« Back

Atxagaren 'Soinujolearen semea' ari dira filmatzen Fernando Bernuesen zuzendaritzapean

2018-06-19  ¦  Zinema

Soinujolearen semea eleberriaren zinemarako egokitzapena ari dira filmatzen egunotan Donostian. Eneko Sagardoy, Joseba Apaolaza eta Mireia Gabilondo daude aktoreen artean eta Fernando Bernues izango da zuzendaria. Bernardo Atxagari elkarrizketa egin dio Berria egunkariak asteburu honetan.

Atxagaren 'Soinujolearen semea' ari dira filmatzen Fernando Bernuesen zuzendaritzapean

Bernardo Atxagaren lanik ezagunenetakoa da Soinujolearen semea (Pamiela, 2003). 15 hizkuntzatara itzuli da, oso harrera ona izan du irakurleen aldetik, eta antzerki ere bihurtu zen 2012an. Oraingoan zinemetan ikusi ahalko dugu.

Maiatzean abiatu zuten proiektua eta duela egun batzuetatik Donostian ari dira filmatzen. Eneko Sagardoy, Aitor Beltran, Iņaki Rikarte, Joseba Apaolaza, Mireia Gabilondo, Frida Palsson eta Miren Arrieta aktoreek hartuko dute parte, Fernando Bernuesen zuzendaritzapean.

Filmazioaren harira elkarrizketa egin diote Bernardo Atxagari Berria egunkarian. Ez da lehen aldia Atxagaren obra batek zinemarako jauzia egiten duena. Kasu honetan, ordea, pelikularen gidoian esku hartzeko aukera izan du idazleak eta filmaketa prozesuan ere bere iritzia emateko aukera izan du.

"Askotan esaten den kontu bat da, baina idazleak ez dauka pelikula bat buruan; nik ez daukat irudirik. Liburuan dagoen dena airea da, pentsamendu hutsa, ez da ikusten. Egileak liburua baino ez dauka buruan. Bi mundu erabat desberdinak dira. Kasu honetan, nik filma bere horretan gustatzea nahi dut, beste film bat izango balitz bezala. Oso intentsoa izango den irudipena daukat, eta ikusten dudanean, ziur naiz inpresio handia egingo didala. Finean, nire lana erdi-bizirik, erdi-materia bihurturik ikusiko baitut".

Bosgarren filmaketa astea da hau. Ultzaman eta Irunen grabatu ondoren, orain Donostian ari dira eta hemendik Nafarroara itzuliko dira segidan, Lesaka eta Berara, Obabako paisaien bila. "Hil honen 27an bukatuko dugu filmaketa. Baliteke filma urriaren bukaerarako amaituta egotea, eta urtarrilean estreinatzea litzateke asmoa", Bernuesen esanetan.

Atxagaren lan honek idazlearen aurreko guztiak hartzen ditu bere baitan, nolabait esateko. Irakurleek lehendik ere ezagunak zaizkien pertsonaiak eta gaiak aurkituko dituzte orrialde hauetan, baina aldi berean, ordea, berria egingo zaie dena: mundu zabalagoa eta sakonagoa aurkituko dute, giza esperientziari estutik lotzen zaiona. Bernardo Atxagak berak elkarrizketa batean adierazi zuen bezala: "Orain arteko guztia sartu nahi dut liburu batean, eta nire idazle bizitzako atal bat itxi berriro hutsetik hasteko".

Argazkia: ABRA PROD, Berria.