso urrun sumatzen nituen nigandik, zeren abangoardiaren ildoa iruditu izan baitzait beti antzerkirako egokiena. Hirugarren arrazoi bat ere erabakigarria izan zitzaidan: ez nuen publikoaren atxikimendu sentimentala eragin nahi. Alde horretatik, Juan Carlos Perezekin hitz egin eta obrarako musika eskatu nionean, bat etorri ginen segituan: ez zen melodia ezagunik izango, ez genuen publikoa ahopeka kantatzen jarriko. Ondo zeuden kontzertuak, nola ez; ondo zeuden gorazarreak, nik neuk azken agur gisa eskaini niona bezalakoak; baina antzokiek esperientzia desberdin baten euskarri izan behar zuten.

Xabier Leteren liburuak eta koadernoak aztertzen jarraitu nuen. Askotan, sufrimendua islatzen zen haietan. Aldika, umorea. Gehienetan, maitasuna. Poliki-poliki, Leteren materia nirearekin nahastuz, Lu eta Le idazteari ekin nion. Irakurketa-testu baten itxura hartu zuen aurrena. Gero, irakurketa-testu ilustratuarena, ilustrazioak batzuetan lirikoak zirela, bestetan onirikoak edo errealistak. Lana bukatzean, zaila egin zitzaidan idatzi berri nuen hura definitzea. Obra dramatiko bat ote? Umorezkoa, umore ilun batez jositakoa? Ilunabarraren une jakin batean ez omen dira hari txuria eta hari beltza bereizten. Litekeena Lu eta Le-ren argiak ere bereizketa garbirik ez bideratzea, edo bideratzea Ados taldekoek gogo dutena.

B A