« Itzuli blogera

Beldurra

2008-04-03  ¦  Nevadako egunak

Bada, beldurraz -diot nik, predikari haien erretorikaz- konparazio bera ezar daiteke: azaldu, aztertu, kontatu mila kasu, eta haiek denak ez lirateke inurriaren aurreneko mila pausoak baino. Eman beste hamaika mila, eta gaiaren inguruko lehen buelta osatuko genuke. Baina buelta hori ere ez litzateke izango infinitu baten abiapuntua baino. Laburtuz: ez da beldurra baino eragile nagusiagorik bizitza pribatuan zein publikoan. Pentsamenduaren eraikuntza handienak eta txikienak hura dute oinarri; askotan, hura bakarrik.

Garrantzi handikoa beti, are eta garrantzitsuago dirudi beldurrak gaurko egunean. Edo, behintzat, inoiz baino presenteago dago, azpitik gora egin eta azaleratu balitz bezala; halako mania bat balego bezala gizarteen eta pertsonen oinarri insecuro horren hautsak harrotzeko. Zabaldu Reno Gazette- Journal egunkaria -ez bereziki horia hemengo testuinguruan-, eta krimen baten berria ez denean, inguruko eskualde batean agertutako bakteria arraro eta mortalari buruzko kronika da, edota aurtengo gripearen aurka txertatzeko aldarri urgentea -zeren, noski, aurtengoa mortala izan baitaiteke.

Egunkaria itxi eta hezkuntzari buruzko aldizkari bat hartzean, berriz, ez da oharra faltako: erne guraso guztiak umeekin. Ez utzi behin ere bakarrik. Izan ere umea abducted -bahitua- izan daiteke, hala nola sekula gehiago azaldu ez diren ehunka batzuk azkeneko hogei urteotan. Eta, egunkariak edota aldizkariak bezala, dokumentu ofizialak ere izango du bere sustoa. "Errepasa itzazu datu guztiak eta ikusi ondo dauden -dio dokumentuak letra gorrietan-. Datuak faltsutzea gogorki kastigatutako delitua da. It?s the law".

Egunkariak, kazetak eta dokumentuak alde batera utzi eta joan gaitezen mendira, eta gainera lasai, aukeratu dugun mendian ez baita hartzik izaten. Baina ez da lasaitasunik, hantxe dago txartela: "Erne mountain lion edo puma delakoekin. Ibili taldean eta ez utzi umeak solte, zeren nagusiei gutxitan egiten baitiete eraso, baina umeei sarriago". Eta azaltzen bazaizu, hoberena -ematen du txartelak aholku-, begietara begiratzea, oihuka hastea eta harrika egitea. Eta eraso egiten badu, orduan utzi berriketak eta "ahalik eta bortitzen erantzun".

Utz dezagun mendia, joan gaitezen desertura. Lasai, rattlesnake edo kriskitin-suge asko daude, baina shy dira, lotsatiak, bere gisara uzten badituzu ez dizute ezer egiten. Benetako arriskua, joan zaren desertu horretan, errepide jakin bakarretik aldentzea da, zeren autoa hondatuz gero egunak edo asteak pasa daitezke inork aurkitu baino lehen. Eta, bide batez, egin al zenion errebisioa autoari? Gidariak, errebisiorik egin gabe abiatu denak, eskuko telefonoa pizten du seinale bila. Ezta zirkinik ere.

Azkenean -ez egunkari, aldizkari edo dokumentu, ez mendi eta ez desertu-, hiri batera joan gara, eman dezagun Las Vegasera. Tropicana Boulevardeko informazio bulegoan gelditu eta gauean dagoen ikuskari bati buruz galdetu dugu. Down Town-eko kale batean da. "Zu izatera ni ez nintzateke joango -dio arduradunak-. Leku hartan kasino zaharra besterik ez dago, mozkorrak eta droga". Arduradunak isilune bat egin du. "Eta hilketak ere bai", gehitu du ondoren.

Zalantzarik ez, beldurra azal-azalean dago Estatu Batuetan, eta hona etortzen den kanpotarrak ikasi egin beharra dauka presentzia horrekin bizitzen; bestela, larritasunak itota buka dezake edozein bazterretan. Oso desatsegina egiten da, noski. Konpainia beltzarekin bizi beharra zama handia da, eta welfare indize on guztiek ezin dute zama hori askorik arindu ahal. Ez da ahaztu behar beldurra dela -Don Beldur, Gonzalo de Berceo aspaldiko predikari haren izenez-, bizitzaren etsairik handiena.

Erantzunak

#1. Joxepaximur ¦ 2010-02-24 ¦ 20:26

Orrela esaten ziguten guri eskolan, eta ze bildurrak, oea joateko beldurrik, pentsatuz gaba horretan il egingo ginela. Apaiz oiek aspaldin il ziran, bainan guri beintzat izugarriko kaltea egin ziguten.

Erantzun



E-posta helbidea ez da publikatuko. Konfirmazioetarako bakarrik