« Itzuli blogera

Volcanos of Nevada

2008-05-06  ¦  Nevadako egunak

Gure izebei, eta gure amei berdin, izugarri gustatzen zitzaizkien Mugatseko festa haiek, zeren, umetan entzundakoa zehatz aipatuz, "mandioaren egurrezko zorua gora eta behera hasten baita dantzan saltoka dabilen jendearekin, eta hain gazte ez garenok ere arin ibiltzeko modua izaten baitugu". Nik ere probatu nuen mandio hura, baina korri egiteko bakarrik. Hanpadura piska batekin esanda, koltxoi baten gainetik ibiltzea bezala zen.

Joan den apirilaren 26ko gauean, ordenagailuaren aurrean nengoela, buruak Mugats hartara alde egin zidan bat-batean. Oroitzapenak festaren xehetasun nagusiak ekarri zizkidan bata bestearen atzetik, garden eta bizi: piper gorri kaxkartuez hornitutako oilasko errearen irudia; dantzarien kriskitin-hotsa eta Muttubiyaren ahotsa ene maitia zer dezu kantatzen; orduko neska urrikalgarriak janzten zituzten soineko eta soinekondoen kaida latza; baita, azkenez, ezer baino indartsuago, egurrezko zoruaren mugimendua ere.

Une hartantxe jabetu nintzen, oroitzapenaren azken hariarekin. Renon nengoen, eta ez Ernioko bidean; ez zen festarik, baizik eta lurrikara. Une batez, umetako beste oroitzapen bat etorri zitzaidan gogora, 1960 inguruan Euskal Herrian izandako lurrikararena. Inguruetako txakurrak zaunka hasi ziren beren onetik aterata, eta horregatik jakin genuen, aurreneko dardarak hasi baino lehen ere, zerbait bazela. Baina Renon ez da txakur zaunkalaririk. Ustekabean harrapatu ninduten astinduek.

Trenarena bezalako burrunba batek hartzen zuen etxe guztia. Mahai gaineko lanpara pendola bat bezala zebilen. Leihoko estoreen sokak, beste horrenbeste. Eta gehiena mugitzen zena, bere astunean, hozkailua. Kalean, garrasiak.

Erlojura begiratu nuenean hamabiak hogei gutxi ziren. Familia guztia esna zegoen ordurako, eta -hanpadura pixka batekin esanda, oraingoan ere- mundua zaintzen aritu ginen denok hamar edo hamabost minutuz. Baina mundua, itxuraz, loak hartuta zegoen berriro. Eta gu ere lotara joan ginen.

Goizaldean bere lekuan jarraitzen zuen denak, eta blue bird esaten zaien txori luma-urdinak egunero bezala zebiltzan etxearen atzeko lorategian, zuhaitzen adarretatik lurrera eta lurretik zuhaitzetara. Alde bakarra, lorategian Bill Douglass zegoela bere muino gaineko etxetik jaitsita, hizketan lorazainarekin.

Eszenak lasaitu egin ninduen. Izan ere, Bill Douglassek gu bizi garen etxea oparitu zion Center for Basque Studies-i; eta arduratu ere, bera arduratzen da oraindik - gratis et amore - haren hainbat premiez. Beraz, normala zen dena. Gurpilak jiraka jarraitzen zuen.

Reno Gazette-Journal eskuan nuela inguratu nintzaien, eta, noski, lurrikaraz hasi ginen. Egunkariak zioena zuzendu zuen lorazainak segituan. Ez zela 4.9-ko intentsitatekoa izan, baizik eta 4.7koa. "Ehun urte izango ditu -esan zuen berriz Bill Douglassek etxearen sendotasunaz galdetu nionean- eta ez da oraindik erori." Barrezka jarraitu zuen hizketan: "Denarekin gertatu zarete hemen. Inoiz ez bezalako elurrak, haizeak, hotzak, kriskitin-sugeak eta hartzak ere bai inguruan, eta orain gainera lurrikarak. Nik uste Euskal Herrira itzultzean belaun biko jarri eta muin emango diozuela hango lurrari Bizirik atera gara! esanez".

Uste hark mereziko zuen agian komentario zuzenago bat, baina bezperakoa kontatzea erabaki nuen: "Ba, lokartu egin nintzen ordenagailuaren aurrean, eta ametsetan Mugats izeneko baserri bateko festan nengoela iruditu zitzaidan…"

Bill Douglass Center for Basque Studies-en lagun da oraindik, baina azken aldi honetan ekologiaz eta arrantzaz idazten du oroz gain, ez euskaldunei buruz Death in Murelaga argitaratu zen garaietan bezala. Hala ere, Euskal Herria bisitatzeko gogo izpi bat sumatu nion. "Nik ere jan nuen behin zuk diozun bezalako oilasko errea Lesakan. Piper gorri kaxkartuekin hornitua zegoen hura ere", esan zuen. Anthony Burgessen juzku bat aipatuz erantzun nion: "Abertzaletasuna, herrimina, sorterriarekiko maitasuna…denak ere janariarekin lotuta egoten omen dira. Agian horregatik izan da hain enkomiastikoa oilasko errearen deskribaketa". Pentsatzen geratu ginen biok, tarteka aberriaz, tarteka oilasko erre piper gorri kaxkardunaz.

Txori urdinak oso petralak dira, eta gu lorategitik uxatu nahian zebiltzan beren karraka ahotsarekin. Joan beharra zegoen handik. Elkarri agur esan aurretik, lurrikararen gaiari heldu genion berriro. "I have my own opinion about that", esan zuen lorazainak keinu eszeptikoz, Reno Gazette- Journalen azalean hatza. Ez zuen berak sinesten egunkariak -Don Beldurrek hemen duen laguntzailerik handienak- adierazten zuena, hots, lurrikarak "txartu" egin daitezkeela, adituek 6 intentsitateko bat iragarri dutela. "Niri ere hala iruditzen zait, ez dela larriagorik izango -lagundu zion Bill Douglassek-. Azken batean, Nevadan ez dago sumendirik."

Inork gutxik ezagutuko ditu Mendebal honetako desertu eta mendiak Bill Douglassek bezain ondo, eta iritzia erabakigarria iruditu zitzaidan.

Arratsaldean, egunero bezala, umeek koloreetako paperekin itzuli ziren eskolatik, eta haietako batek mezu bat zekarren lurrikara arriskuaren aurrean hartu beharreko neurriekin. Posta elektronikoaren kutxan, berriz, unibertsitateko arduradunek bidalitako mezu bat zegoen, arauekin hura ere: linterna bat eduki behar genuela eskura, eta ura, eta janaria, eta kendu egin behar genituela hormetatik gauza jauskorrak, eta etxea dardarka hasiz gero babes lekurik onena sarrerako atearen hutsunea zela, edo bestela mahai azpia.

Gauean beste astindu bat sentitu genuen, oso laburra, eta arauei jarraiki hormak hustu genituen ohera joan aurretik. Ametsetan hasi nintzen loak hartu bezain azkar. Areto batean nengoen, Renoko Arte Modernoko eraikuntzan agian, eta Bill Douglass bere azken liburua aurkezteko lanetan ari zen. Ezin nuen liburuaren azala ikusi, baina azkenean begiak luzatu eta lortu nuen. "Volcanos of Nevada", horra liburuaren izena.

Erantzunak

#1. Urbinaga ¦ 2018-05-07 ¦ 20:59

Bilbotarrak direla dirudite. Hemen eurijasak, que va, bakarrik sirimiria. Uholdeak etorri zirenean hasi ziren Ibaizabaleko ibaialdeak babesten. Baina beldurra libre da eta beldurrik handiena bakoitzak nabaritzen duena da arrazoirik gabe.Ez diezaiogun utz zabaltzea.

#2. Luistxo ¦ 2008-05-09 ¦ 13:55

Ez pentsa hain urruti daudenik sumendiak... Amerikako mendikate gazteena, mila urte baino gazteagoa, 200 kilometrora duzu Renotik, Kaliforniako muga igaro eta bertan, Mono lakuaren inguruko Mono-Inyo sumendiak.

#3. Erain ¦ 2009-04-09 ¦ 13:05

Lotsa ere ematen dit zuri idazteak. Idazle bati idaztea... beldurra ere ematen du. Eskerrak eman nahi dizkizut bakarrik, milesker idazteagatik, milesker euskaraz idazteagatik, milesker euskararengatik egiten duzunagatik... esker anitz! Nire ametsa zu zaren laurdena izatera iristea da. Gaztea naiz, eta asko falta zait oraindik, horregaitik ematen dit hainbeste lotsa. Gotzon Garate eta zu zarete nire adibideak. Zuengatik ikasten ari naiz ikasten ari naizena. Eta zuengatik izan nahi dut, izan nahi dudana. Gotzoni jada ezin dizkiot eskerrak eman, nahiz eta alboan eduki nuen. Niretzako oso handiak zarete, eta ni, zuen ondoan hain txikia... Lotsa haundiz, milesker guztiagatik! Erain.

Erantzun



E-posta helbidea ez da publikatuko. Konfirmazioetarako bakarrik