« Itzuli blogera

Barack Obama

2008-01-10  ¦  Nevadako egunak

Ilunpean, zeren ilunak izaten baitira kasinoen barruak, lanpara dotore bezain makalek doi argitutakoak, dirdai egiten zuten makina txanpon-jale biziki koloreztatuek; makinen aurrean, baina tristeago, kezkatuago, errainuen pare, jokalariek bururik altxa gabe eragiten zieten fortunaren hamaika gurpilei, eta muzintsu ziruditen kanpoko mundukoen presentziagatik. Aitzitik, kanpoko mundukoei ez zien jokalarien ezerk ardura, eta hizketan ari ziren elkarren artean, edo Barack Obamaren foiletoa irakurtzen, edota bozgorailuetatik zabaltzen zen musika entzuten; Elvis Presley, The Animals, Grateful Dead, Black Sabbath.

Deigarria zen. Joko Handiaren gaiak gogoan zituztenak - gerra, lan baldintza negargarriak, arma salmenta librea, osasun sistema- oso lasai zeuden itxuraz; Joko Txikian ari zirenak, aldiz, hil edo biziko zerbaiten aurrean bezala, zapaldu beharreko botoiak beste gorri hura bezalakoak bailiran.

Turn the page in Iraq, "pasa orria Iraken", zioen letra handietan foiletoaren izenburuak, eta haren azpian Barack Obamak 2002ko urriaren 2an argi esandakoa irakur zitekeen: "Gerra ergelaren aurka nago ni. Pasioa duelako oinarri, eta ez arrazoia; politika, eta ez printzipioak". Foiletoaren bigarren orrialdean, tarte bat bere asmo orokorrak azaltzeko: "Ez nabil ni presidente izan nahian Washingtongo pentsaera konbentzionalarekin bat egiteko. Asmo horretan nabil hura desafiatzeko…". Hirugarren orrialdean, gerrarekin bukatzeko plana lau puntutan. Laugarrenean, laguntzaileentzako norabide eta telefonoak, eta bere lemaren errepikapena: "End the war. Join the movement". "Bukatu gerra. Egin bat mugimenduarekin".

Barack Obama modu apalean atera zen jendeaurrera, antolamendu arduradunen sartu-atera etengabean tarte bat aurkituta bezala, eta entzule asko ez zatekeen haren sarreraz ohartu ere egingo baldin eta eszenategian bertan zegoen babesle korua zutik jarri eta txaloka hasi ez balitz. Koruko lehen ilarako batzuei eskua eman, eta zuzenean mikrofonora: Barack Obama, Estatu Batuetako presidentea izan nahi duen gizona.

Ilunpea zen nagusi aretoan ere, baina dotore luzitzen zuen horratik, dena setazkoa bailitzan, eszenategiaren atze aldeko bandera nazional erraldoiak. Argi indartsu bakarra, noski, Barack Obamaren mintzatokiari zuzendutakoa zen, baina argi hura ere, agian setazkoa ez, baina kotoizkoa zen, goxoa, etxeko egongelako lanpara zaharrek izaten dutenaren tankerakoa. Eta bere janzkeraren koloreak berdin, goxoak: traje marroi argia, alkandora zuria, gorbata gorri iluna. Makina txanpon-jaleen distiretatik oso urruti zeuden koloreak eta tonuak, denak ere; pop izan beharrean estetika japoniar tradizionalaren arabera aukeratuak ziruditenak. Ez al zuen Yasunari Kawabatak kolore apalen laudorio bat idatzi, eta haien mudatzea Japonen gertatzen ari zen inbasio kultural amerikarraren seinaletzat jo? Urrutiegi noa, agian, eta litekeena da Barack Obamaren koloreak giro orokor baten adierazgarri izatea, zeren zaila baita gaur egun, Nevada honetan eta beste estatuetan, urdin iluna edo grisa ez den jantzirik ikustea. Baina begiratzen ditut haren argazkiak eta telebista irudiak -alkandora zuria ia beti, urdin argia bestela; gorbatarik gabe batzuetan- eta itxurarekin ere berak dakarren aldaketa gogoa azpimarratu nahi duela iruditzen zait.

Hitzaldi labur bat eman zuen aurrena, hogeiren bat minutukoa, eta foiletoan irakurri ahal ziren ideiak adierazi zituen zabalean. Diskurtso orekatuan, hari arriskutsu bakar bat: hasiera-hasieratik egon zela bera gerraren aurka. Ez dela hori, alegia -ondorioa entzuleak atera behar du, baina ez da zaila- Hillary Rodham Clintonen kasua, zeina Bush Presidentearen lerroan kokatu baitzen beste hainbat politikari demokratarekin batera. Ez dela, beraz, agian, hain azkarra eta esperientzia handikoa hautagai aurkaria. Eta, hain zuzen ere, horregatik ateratzen duela kontua: "*This is not just a matter of debating the past. It?s about who has the best judgment to make the critical decisions of the future*". Ez duela gaia ateratzen iraganari buruz jarduteko, baizik eta ikus dadin nork duen etorkizuneko erabaki larriak hartzeko adimena.

Egunkarietako iritzi emaile batzuek -Reno Gazette Journalekoek, kasu- indartu egiten dute Barack Obamaren posizioa, eta Hillary Rodham Clintonek iraganean egindako lan politiko txarrak aipatzen dituzte, osasun sistemari buruzko egitasmo bat tartean. Baina, berriro esanda, hari arriskutsua da. Argudioa askotan errepikatuz gero, bere burua bizkortzat daukan norbaiten jarrera iduri luke… eta, jainkoarren! nork nahi du bizkorrik tartean? Izan ere, denok daukagu arrunt samarrak garelako irudipen ziurrenik egiatia, eta gure mailako bat nahi dugu agintean ere. Clouseau inspektorea etxeko egiten zaigu; ez hala Sherlock Homes. Idatzita dago leku askotan: Bush presidenteari arrunkeriak eman ziola bultzada mediatikorik handiena.

Heldu zen publikotik galderak egiteko tenorea, eta hogeita hamar edo berrogei esku altxa ziren batera. Barack Obama alkandora hutsean zegoen ordurako, bilduta mahukak, eta eszenategiaren alde batetik bestera zebilen pauso lasaian.

Eman zuen lehenengo hitza eta gizon beltz batek belztasunaz galdetu zion, ea presio berezirik sentitzen zuen bere azalaren koloreagatik. Barack Obamak ezezkoa eman zuen, ez zuela axola berdea, gorria, zuria, horia edo beltza izateak. Estatu Batuetako arazoak beste batzuk zirela gaur egun.

Modu bereziki goxoan erantzun zion Barack Obamak hurrengo galderagileari. Pyramid Lakeko erreserban bizi zen paiute andre adindua zen, eta bere jendearen bizi baldintzak azaldu zituen mintzaera mantsoan: hain ziren pobreak non auzo zintzoen laguntzarik gabe goseak hilko ziratekeen, edo, mediku asegururik gabe, edozein gaitzez. Arrazoia eman zion eta osasun sistemaren arloan hartu beharreko neurri batzuk azaldu zizkion Barack Obamak.

Aretoko bostehun edo seiehun pertsonek aparteko isiltasunez bizi izan zuten unea. Ez dira Hollywooden "indioen eta bakeroen" pelikulak bazta-bazta egiten ziren garaiak. Modu batera edo bestera, Estatu Batuetako gizartearen zati bat errudun sentitzen da konkistaren gogorkeriaz.

Koreako eta Vietnamgo beterano batek hartu zuen hitza ondoren, eta berek ere bizi duten egoera kaxkarra aipatu. Hitzezko onespena bai -jai eta guzti: Veterans Day, azaroaren 11n-, baina gero, errealitatean, haientzako ospitaleen egoera tamalgarria lekuko, oso arreta gutxi. Barack Obamak erantzuna eman zionean, zutik jarri eta militarki agurtu zuen beteranoak, besarkada bat eskaintzen duenaren berotasunarekin.

Galdera gehiago etorri ziren, eta haietako baten anparoan Barack Obamak -denbora aurrera baitzihoan- lelotzat daukan istorioa kontatu zuen. Andre adindu bat etorri zitzaion, nonbait, hitzaldi baten ostean, eta bere herrira joango al zen galdetu. Eta berak baiezkoa eman zion. Iritsi zen eguna, egun txit desegokia berarentzat akitua zegoelako aurrekoetan egin behar izandako lanagatik, eta konturatu zen herria -Greenwood- Jainkoak bakarrik zekien lekuan zegoela, oso urruti.

Hartutako konpromisoaz damututa, Greenwoodera iritsi zen halako batean. Damua handitu egin zitzaion orduan, ia hutsik baitzegoen hango aretoa. Etsi-etsian, lana azkar egin eta itzulbidean jartzea pentsatu zuen. Baina, hartan, andre adinduak ordu erdi bat eskatu zion, eta hartu autoa eta etxerik etxe ibili zen ziztu batean, jendeari deika. Denbora haren buruan, aretoa beteta zegoen, goraka bihotz guztiak andre adinduak egindako propaganda lanarekin. Bilera ederra izan zen. Eta dena andre adinduaren kemenari esker.

Istorioaren bukaerara iritsiz batera, Barack Obamak crescendo bati ekin zion: "One voice can change a village!…" Ahots batek herri bat alda dezake! Herri batek harana! Haranak eskualdea! Eskualdeak estatua! Estatuak nazioa! Nazioak mundua!!... Aurreneko aldiz hitzaldiaren hasieratik, Barack Obama mitinetako tonuan ari zen; baina garrasirik gabe, neurriari eutsiz.

"Hemengo hautagai batek bakarrik egin dezake horrelako baieztapen bat gezurrik gabe", esan zidan nirekin zegoen adiskideak. "Hemen gertatzen denak eragina izango du mundu guztian". Arrazoia eman nion, esanez suertea izango genuela agian Barack Obamak aurrera egiten bazuen. "Ez al dirudi onegia? Ez al da bere diskurtsoa borobilegia?", egin zidan kontra, edo erdi kontra, adiskideak. Arrazoiz, orduan ere. Prentsan ere azaldu da behin edo behin: Barack Obamak ezkutatu egiten duela bere biografiaren alde bat, zeinek Estatu Batuetako pribilegiatuen artean kokatuko lukeen, eta ez, berak aditzera ematen duen bezala, mito amerikarraren lerroan: "Hain da ona Estatu Batuetako sistema, non ume beltz behartsu batek bertako presidente izatea lor dezakeen". Bizkortasunaren haria baino arriskutsuagoa izan daiteke Barack Obamarentzat ontasunarena.

Irten ginenean, han jarraitzen zuten jokalariek makinen aurrean eserita, orduan ere triste, kezkatu, errainuen pare. Hitzaldira hurbildutakoek, berriz, sartzerakoan baino poz handiagoarekin. Bozgorailuetatik, une hartan, hamalau-hamabost urte nituenean izugarri gustatzen zitzaidan Barry McGuire-ren kantu bat erne zen: The eve of destruction. Desio politiko onei buruz beti gaudela suntsiketaren bezperan, pentsatu nuen. Baina, carpe diem, bizi dezagun bezperaren bezperako poza; atzera dezagun ahalik eta gehien triste, kezkatu, errainu huts bihurtuko garen unea.

 

Erantzun



E-posta helbidea ez da publikatuko. Konfirmazioetarako bakarrik