« Itzuli blogera

Reno, munduko hiri txikirik handiena

2007-10-20  ¦  Nevadako egunak

Reno, munduko hiri txikirik handiena

Bizitza antolatzeko orduan, 80. autobidea eta 395a dira hiriaren ardatz, eta baita azken honekin ia paraleloan doan Virginia kale luzea ere, bost milia edo izan behar dituena. Lehenengo begiratuan, aireportutik unibertsitatera zoazela, supermerkatu, mall eta era guztietako denden kopuru izugarri handiak harritzen zaitu. Renok 150.000 bizilagun dituela irakurri duzu; gero, iristean, Sparksekin batera 300.000 direla jakinarazten dizute; halere, milioi bat pertsonarentzako azpiegitura komertzialtzat joko zenuke ikusten duzuna. Hurrengo egunetan, lehen erosketa egitera zoazenean, eta berrogeita hamar pasillo inguru izango dituen supermerkatu batera sartu -Wal-Mart-era, kasu- irudipen hori indartu egiten da. Kontsumoak, hemen, Europako zeinahi tokitakoak baino bi edo hiru aldiz handiagoa izan behar du proportzioan.

Gogora etortzen zait, kontu hau aipatu dudala, Abraham Lincolnen baieztapen delako bat, Bilboko Ekonomia Fakultateko katedratiko batek estudiante berriei urtero aipatzen ziena: "Nik ez dakit ezer ekonomiaz, baina hauxe badakit: estatubatuar batek hemengo sagar bat penike batean erosten duenean, biak, penikea eta sagarra, Estatu Batuetan geratzen direla". Gure irakasleak -jakituna zen, eta ez zitzaion dohain histrionikorik falta- besoak zabaltzen zituen modu solemnean: "Jaunak, Abraham Lincolnen esaldian aurreneko hitzek bakarrik diote egia. Ez zekien ezer ekonomiaz". Guk barre egiten genuen, eta orain ere barregura ematen dit aspaldiko eszenak. Baina, esanak esan, barne eskaerak eragin izugarria izan behar du Estatu Batuetako ekonomian, eta gustatuko litzaidake irakasleak arrazoi zuenetz jakitea. Zoritxarrez, ezin diot berari galdetu, itsas kirola egiten ari zela hil baitzen Laredon orain hogeiren bat urte.

Hurrengo asteetan, Wal-Mart bezalako supermerkatu handi horietako batean zabiltzala, ohituago, miraria erdizka egin dela konprobatzen duzu, hots, ogiak biderkatu egin direla eta zaila dela, ehun mota artean, bat aukeratzea; aitzitik, arrainak urri jarraitzen duela, Europako legatz, olagarro, hegaluze, mixera eta gainerakoak hurbilduko dituen profeta ahalguztidun baten zain.

Etorriko ote da profetarik? Bada, Swedenborgk azken juizio egunaz esaten zuena aintzat hartuz -alegia pasata dagoela egun hori, 1757ko urtarrilaren 9an gertatu zela- , profetak hemen daudela jadanik esango nuke, eta izan, biderketetan direla maisu. Hor daude, hortxe ikusten ditugu astean behin edo bitan New York Times eta beste egunkarietan, edota telebistan. Orrialde osoak hartzen dituzte beren publizitate mezuek, argazkia erdian, irribarrea ezpainetan, begiak goruntz begira eta talentuen parabola gogoan: "Zer egin zenuen eman nizun dolarrarekin?". "Bada, zuk ogiekin eta arrainekin egin zenuena, Jauna, biderkatu. Baina esponentzialki." Profeta jaun-andre berriok, ekin iezaiozue tinko eta biderka itzazue arrainak ere, ez baitute gure haurrek izokinik jan nahi…

Hiriak, noski, gune nagusi bat dauka, Down Town delakoa, eta bere muinean, Virginia kalea alderik alde zeharkatzen duen arkuan, Reno, the biggest little city in the world irakur daiteke, "Reno, munduko hiri txikirik handiena". Gunea osatzen duten eraikuntzak ez dira Atlantakoak edo New Yorkekoak bezain garaiak, eta ez da inor zorabiatzen haien gailurretik begiratzerakoan, baina tamainak ematen ez dien indarra, beren barrunbe distiratsu eta malignoak ematen die; zinez, Hanselek eta Gretelek oihanean aurkitutako karameluzko etxearen pareko dira denak, edo bestela esanda, kasino-hotelak, gau eta egun zabalik dauden joko-tokiak. Beren izenak: Eldorado, Ramada Inn, Circus-Circus, Club Cal Neva, Harrah?s, The Nugget, Goleen Phoenix, The Gambler, Silver Legacy, Fitzgerald?s, Colonial Inn… Hiria eta bere inguruak kontuan hartuta, 55 kasino omen dira. Halaxe jartzen du Reno/Tahoe street guide delakoak. Guztien artean, 30.000 gela omen dauzkate.

Egunez paretik pasatzean ezinezkoa da kirika ez egitea; gauez, ezin ahaztu haietaz. Izan ere, kanpoko argi guztiak pizten dituzte ilundu orduko, koloretakoak askotan, eta hortxe daude beti; hortxe dago, esate baterako, nire leihotik parez pare ikusteko moduan, esmeraldaren berdea duen Silver Legacy izenekoa. Ea dago onik gabeko txarrik: berari esker, susmatzen dut dagoeneko kasinoen itxura magnificent horrek duen helburua. Izan ere, bi aldiz aipatu dut jada, lagunarteko eseraldietan-eta, gaztetan nuen suerte ona, joko eta loteria guztietako garaile bihurtzen ninduena. Kontua da ez dela egia. Gaztetan egokitu zitzaidan gauza bakarra Duward markako erlojutxo bat izan zela. Zerk behartzen nau beraz gezurra esatera? Ez ote da esmeraldaren berdea eragile? Ez ote naiz egongo hemendik hilabetera hango makina baten aurrean black pot milioiduna lortu nahian? Badaezpada, leihoko gortina bildu dut, eta Silver Legacy kasinoa errainu bihurtu. Lasaiago nago orain. Gortinek ez dute azpi-mezurik bidaltzen. Marraketch edo Sevillan baliteke; baina Renon ez.

Kasinoetatik hurbil, bizi-bizi, erreka bat doa. Eta alde batera harrigarria da Down Town-en erreka bat egotea, eta bertan, Europako opor herrixka batean bezala, umeak zein gazteak igeri ibiltzea, edota ur korrontearekin jostaketan kamioi gurpilen kamarekin. Erreka alaia, beraz, Renokoa, izena ere alaia duena: Truckee. Orain dela mende bat arte-edo zilarra gordetzen omen zuen; zilar hobea, halere, orain ematen duena, ur bihurriaren alaitasuna. Dagoen tokian dagoela, batez ere, kasinoak eta beren jokalari tristeak hurbil dituela. Hurbil dituela, halaber, etxerik gabeko pobreak, ertzetan eseri eta zigarro erretzen egoten direnak.

Hiriaren azken kale nagusia Mc Carran da. Ez da Giottok egin omen zuen uovo hura bezain borobila, baina zirkulu bat da funtsean, hiriaren eraztuna. Norbait galtzen denean -gerta liteke, merkatari zein gainerako guneek antza handia baitute elkarren-, aurrera jarraitzea besterik ez dauka, Mc Carranekin egokituko baita azkenean, eta kale nagusi guztiek lotura baitute harekin. Baina, kalea izateaz gain, McCarran muga bat da: barnea eta kanpoa bereizten ditu, hiria eta mendia.

Alde batera -hiru aldetara, zinez: iparrerantz, hegorantz eta ekialderantz- zakartu egiten dira Reno inguruko mendi horiek; horitu, belztu, eta, azkenean, ehunka kilometro hartzen dituen harrizko desertu bilakatu. Beste aldera, Kaliforniarantz, pinu garaiez betetzen dira berehala, eta elurrak utzitako ura gordetzen dute. Bestela esanda, lakuak dituzte; Tahoo izenekoa horien artean, beau comme le première jour. Egunez, umeak ibiltzen dira laku horien ertzetan; gauez, artzak.

Mendiek eta desertuak bere tokian jartzen dute Reno. Aditzera ematen diote, presentzia hutsarekin, duten indarra; beren isiltasunak, kasu, istant batean irentsiko lukeela hiriaren hots guztia. Eta nahikoa litzaiokeela beste istant bat 395a eta 80a mozteko edo hondarrez lurperatzeko; biztanle guztiak -auto saltzaileak, maisu-maistrak, etxegabeak, croupierrak, eskoletako umeak- isolatuta uzteko. Eta hiritarrak badaki hori, baina lasai hartzen du arriskua. Azken batean egunero lehiatzen da lagun arriskutsuago batekin: "Eguzki" du izen, eta hor dago beti hiri gaineko zeru urdinean. Hainbesteko indarrez jotzen du batzuetan non galtza barrenetan pospolo txikiak pizten ari zaizkizula uste duzun, eta su hartuko duzula une batetik bestera; Moisesen pasadizoan bezala, baina laharraren beharrik gabe.

 

Erantzun



E-posta helbidea ez da publikatuko. Konfirmazioetarako bakarrik