« Volver a la noticias

Atxagak idatzitako Xolaren abenturak "Wonderful Kids Books For Dog Lovers" zerrendan sartu dute

21-03-2019  ¦  Prentsa

Txakurzaleentzat gomendatutako 10 liburu onenen zerrenda egin du EzvidWiki komunitate estatubatuarrak, eta bertan azaltzen da Atxagak idatzitako "Xolaren abenturak" ("The adventures of Shola", 2013).

Atxagak idatzitako Xolaren abenturak

Estatu Batuetatik iritsi zaigu albistea, Ezvid Wiki webgunetik. Txakurzaleentzat gomendatutako 10 liburu onenen zerrenda egin dute eta bertan aurkituko ditugu Bernardo Atxagaren eskutik jaiotako txakurtxo baten abenturak, Xola txakurrarenak (The adventures of Shola).

Lau liburutan argitaratu ziren Xolaren abenturak euskaraz: Xolak badu lehoien berri (1995, Erein), Xola eta basurdeak (1996, Erein), Xola ehizan (2000, Gara) eta Xola eta Angelito (2004, Erein). Horiek laurak liburu bakarrean bildu ziren itzulpen ingeleserako, The adventures of Shola izenburupean (Pushkin, 2013). Ingelesezko argitalpen horrek oso harrera ona izan du irakurle eta kritikarien artean. The independent egunkariak 2013ko liburu onenen zerrendan sartu zuen, 2015eko Marsh saria irabazi zuen eta irakurleen aldetik ere oso iruzkin onak ari da jasotzen.

2011an sortu zen Ezvid eta munduko lehenengo bideo-wikia izan zen. Une honetan Estatu Batuetako webgune bisitatuenen artean dago eta bere Youtube kanalak milioi erdi jarraitzaile ditu. Esan bezala, orain txakurzaleentzat gomendatutako 10 liburu onenen zerrenda egin dute, Wonderful Kids Books For Dog Lovers eta zerrenda horretan sartu dute Atxagaren liburua. Hau da zerrenda osoa:

  1. "Xolaren abenturak" Bernardo Atxaga eta Mikel Valverde
  2. "Two Dogs in a Trench Coat Go to School" Julie Falatko eta Colin Jack
  3. "The Unwanted Puppy" Holly Webb eta Sophy Williams
  4. "The Case of the Monster Fire" John R. Erickson eta Gerald L. Holmes
  5. "Groovy Joe: Ice Cream and Dinosaurs" Eric Litwin eta Tom Lichtenheld
  6. "Finding Danny" Linzi Glass
  7. "Saving Marty" Paul Griffin
  8. "Mutt’s Promise" Julie Salamon eta Jill Weber
  9. "Lara’s Gift Annemarie" O’Brien
  10. "Voyage of the Dogs" Greg Van Eekhout