« Itzuli albistegira

"Soinujolearen semea" antzezlan bihurtuta

2012-10-17  ¦  Antzerkia

Bernardo Atxagaren Soinujolearen semea eleberriaren antzerki moldaketa aste honetan iritsiko da taula gainera Ttanttaka Teatroa konpainiaren eskutik. Atzo egin zen prentsa aurreko aurkezpena, eta bihar (urriak 18) estreinatuko da Bilboko Arriaga Antzokian. Ondoren Gasteizen eta Donostian ere ikusi ahal izango da, euskarazko eta gaztelaniazko emanaldietan.

Ttanttaka Teatroa konpainia izan da Atxagaren eleberri ezaguna (Pamiela, 2003) taularatu duena, Patxo Telleriaren egokitzapenari esker.

Antzerki-ekoizpen honek, gainera, hiru antzokiren arteko elkarlana ekarri du, Bilboko Arriagak, Gasteizko Principalek eta Donostiako Victoria Eugeniak indarrak batu baitituzte Atxagaren lana eszenaratzeko.

Estreinaldia bihar izango da urriaren 18an (osteguna) Bilboko Arriaga Antzokian. Arratsaldeko 20'00tan, euskeraz. Ondoren:

  • Urriaren 19, 20 eta 21ean Bilboko Arriaga Antzokian (gaztelaniaz).
  • Urriaren 24 eta 25ean Gasteizko Principalen.
  • Azaroaren 3, 4 eta 7an Donostiako Victoria Eugenian.

Ondoren Madrilen ere aurkeztuko da.

Soinujolearen semea 2003. urtean argitaratutako eleberria da. Harrezkero 14 hizkuntzatara itzuli da eta oso harrera ona izan du mundu guztiko irakurleen artean. Oraingoan, hezur-haragizko ere bihurtuko dira Dabid, Joseba, Lubis, Teresa eta gainontzeko pertsonajeak.

Sinopsia

David eta Joseba txikitako lagunak dira. Haur izateari utzi berritan Davidek jakingo du aitak nazionalei lagundu ziela gerra zibilean. Frankismoaren aurkako borrokak liluratuta, batak arrazoi ideologikoengatik, emozionalengatik besteak, artean hasi berria zen ETAn sartzea erabakitzen dute, 70eko hamarkadaren hasieran. Ezkutuko borrokaldi labur eta trakets baten ondoren Frantzian erbesteratuko dira. Handik gutxira etorriko da Daviden desilusioa, eta aurrerago, ETA uztea, eta lagunari eta taldeari egindako traizioa. Espetxetik irten ostean, kideen artean zokoratuta dagoenez, Davidek Ameriketara joatea erabakiko du, bizitza berri bat hasteko asmotan.

Hogeita hamar urte geroago, David hiltzeko zorian dago Kaliforniako bere etxaldean, azkenean zoriontsu bizi izan ondoren. Josebak une horretan bisita egingo dio, iraganeko kontuak argitzeko intentzioarekin. Hala, soinujolearen semea, iraganean iskin egin nahi izan zien mamuei aurre egin beharrean gertatuko da.

Fitxa teknikoa

  • Egilea: Bernardo Atxaga
  • Antzerkirako egokitzapena: Patxo Telleria
  • Zuzendaritza: Fernando Bernués
  • Musika: Iñaki Salvador
  • Eszenografia: Jose Ibarrola
  • Argiztapena: Xabier Lozano
  • Antzezleak: Mattin Apaolaza, Aitor Beltran, Joseba Apaolaza, Mikel Telleria, Iñaki Rikarte, Patxo Telleria, Mikel Losada, Amancay Gaztañaga, Asier Hernández, David Pinilla, Vito Rogado, Anke Moll, Mireia Gabilondo, Iñaki Salvador.