« Itzuli albistegira

Obaban barrena abiatzeko pasealekua sortu dute Bernardo Atxagak, Donostia 2016k eta Asteasuko Udalak

2015-11-24  ¦  Obaba

Muskerraren bidea deituriko pasealekuak Atxagak irudikatutako Obaba eta Asteasu erreala bateratuko ditu. Proiektua gaur aurkeztuko da prentsaurrekoan, eta azaroaren 28an, larunbatean, inauguratuko da jai eta kultur giroan. Bi kilometro inguruko bidean zehar, zazpi panel aurkituko ditu paseatzaileak. Bertan, Asteasu-Obaba lurrraldeari lotutako kultur gaiak azalduko dira, bertako pertsonaiei buruzko azalpenekin batera.

Obaban barrena abiatzeko pasealekua sortu dute Bernardo Atxagak, Donostia 2016k eta Asteasuko Udalak

Muskerraren bidea Obaba literarioa eta Asteasuko herria bateratuko dituen proiektua da, Bernardo Atxagak, Donostia 2016k eta Asteasuko Udalak elkarlanean sortua.

Toki zehaztugabea da Obaba, eta bertan daude kokatuta Bernardo Atxaga idazlearen narrazio ezagunetako zenbait, hala nola Sugeak txoriari begiratzen dionean (1984), Bi anai (1985) eta, bereziki, Obabakoak (1988).

Asteasutik abiatuta, Obabako lurralde horretan barrena murgiltzen den bi kilometroko pasealekua da Muskerraren bidea. Bidean zehar, hainbat panel eta grabaziok Bernardo Atxagaren obran ardatz diren testu, pertsonaia eta tokien berri emango diote ibiltariari. Hala, pausorik pauso, Bernardo Atxagaren lana eta Asteasuko paisaia ezagutzeko aukera ematen du Muskerraren bideak.

Proiektu honen baitan, Muskerraren bidea gida literarioa ere argitaratuko da, Bernardo Atxagak idatzia eta aurtengo Durangoko Azokan aurkeztuko dena.

Informazio gehiago eta eguneratua, muskerrarenbidea.eus webgunean. Eta albistearen inguruko erreportajea, DW telebista alemaniarrean (12. minututik aurrera).

Inaugurazioa

Azaroaren 28an, larunbatean, proiektukideek Muskerraren eguna antolatu dute Asteasun, asteasuarrei eta bertaratu nahi duen pertsona orori Muskerraren bidea ezagutzera emateko.

Goizean hasita, eta salda beroa hartu ondoren, Atxagarekin batera ibiliko gara paseoan, haren (eta bidelagun izango dituen zenbaiten) azalpenak entzunez. Arratsaldean, idazleak udaletxeko ekitaldi aretoan emango duen hitzaldia izango da abiapuntua, eta hortik aurrera musika nagusituko da. Eguna lagun artean amaitzeko, askaria eskainiko da frontoian.

Egitaraua

  • 11.00 Ongi etorri Asteasura. Salda beroa herriko tabernetan.
  • 12.00 Paseoa Muskeraren Bidetik. Argazkia eliz atariko harmailetan.
  • 17.00 Bernardo Atxagaren hitzaldia udaletxean.
  • 18.00 Mirari Irurzunen eta Joxan Goikoetxearen musika-saioa udaletxean.
  • 18.30 Errebal taldearen musika Usarrabi Kiroldegian. "Musker" pintxoak denontzat.

Panelak

Bi kilometro inguruko bidean zehar, zazpi panel aurkituko ditu ibiltariak. Bertan, Asteasu-Obaba lurrraldeari lotutako kultur gaiak azalduko dira, bertako pertsonaiei buruzko azalpenekin batera. Horietako batzuk panelean irakurgai egongo dira, eta beste zenbait QR kodearen bitartez zabalduko den weborrian entzungai.

Argazki-galerian ikus ditzakezu Muskerraren bideko panelen irudiak.

Paneletako testuak Asun Garikanok eta Bernardo Atxagak sortu dituzte; iruditeria B0ST talde