Hondarrak Bloga

Prison de Mauzac

2016-01-12  ¦  Bernardo Atxaga

Artoa, haren zuztar altuak, haren hosto zabalak... eta zein atsegina zen soroetan barneratzea, zein suspergarria haietan bizpahiru orduz ezkutatzea dei-oihuei jaramonik egin gabe! Gero azkenean hurbiltzen zen BG, zeinek hasieratik jakiten baitzuen non geunden, eta esaten zigun ateratzeko lehenbailehen, iluntzen ari zuela eta iristear zegoela Basahuntza, piztia ikaragarria, gauez ume-harrapaketan ibiltzen zena.

  • Basahuntza! Basahuntza! - egiten zuen oihu bat-batean BGk artasoroaren ertzetik, kolpetik aurrean azaldu izan balitzaio bezala.

Basahuntza…

Umetako gordeketa kontu haiek ekartzen zizkidan gogora Périgueux hiritik Mauzac kartzelara zihoan bigarren mailako errepideak, ehunen bat kilometro, artasoroak alde batean eta bestean. Udara zen, 2013koa. Artoa ez ezik, berdetuta zeuden sagarrondoak eta hurritzak ere, loretan herrixka bazterretako gereziondoak. Belaze batean ahuntzak ikusi nituen, hamar buru inguruko taldea, hiru antxume tartean, txuri-txuriak, les chevreaux.

André eta biok bagenekien kartzela batera gindoazela, hilabete batzuk lehenago jasotako gutunak zehatz adierazten baitzuen Étranges lectures delako irakurketa-programaren puntu hori – “deux rencontres sont programmées avec les détenus de deux des établissements carcéraux de Dordogne, Neuvic-sur l’Isle et Mauzac”–, eta sinatua baikenuen formulario bat baimena lortu alde; baina paisaiaren mintzoa ozena zen, eta arindu egiten zigun eginkizunak eragindako kezka xorra.

Bidearen erdia-edo egina geneukanean, txofer zihoan irakasle erretiratuak, Jean Luc-ek, galdera egin zigun:

  • Badakizue zer kartzela mota den Mauzac? Esan dizuete?

Thierry, testuak irakurriko zituen aktorea, jakitun zen. André eta biok, ez.

Frantziako gaizkile sexualen kartzela nagusia zela jakinarazi zigun Jean Lucek. Azken-portu, gainera, kondenatuek bertan finitzen baitzuten beren kastigua. Handik, kalera. Baina askotan “gero arte” bat baizik ez zen izaten. Gaizkile sexual gehienentzat ezinezkoa zen beren joera naturala gainditzea. Ez zioten inori minik egin nahi; baina libre gelditu eta hilabete batzuetara berriro ekiten zioten umeak edota neskatoak zelatatzeari, gauez: “Zer egiten duzu hor artasoroan gordeta? Nahi al duzu karamelutxo bat?”. “Nor zara zu?”. “Ni? Basahuntza!”.

Mauzac lurralde zelai batean dago, à la campagne périgourdine. Eraikina zabarragoa eta irregularragoa balitz, ez balu angeluetan guardia-dorrerik, nekazari-enpresa baten kokagunea emango luke, zeren sailak eta soroak baitauzka inguruan, etxaldeak, arboladiak. Jean Lucek esan zigun preso batzuk egunero ateratzen zirela haietan lan egitera edota ofizio bat ikastera.

Kartzelaren albo bateko aparkamendura jo genuen. Atera ginen autotik: sailak eta soroak hutsik zeuden, eta halaxe etxalde atariak eta arboladiak ere. Arimarik ez. Mugimendurik ez. Arratsaldeko laurak ziren, eguzkiak itsutu egiten zuen gorantz begiratuz gero; baina ilunabarraren hustasuna sumatzen zen inguru guztian. Hustasunean, nagusi, kartzelako murrua. Murruan, izkina batean, ate bat, ez oso handia.

Presoen ordutegia desberdina zela esan zigun Jean Lucek. Azkar biltzen ziren, edo biltzen zituzten. Arratsaldeko seietan izaten zuten afaria.

Marie azaldu zen, gizarte-laguntzailea, eta Jean Luc eta biak dokumentazioa errepasatzen aritu ziren bizpahiru minutuz. Argal-argala gorputzez, haurdun zegoen, zazpi edo zortzi hilabeteko. Ematen zuen meloi bat zeukala soinekoaren azpian puntaka jarria.

Jabier Muguruzari behin irratian entzundakoa etorri zitzaidan burura: “likido amniotikoan bizi den umeari musika ederra aditzea komeni bazaio, pediatrek dioten bezala, nik Keith Jarrett-en Kölneko Kontzertua aholkatuko nieke emakume haurdunei”. Eta Marieren meloi puntadunak, zer? Piano doinuen ordez kartzelako ateen hots metalikoak edota bozgorailuetako marrantak entzungo zituen hark sarri.

Eman ziguten sarrera, eta dokumentazioa entregatu genuen lehen kontrolean. Oso gizon sendoak ziren poliziak, denak ere 1,90 ingurukoak, bizkar-zabalak. Batzuk atearen ondoan zeuden; besteak kabina batean, monitoreekin. Haietako baten pantailan, zuri-beltzean, palmondo baten irudia antzeman nuen.

Aurrenekoa izan nintzen metal detektorea zeharkatzen. Jarraian, Jean Luc eta André. Hurrena, Thierry, aktorea, eta hoska hasi zen orduan makina. Haren txistuak mina egiten zuen belarrietan.

Marieri begiratu nion. Ez zuen inolako keinurik egin, ezta eskurik jarri ere, babes modura, sabel gainean. Auskalo, agian pediatrak esana izango zion likido amniotikoak baretu egiten zituela soinu guztiak, eta baita eraldatu ere, kirrinkarik desatseginena ozeanoko balea baten deiaren pareko bihurtuz… Baina ez, seguru ezetz. Nolanahi den, Marieri ez zion ardura izan txistuak. Irribarrez jarraitu zuen miaketaren eszena: hanka eta beso zabalik Thierry, haren gorputzaren atalei ukituka polizia handi haietako bat.

Beste ate bat, eta kartzelaren patiora atera ginen. Parkea zirudien. Hantxe zegoen, haren hondarrean, ehun bat metrora, monitorean ikusitako palmondoa.

Jean Lucek azaldu zigun Mauzac une prison modèle zela, eta, patioak parke itxura bezala, zeldek etxe-gela arruntena zeukatela.

  • Frantziako kartzelarik modernoenetakoa da hau. Arindu egin nahi zaie sufrimendua presoei, ahal den neurrian. Gehienek urte asko daramatzate preso.

Patioan, parkean, gizonezkoak zeuden, multzoka eserita gehienak, zigarro-erretzen asko eta asko. Multzorik handiena petankan jokatzen ari zirenena eta haiei begira zeudenena zen. Guztira, patio osoan, berrehunen bat preso kalkulatu nituen. Palmondoaren oinean ez zegoen inor.

Marie jarri zen gure ilaran buru. Pauso gutxi batzuk eman, eskailera estu bat igo, eta hantxe geunden, liburutegian, berrogei metro karratu izango ez zituen gelan. Oso liburu gutxi zeuden apaletan, gehienak handikoteak. Mahaien ordez, pupitreak. Ez zen justu liburutegia, eskola baizik.

Bederatzi presok osatzen zuten entzuleria, hirurogeiren bat urte izango zituzten zortzik eta hogeita bost urte inguruko gazte batek. Txandal arinak zeramatzaten denek, grisak edo beltzak.

Mariek liburutegiaren ardura zeukan presoa aurkeztu zidan. Gizon egokia zen, ikusi berriak genituen poliziak bezain garaia, ile zuri ondulatukoa. Oso mugimendu solteak zituen, eta ardura gabe –avec nonchalance– esertzen zen hizlariontzako jarria zegoen mahaian. Txandalaren galtzak gerrian ondo estutu gabe zeuzkan, eta agerian gelditzen zitzaizkion batzuetan ipurmasail txuri-txuriak eta tanga gorria.

Ipurmasail txuri-txuriak; baina haien zuritasuna ez zen Périgueuxetik gentozela errepide alboan ikusitako antxumeena. Pintore batek esan zidan behin: “mila zuri mota daude, denik eta kolorerik zailena eta zehatzezinena da”.

Mariek ekitaldiaren berri eman zien presoei. Thierry Lefever aktoreak testuak irakurriko zituen; André Gabastou, itzulpengintzaz arituko zen; nik, berriz, idazlearen lan egiteko modua azalduko nien, eta, azkenean, ondo iruditzen bazitzaien, poema bat errezitatuko nuen euskaraz.

– Sekula entzun al duzue euskal hizkuntza? – galdetu zien.

Tabako erretzaileen aurpegi mehartua zeukan preso batek baietz esan zuen, Baionan bizi izandakoa zela. Beste batek, burusoila, aurpegi-borobila, guri-guria gerriz gora hala nola egon ohi diren oso argal izandakoak gizentzean, pozik entzungo zuela esan zuen niri zuzen begira, bai hizkuntza eta bai poema, eta ea poema frantsesez ere errezitatuko genuen, berari poesia asko gustatzen zitzaiola eta. Preso bibliotekariak ozenki hartu zuen hitza, entzule guztiek aditzeko moduan: euskara ez zela latin hizkuntza, eta haren jatorriari buruzko azalpenak entzun nahi zituela saioa bukatu baino lehen. Gainerako presoek estatuak ziruditen beren pupitreetan. Mutil gazteak, izkina batean eserita, lotsatua zirudien. Eskua eskuaren gainean, kiribildu egiten zituen aldika, haietan krema hidratatzaile bat igurzten ari balitz bezala.

Thierry aktore trebatua zen. Programaren bio laburrean zioenez, ikuskizun bat zeukan Kerouac-en testuekin, eta asko ibiltzen zen Frantzia guztian. Zutitu eta Le fils de l?accordéoniste liburuko hasiera irakurtzen hasi zen:

“C'était le premier jour d'école à Obaba. La nouvelle maîtresse passait de pupitre en pupitre, la liste des élèves à la main. Et toi? Comment t'appelles-tu?…”

Ozen irakurtzen zuen, ziurtasun handiz. Estatuak bezalako preso batzuek betaurreko kristal-ilunak zeramatzaten, eta begiak haien atzean gordeta jarraitzen zioten Thierryren jardunari, besoak gurutzatuta. Bibliotekariak eta aurpegi borobilekoak, lehen ilaran jarrita, arreta handiz. Gazteak, lurrari begira eta eskuak kiribilduz. Jean Lucek, zutik, atzeko paretan apoiatuta. Mariek ere zutik. Bere haurrak –“meloiak”, pentsatu nuen nik une hartan ere–, likido amniotikoaren baketik.

Guztira, atal batetik bestera pasatuz, hogeita hamarren bat orrialde irakurri zituen Thierryk, ia ordubete. Luze egin zitzaidan. Presoek txalo egin zioten bukatu zuenean, estatuek ere bai. Aurpegi borobilekoak irakurketaren azken atala komentatu zuen, Mort de Lubis. Oso hunkigarria egin zitzaiola esan zuen.

André eta biok hartu genuen Thierryren tokia. Desenkusatu nire frantses traketsagatik, eta, batez ere, euskal gizarteak XX. mendean izandako aldaketaz aritu nintzen. Andrék, berriz, itzulpenaren historiaz jardun zuen, eta, ikusia baikenuen Essais-en lehen edizio bat Périgueuxeko liburutegian, Michel de Montaigneren kasua hartu zuen adibide.

Galderen txanda heldu zenean preso bibliotekariak euskararen jatorriaz galdetu zidan, agindu bezala; aurpegi borobilekoak, berriro ere, Lubisen heriotza izan zuen gai.

Luze gabe, denbora gutxi geneukala jakinarazi zigun Mariek. Seietara zihoan. Poemaren unea zen. “Hitzen heriotza eta bizitza” irakurri nuen euskaraz, eta Thierryk segidan frantsesez. Txalo egin zuten bederatzi presoek.

Galleta industrialen pakete batzuk eta nescafé termo pare bat geneuzkan zain bazterreko mahai batean, eta bi preso –bi estatua betaurrekodun– haiek zerbitzatzen hasi ziren.

Aurpegi borobilekoa hurbildu zitzaidan. Begi motelak zeuzkan, begirada ahula. Eskua luzatu zidan, eta bostekoa eman genion elkarri. Nire frantsesa ona zela esan zidan, ez izateko horrekin kezkarik. Nik ez nekien zertaz jardun.

  • Zer moduz hemen? -galdetu nion azkenean-. Oso kartzela ona dela esan didate, une prison modèle. Sarreran patioa ikusi dut. Oso parke polita palmondoarekin. Eta futbol zelai bat ere ba omen daukazue.

Hitz tontoak, noski. Aurpegi borobilekoak hasperen egin zuen.

  • Bai, konparazioan ona da. Baina gogorra da, askatasun eza gogorra da. C?est dure, la manque de liberte c?est dure.

Begiak itxita egon zen hiruzpalau segundoz.

  • Barkatu. Zenbat urte daramatzazu kartzelan? —galdetu nion.
  • Dix-huit —esan zidan—. Hamazortzi.

BGk Basahuntz ume-harrapariarekin mehatxatzen gintuenean, nik neuk idi tamainako ahuntz bat imajinatzen nuen, kokotseko bizarra zintzilik. Mais non.

Bibliotekaria altxatu egin zen bere pupitretik, eta oraingoan ere agerian gelditu zitzaizkion ipurmasail txuri-txuriak eta tanga gorria.

  • Euskarak ba al du loturarik iberoen hizkuntzarekin?— galdetu zuen hurbilduz. Ordurako André ere alboan genuen, eta berak ekin zion erantzunari. Autrement aldizkariak Euskal Herriaz argitaratutako monografikoa zuzendu zuenetik, ni baino jantziago zegoen gai horretan.

Preso gazteak eserita jarraitzen zuen, ezer hartu gabe. Eskuak geldirik zeuzkan orain, baina oin bat etengabe mugitzen zuen. Hizketan hasi nintzen berarekin. Zenbat urteko zigorra zeukan galdetu nion.

  • Pas beaucoup, six ans—erantzun zidan—. Ez asko. Sei urte.

Barreiduri makal batek hartu zion aurpegia.

  • Gainera, egunero ateratzen naiz sorora edo basora. Lan egiten dut —gehitu zuen.
  • Zer ondo! —esan nion. Pentsatzen nuena.

Txirrinak jo zuen. Afaltzeko ordua zen. Elkar agurtu genuen.

Patioan mugimendua zegoen. Petanka jokalariak kutxa batean gordetzen ari ziren bolak. Preso gehienak, ehundik gora, barrakoietara zihoazen ilara ez oso lerrotuan. Lehen atea ireki zain geundela, zaborrontziak garraiatzen zituzten hiru gizon pasa ziren gure albotik. Ez genituen agurtu, beraiek gu ere ez. Atea zabaldu zen, eta polizia erraldoiak pasoa eman zigun. Azkar jaso genituen sarreran utzitako poltsak, eta kanpora atera ginen. La liberté.

Aparkamenduan Mariek muxu eman zigun denoi, eta Jean Lucekin Étranges lectures programa komentatu zuen tarte batez. Gure desio ona adierazi genion guk, ondo joan zedila dena haurra jaiotzean.

Ilunabarrak errepidean harrapatu gintuen. Argi ahularekin muinoek handiagoak ematen zuten, zuhaitzek trinkoagoak, soroek eta sailek sakonagoak. Périgueuxera hurbildu ginenerako gaua zen ia, eta artoaren zuztar eta hostoek halako ore ilun bat osatzen zuten.

 

Volcanos of Nevada

2008-05-06  ¦  Nevadako egunak

Gure izebei, eta gure amei berdin, izugarri gustatzen zitzaizkien Mugatseko festa haiek, zeren, umetan entzundakoa zehatz aipatuz, "mandioaren egurrezko zorua gora eta behera hasten baita dantzan saltoka dabilen jendearekin, eta hain gazte ez garenok ere arin ibiltzeko modua izaten baitugu". Nik ere probatu nuen mandio hura, baina korri egiteko bakarrik. Hanpadura piska batekin esanda, koltxoi baten gainetik ibiltzea bezala zen.

Joan den apirilaren 26ko gauean, ordenagailuaren aurrean nengoela, buruak Mugats hartara alde egin zidan bat-batean. Oroitzapenak festaren xehetasun nagusiak ekarri zizkidan bata bestearen atzetik, garden eta bizi: piper gorri kaxkartuez hornitutako oilasko errearen irudia; dantzarien kriskitin-hotsa eta Muttubiyaren ahotsa ene maitia zer dezu kantatzen; orduko neska urrikalgarriak janzten zituzten soineko eta soinekondoen kaida latza; baita, azkenez, ezer baino indartsuago, egurrezko zoruaren mugimendua ere.

Une hartantxe jabetu nintzen, oroitzapenaren azken hariarekin. Renon nengoen, eta ez Ernioko bidean; ez zen festarik, baizik eta lurrikara. Une batez, umetako beste oroitzapen bat etorri zitzaidan gogora, 1960 inguruan Euskal Herrian izandako lurrikararena. Inguruetako txakurrak zaunka hasi ziren beren onetik aterata, eta horregatik jakin genuen, aurreneko dardarak hasi baino lehen ere, zerbait bazela. Baina Renon ez da txakur zaunkalaririk. Ustekabean harrapatu ninduten astinduek.

Trenarena bezalako burrunba batek hartzen zuen etxe guztia. Mahai gaineko lanpara pendola bat bezala zebilen. Leihoko estoreen sokak, beste horrenbeste. Eta gehiena mugitzen zena, bere astunean, hozkailua. Kalean, garrasiak.

Erlojura begiratu nuenean hamabiak hogei gutxi ziren. Familia guztia esna zegoen ordurako, eta -hanpadura pixka batekin esanda, oraingoan ere- mundua zaintzen aritu ginen denok hamar edo hamabost minutuz. Baina mundua, itxuraz, loak hartuta zegoen berriro. Eta gu ere lotara joan ginen.

Goizaldean bere lekuan jarraitzen zuen denak, eta blue bird esaten zaien txori luma-urdinak egunero bezala zebiltzan etxearen atzeko lorategian, zuhaitzen adarretatik lurrera eta lurretik zuhaitzetara. Alde bakarra, lorategian Bill Douglass zegoela bere muino gaineko etxetik jaitsita, hizketan lorazainarekin.

Eszenak lasaitu egin ninduen. Izan ere, Bill Douglassek gu bizi garen etxea oparitu zion Center for Basque Studies-i; eta arduratu ere, bera arduratzen da oraindik - gratis et amore - haren hainbat premiez. Beraz, normala zen dena. Gurpilak jiraka jarraitzen zuen.

Reno Gazette-Journal eskuan nuela inguratu nintzaien, eta, noski, lurrikaraz hasi ginen. Egunkariak zioena zuzendu zuen lorazainak segituan. Ez zela 4.9-ko intentsitatekoa izan, baizik eta 4.7koa. "Ehun urte izango ditu -esan zuen berriz Bill Douglassek etxearen sendotasunaz galdetu nionean- eta ez da oraindik erori." Barrezka jarraitu zuen hizketan: "Denarekin gertatu zarete hemen. Inoiz ez bezalako elurrak, haizeak, hotzak, kriskitin-sugeak eta hartzak ere bai inguruan, eta orain gainera lurrikarak. Nik uste Euskal Herrira itzultzean belaun biko jarri eta muin emango diozuela hango lurrari Bizirik atera gara! esanez".

Uste hark mereziko zuen agian komentario zuzenago bat, baina bezperakoa kontatzea erabaki nuen: "Ba, lokartu egin nintzen ordenagailuaren aurrean, eta ametsetan Mugats izeneko baserri bateko festan nengoela iruditu zitzaidan…"

Bill Douglass Center for Basque Studies-en lagun da oraindik, baina azken aldi honetan ekologiaz eta arrantzaz idazten du oroz gain, ez euskaldunei buruz Death in Murelaga argitaratu zen garaietan bezala. Hala ere, Euskal Herria bisitatzeko gogo izpi bat sumatu nion. "Nik ere jan nuen behin zuk diozun bezalako oilasko errea Lesakan. Piper gorri kaxkartuekin hornitua zegoen hura ere", esan zuen. Anthony Burgessen juzku bat aipatuz erantzun nion: "Abertzaletasuna, herrimina, sorterriarekiko maitasuna…denak ere janariarekin lotuta egoten omen dira. Agian horregatik izan da hain enkomiastikoa oilasko errearen deskribaketa". Pentsatzen geratu ginen biok, tarteka aberriaz, tarteka oilasko erre piper gorri kaxkardunaz.

Txori urdinak oso petralak dira, eta gu lorategitik uxatu nahian zebiltzan beren karraka ahotsarekin. Joan beharra zegoen handik. Elkarri agur esan aurretik, lurrikararen gaiari heldu genion berriro. "I have my own opinion about that", esan zuen lorazainak keinu eszeptikoz, Reno Gazette- Journalen azalean hatza. Ez zuen berak sinesten egunkariak -Don Beldurrek hemen duen laguntzailerik handienak- adierazten zuena, hots, lurrikarak "txartu" egin daitezkeela, adituek 6 intentsitateko bat iragarri dutela. "Niri ere hala iruditzen zait, ez dela larriagorik izango -lagundu zion Bill Douglassek-. Azken batean, Nevadan ez dago sumendirik."

Inork gutxik ezagutuko ditu Mendebal honetako desertu eta mendiak Bill Douglassek bezain ondo, eta iritzia erabakigarria iruditu zitzaidan.

Arratsaldean, egunero bezala, umeek koloreetako paperekin itzuli ziren eskolatik, eta haietako batek mezu bat zekarren lurrikara arriskuaren aurrean hartu beharreko neurriekin. Posta elektronikoaren kutxan, berriz, unibertsitateko arduradunek bidalitako mezu bat zegoen, arauekin hura ere: linterna bat eduki behar genuela eskura, eta ura, eta janaria, eta kendu egin behar genituela hormetatik gauza jauskorrak, eta etxea dardarka hasiz gero babes lekurik onena sarrerako atearen hutsunea zela, edo bestela mahai azpia.

Gauean beste astindu bat sentitu genuen, oso laburra, eta arauei jarraiki hormak hustu genituen ohera joan aurretik. Ametsetan hasi nintzen loak hartu bezain azkar. Areto batean nengoen, Renoko Arte Modernoko eraikuntzan agian, eta Bill Douglass bere azken liburua aurkezteko lanetan ari zen. Ezin nuen liburuaren azala ikusi, baina azkenean begiak luzatu eta lortu nuen. "Volcanos of Nevada", horra liburuaren izena.

¦ 3 erantzun
 

Beldurra han ere

2008-04-07  ¦  Nevadako egunak

Baina panelak ez zuen zerikusirik ikuskariekin. Letra larri-larrietan, rectal eta cancer hitzak zeuden idatzita. Letra txikiagoetan, errebisio bat egitearen komenentzia eta klinika baten norabide eta telefonoak.

Euskal Herritik etorri berria zen adiskide bat zihoan gurekin, eta Estatu Batuetako jendeak beldurra irensten ikasi beharra zeukala adierazi genion. Publizitate agresiboaren kariaz, ikusi berria zuen bezala, baina baita lege-salaketen aurrean defenditzeko premiagatik ere. "Abokatuen beldur dira hemen publikoarentzat lan egiten duten erakunde edo enpresa guztiak -esan genion-. Horregatik, joaten zara adibidez izotzean patinatzera, eta ikusten duzun lehen iragarpenak zure gogoz zaudela han gogorazten dizu, eta erorketa fatalik gertatuz gero zu zeu bakarrik izango zarela erantzule".

Kasurik kasu, azkenean kontatu egin nion black widow armiarmaren gorabehera ere. Ez erabat serio halere. Arratsalde eguzkitsua zen, hiriko liburu-denda erraldoi bat ikustera gindoazen, ez zen beldurraz gogoeta luze bat hasteko unea.

"Han ere beldurra pasatzen da -esan zuen bat-batean Euskal Herritik bisitan etorritako kideak-. Batez ere orain, ETA berriro hasi dela. Nik neuk ere autoaren azpian begiratzen dut inora abiatu aurretik. Eta igerilekura joaten naizenean, bide desberdina hartzen dut aldiro. Oso penagarria da niretzat. Beldurrarekin bizi beharra azkenekoa da".

Ez genuen imajinatzen gure kide hura mehatxupean egon zitekeenik. Beste hamaika politikariren parekoa da bera, ezkerreko alderdi batekoa, ez oso ezaguna. Bere aitorpenak Euskal Herrian utzitako errealitatea ekarri zigun gogora, Nevadan gaudenetik atzendua daukaguna, eta zapuztu egin zigun arratsalde eguzkitsu hartako poza.

Juan Jose Arreola

Berak idatzitako ipuina itzuli eta handik hogei urte ingurura ezagutu nuen pertsonalki, literatura fantastikoari buruzko jardunaldi batzuetan. Mahai inguru desberdinetan suertatu ginen, eta entzutera joan nintzaion. Argal-argala eta txikia zen, eta traje gris batekin jantzita zihoan. Ile txuria kiribildu egiten zitzaion buruan.

Ezagutu ditut modu liluragarrian hitz egiten duten hainbat pertsona, tartean Oteiza eskultorea eta Carlos Casares idazlea, baina inor ez Juan Jose Arreolaren parekorik. Esan zidaten sasoi hartan futboleko partiduen kontalari zela Mexikoko telebistan, baina -hau da detailea-zelaiari eta jokoari bizkar emanda egiten zuela lana. Arrakasta handiarekin, egin ere. Ez nintzen harritu.

"A mí me llaman no más el kafkita de Zapotlan", azaldu zuen bere jardunaren hasieran. Hiru ordu laurden geroago hizketan ari zen artean, eta mahai inguruko zuzendariak bukatzeko eskatu zion, beste hiru hizlariak zain zeudela. "¿Cómo! -hots egin zuen Arreolak -. ¿Pretende usted que deje la palabra ahora que la tengo? Pues, ¡de ninguna manera!". Eta hizketan jarraitu zuen ordena arazo bat sortuz.

Afaldu eta gero, berarekin hizketan, arbasoak Aretxabaletakoak zituela esan zidan. Nik erantzun nion sasoi hartan Espainian zegoen futbol jokalaririk baliotsuena ere, Zubizarreta, Aretxabaletakoa zela. Gure arteko hizketaldiak, ordea ez zuen aurrerabiderik izan, zeren eta mahai inguruko zuzendariak, mendekuz seguru asko, goizeko ordena arazoa gogoan, beragan eragina izandako idazleez galdetu baitzion. "Kafka alde batera utzita, noski", zehaztu zuen.

La migala

Ipuina irakurri gabe neukan itzuli nuen garaitik eta buruz egin nuen, nahiz oker egongo zela sumatu, haren azken lerroen aipamena: "Hartara, infernu berriarekin, ahaztu egiten zitzaidan infernu okerrago bat, Beatrizen ausentziarena".

Zuzen dezadan orain okerra. Hauxe da Arreolak ipuinari emandako bukaera zehatza: "Entonces, estremecido en mi soledad, acorralado por el pequeño monstruo, recuerdo que en otro tiempo yo soñaba en Beatriz y en su compañía imposible".

Beste oker bat, larriagoa

Hauxe idatzi nuen black widow edo migalari buruzko kronika egiterakoan:

"Kontua da -kontua izan zen- umeen eskolako liburutegian Nevadako arrastari eta intsektu pozoitsuei buruzko liburutto bat aurkitu nuela, eta hantxe ikusi, eskorpioiaren eta musker zapal baten artean, black widow edo migala baten argazkia. Hala zioen azalpenak: "Garajeetan edo harri artean egoten da, eta bere hozka ez da sentitu ere egiten. Mintsu uzten du hozka egindako gorputzaren tokia, eta eragiten ditu hainbat arazo nerbio sisteman, baina normalean hiruzpalau egunetan desagertzen dira sintomak". Horixe zen guztia, eta hortik aurreragokoa, bai Arreolaren ipuineko pertsonaiaren sufrimenduak, bai nireak, bai cowboy exterminatzaileen argudioak, bai jendearen artean zabaldutako usteak, ez ziren errealitate, baizik eta phantasma. Baina, zein hedadura zuen phantasmak! Zein lan handia egiten zuen beldurrak!

Aitortu beharra daukat. Eskolako liburua ez zegoen ondo informatuta. Begiratu dut medikuen vade-mecum batean eta black widow armiarmaren hozka oso larritzat jotzen da. Ez ditut xehetasunak emango; bakarrik esango dut bai Arreolak, bai exterminatzaileek, bai jendearen artean zabaldutako usteek, arrazoi dutela. Eta armiarma hori ez ezik, besteak ere, azkazal erdia diren armiarma marroi mantxa beltzekoak, ez direla intsektu zerutiarrak.

¦ 5 erantzun
 

Beldurra (II) - Armiarme beldurgarria

2008-04-04  ¦  Nevadako egunak

Gizon baten erabakia azaltzen zen ipuinaren hasieran, armiarma pozoitsua nonbait erosi eta bere gelan libratzekoa, eta ondorenean haren beldurra ohera sartu eta argia itzaltzen zuenean, non ote zebilen zomorroa, hurbil ote zeukan, aditzen zituen hots txikiak hark eragindakoak ote ziren. Gaua joan eta gaua etorri, egoerak okerrera egiten zuen, eta beldurraren insomnioa nagusitzen zen gizonaz; azkenean, infernuaren pareko leku bihurtzen zitzaion gela, eta erabaki absurdoaren arrazoia jakiten genuen irakurleok: "Hartara, infernu berriarekin -zioen ipuinaren azken lerroak- ahaztu egiten zitzaidan infernu okerrago bat, Beatrizen ausentziarena".

Ipuina Juan Jose Arreola idazle mexikarrarena zen. Haren titulua, armiarmaren izena: La migala. Duela hogeita hamarren bat urte euskarara itzuli eta Pott aldizkari hartan argitaratu nuen.

Ahaztua neuzkan, noski, gaztetan itzulitako ipuina eta haren muina, migala, eta black widowa ere ez neukan gogoan; baina gure etxetik pasa zen norbaitek armiarma mota hura ugaria zela Nevadan esan zigun, eta deitu al genien exterminator izeneko espezialistei. Guk ezezkoa ematean, eta galdetzean zer eginkizun zuten exterminator haiek, etxea zomorro haietatik libratzea zela erantzun zigun. "Zomorro gehienak ez dira txarrak, baina armiarma hori bai. Alargun beltza pozoitsua da". Noraino zen pozoitsu galdetu nion, eta berak umeengatik azaldu zuen kezka. "Nik uste pertsona nagusiak ez dituela hiltzen, baina umeak… agian bai".

Izerdia esku ahurretan, armiarmak etxean izan zitzakeen sarrera zuzenak kalkulatu nituen buruz. Gutxienez, leihoak kontatzeke -itxita edukitzeko erabakia orduantxe hartua bainuen-, hiru ziren, eta haietako bat, lorategikoa, bereziki arriskutsua. "Nolanahi ere, oso errazak dira ezagutzen. Hatz txikiko azkazalaren tamaina izaten dute, eta oso beltzak dira, sabelean mantxa gorri batekin". Exterminator haietako baten telefonoa behar nuela adierazi nion. Ordurako, nire irudimena Arreolaren ipuineko protagonistarena bezala zegoen, eta aukera desberdinak erakusten zizkidan etengabe. Armiarma sasoia zenez -udazkena-, etxean ote geneukan ordurako? Eta ez al zitzaion kristal bat falta sotoko leihatilari? Ez al zuten armiarmek liburuen eta paperen babesa maite?

Ez nuen esan toreroarena -¡Dejadme solo!-, baina umeen gelan sartu, atea itxi eta zoko guztiak miatu nituen. Azkazal tamainako armiarma beltz mantxa gorridunaren partez, azkazal erdia zen armiarma marroi mantxa beltzeko bat aurkitu nuen, eta, aitortu beharra daukat, hantxe bukatu ziren haren egunak. Baina ez nintzen neu izan, Don Beldur izan zen.

Egun gutxi batzuk geroago -itzulinguru bat egitera noa, hartuko dut berriro armiarmaren haria-, Virginia City inguruko deserturantz eraman gintuzten Urza-Laxalt familiako lagunek truck apropos batean. Han genbiltzala, zaldi basatiei eta Kristo aurreko indioen petroglifoei argazkiak egiten, hasi ginen canyon edo haitzarte txiki batera jaisten harririk harri, eta umeetako batek hots egin zuen bat-batean: "Marakak!". Osatzen ari zen artean galdera nire buruan -zer maraka? Nola marakak hemen, arimarik gabeko paraje honetan?- Monique Laxaltek eskuak altxa zituenean gelditzeko adieraziz: "A Rattlesnake!". Airean jaitsi ginen haitzartean behera. Esaten zuten txartelek kriskitin-sugea shy, lotsatia, zela, baina, hola esatearren, gu gehiago.

Monique Laxalten aitona, Dominique, Zuberoara joan zen bisitan Nevadako mendietan berrogei urtez artzain ibili ondoren, eta eskuko poltsan eraman nahi izan zituen gauzen artean berak hildako kriskitin-sugeen azalak zeuden. Familiarentzako eta bere garai bateko lagunentzako opariak ziren. "Baten bat ikaratuko zen haien aurpegia ikustean", esan nien ibilera kideei. Ordurako Virginia Cityko saloon eraberritu batean geunden, eta Dominiquek Euskal Herrira eramandako suge-azalak bezalakoak ikusten genituen bitrina batean. "Artzainen amets gaiztoa zen -adierazi zidan Monique Laxaltek-. Uda iritsi eta gaua aire zabalean pasa nahi zutenean ere ez ziren sekula lurrean etzaten. Lau hankako etzaleku bat egiten zuten aurrena, eta haren gainean jartzen ziren lotara".

Hartan, armiarmaren hariari heldu nion berriro. "Zeinek du arrisku handiagoa, suge honek ala alargun beltzak?", galdetu nien. Haiek uste zuten sugeak zuela. "Baina alargun beltzaren hozka ere oso txarra da", gaineratu zuen norbaitek. Nire kezka azaldu nien orduan. Etortzekoak genituela exterminator batzuk, baina ez zirela azaltzen. "Nahi baduzu bihar bertan deituko diet nire etxea zaintzen dutenei", esan zidan Moniquek. Baietz erantzun nion, suge baten begietan begiak. Litekeena armiarmak suge hark baino arrisku txikiagoa izatea; baina, zerk ez?

Bi egun geroago, jo zuten atea eta hantxe zeuden bi exterminatzaileak. "Hi! How are you?", esan zuten biek batera euskaldun batzuek ieepa! esan izango zuten moduan, eta aurrera egin zuten bere ontzi eta hodiekin. Hamar bat pauso luze, eta egina zeukaten etxearen ideia bat. Armiarma baten ikuspuntutik, noski; etsaiaren lekuan jarrita.

Sendoak ziren, "6 oin garai" John Wayne bezala, eta Virginia Citytik bertatik zuzenean etorritako cowboyak iduriko zuten sonbreirua jantzita eduki izan balute. Ontzietako mama arroxari eragiten zioten bitartean, galderak egiten zizkiguten, ozen egin ere: "Nongoak zarete? Zer moduz Nevadan? Gustatzen al zaizue Far West hau?". Baietz erantzun genien guk, jendea atsegina zela Nevadan. "Izango ez da ba! -haiek-. Guri begiratzea besterik ez dago!" Algara egin zuten biek. "Basques zarete, beraz -gaineratu zuten aurpegia argitzen zitzaiela-. Ezagutzen al dituzue Renoko jatetxe euskaldunak, Luis Corner, Orozko…? Apartak dira! Gu askotan joaten gara."

Estatu Batuetako beste etxe askok bezala, gureak ere hutsune bat dauka pasilloan burdin sare batekin estalia, eta handik etortzen da, hodi zabalean barrena, kalderak epeldutako airea. Pasa nintzen haren gainetik eta burura etorri zitzaidan ez nuela armiarmaren sarrera-bide hura gogoan hartu. Keinuren bat egin nuen, nonbait, eta exterminatzaileetako batek, cowboy itxura handiena zeukanak, nire pentsamendua irakurri eta, hola esatearren, argudio etsigarri bat disparatu zuen bizkor: "Oh, man! -esan zuen-. Armiarma hori edozein zirrikitutatik sartzen da. Baita ate azpitik ere".

Gure etxeko ate gehienak ez daude bere erroetan tinko, eta zirrikitu handiak uzten dituzte. Gogoa eman zidan hartu haien ontzi eta tramankuluak eta ni neu bazterrak astintzen hasteko. Lehenbailehen babestea komeni zen.

Bi gizonak, bata goian eta bestea behean, etxearen zoko eta azpi guztiak mama arroxaz bustitzen hasi ziren. Hamar minutu, eta lana burutua zegoen. Faktura jarri zidaten aurrean: 220 dolar. Orduan ere keinuren bat egingo nuen, eta cowboy itxura handiena zeukan exterminatzaile hark atera berriro pistola -hola esatearren-, eta errekamaran gordeta zeukan albistea disparatu zidan: "Oh, man! Hortxe zeneukan bat, atarian. Baina, lasai. Bertan akabatu dugu!". Zorionez, nik ere banituen hainbat bala errekamaran, eta haien artean Jonathan Swift-en aipu bat, zeinen arabera Eritasuna eta Medikua jainko beraren umeak diren. "Exterminatzailea eta alargun beltza ere bai, zalantzarik gabe -otu zitzaidan-. Zomorrorik gabe cowboy horiek ez lukete 220 dolarreko ordainik jasoko, eta Luis Corner edota Orozko jatetxeko afari goxoak ere ez lituzkete maiz egingo. Beraz, gezurra esan dit. Atarian ez zegoen armiarmarik". Zoritxarrez, ez naiz oso azkarra argudioak zorrotik atera eta disparatzen. Gogoeta atondu nuenerako, bi exterminatzaileak bere kamioitxoan zihoazen ihesi.

Astebete geroago, sartu nintzen Xabier Irujo historialariak unibertsitatean duen bulegoan, eta kristalezko ontzi handi bat ikusi nuen apal batean. Barruan zerbait zeukala iruditu eta hurbildu nintzenean, hatz txikiko azkazalaren tamainako armiarma beltz bat ikusi nuen. Eman nion buelta ontziari zomorroa beste aldetik ikusteko, eta hantxe zegoen mantxa gorria sabelean. "Hola, migala, Hello black widow, how are you?", esan nion lasaitasun itxurarekin. Berak ez zuen erantzun, baina begiratu bai, bere 8 begiekin.

Bertatik bertara, trinkotasun inpresioa egin zidan. "Etxeko garajean azaldu zen -adierazi zidan Xabier Irujok-. Deitu nuen gauza hauetaz arduratzen den bulegora, eta handik kentzeko esan zidaten, baina ukitu gabe. Nik ontzi honetan sartu nuen, eta ekarri egin dut. Ea zer pasatzen zaion hor barruan. Makaltzen hasten denean libre utziko dut". Begira jarri gintzaizkion biok, eta zomorroaren inguruko kontu guztiak berritu genituen. Oso pozoitsua zen, kontuz ibili beharra zegoen berarekin, batez ere umeak inguruan zirenenean. "Bertatik bertara ikusi eta gero, oker nengoela konturatzen naiz -esan nuen nik, Arreolaren ipuina itzultzen ari nintzen garaiko irudia gogoan-. Nik uste nuen armiarma iletsua zela."

Ile ezak arindu egiten zuen zomorroaren latza, baina ez zen kontsolamendu handirik. Izan ere, errealitateak haren beste alde gaizto bat erakusten zuen, zer indarra zeukan. Ikustekoa zen zein bizi igotzen zen kristalean gora ontzia astindu eta haren hondarrera botatzen genuen bakoitzean. "Istant bat beharko du honek ohe gainera igo eta masailean hozka egiteko", pentsatu nuen Arreolaren ipuineko pertsonaiaren ildotik, eta ondo gastatutzat jo nituen bi cowboy exterminatzaileei emandako 220 dolarrak.

Pasa ziren beste hamarren bat egun, eta gauza berri bat jakin genuen armiarmaz. Xabier Irujok berak adierazi zidan kristalezko ontziaren aurrean. "Ematen du ez duela oxigenorik behar bizitzeko. Eta janaririk ere ez". Hartu nuen ontzia, astindu nuen, eta armiarma ontziaren hondarrera erori zen. Tarterik gabe, han zihoan berriro kristalean gora. Sasoi betean zegoen. "Bihar mendira joatekoa naiz. Han libratuko dut", esan zidan Xabier Irujok. Ondo eritzi nion. Etsaiaren handitasuna onartzeak hobetu egiten gaitu.

Egun hartan, etxera itzuli nintzenean, zerbait sumatu nuen umeen gelako horman, txakar bat, orban ilun bat. Hurbildu, eta azkazal laurdenaren erdia zen armiarma marroi mantxarik gabea ikusi nuen, eta burua -erabat arreolatuta- argudioka hasi zitaidan: "Holako armiarma kaxkar batek mama arroxaren oztopoa gainditu badu, zer ez du lortuko kristalezko ontzian zegoen atleta horrek?". Hartu nuen sukaldetik ontzi bat armiarma marroi mantxarik gabea harrapatzeko, eta hor non zomorroak jauzi egin eta ezkutatu egin zitzaidan bistatik. "Ez zen ba arkakuso bat izango…", adierazi zidaten etxekoek. Nik seriotasuna eskatu nuen. Arazo bat geneukan. Nahiz 220 dolar gastatu, ez geunden babestuta.

Ez nien deitu cowboy exterminatzaileei, zeren, nire ingelesaren maila dela eta, dueloak ez baitzuen itxurarik ere izango. Eta etxean ere ez nuen kontua berriro aipatu. Eta, bai, gogorra izan zen. Norbera eta Don Beldur bakarka geratzen direnean, poz gutxi.

Ez nuke armiarma bati buruzko kronika xume hau fabularen esparrura eramanez bukatu nahi, baina errealitateak -egiarekin bakarrik isiltzen eta lasaitzen den errealitate horrek- halaxe eskatzen dit.

Kontua da -kontua izan zen- umeen eskolako liburutegian Nevadako arrastari eta intsektu pozoitsuei buruzko liburutto bat aurkitu nuela, eta hantxe ikusi, eskorpioiaren eta musker zapal baten artean, blak widow edo migala baten argazkia. Hala zioen azalpenak: "Garajeetan edo harri artean egoten da, eta bere hozka ez da sentitu ere egiten. Mintsu uzten du hozka egindako gorputzaren tokia, eta eragiten ditu hainbat arazo nerbio sisteman, baina normalean hiruzpalau egunetan desagertzen dira sintomak". Horixe zen guztia, eta hortik aurreragokoa, bai Arreolaren ipuineko pertsonaiaren sufrimenduak, bai nireak, bai cowboy exterminatzaileen argudioak, bai jendearen artean zabaldutako usteak, ez ziren errealitate, baizik eta phantasma. Baina, zer hedadura zuen phantasmak! Zer lan handia egiten zuen beldurrak!

Kontatu nuen etxean, eta denok ere lasaiago gelditu ginen. Baina handik egun gutxi batzuetara -eta hau da fabularen alderik esanguratsuena-, azkazal erdia adinako armiarma marroi mantxa beltzekoa ikusi nuen salako horman, eta, bi aldiz pentsatu gabe, jo zapatarekin eta mastrakatuta utzi nuen bertan. "Zergatik, fili mi? -esan izango zidan armiarmak ahal izatera-. Lehen, hor nonbait, baina orain? Orain badakizu egia. Ez dago arriskurik". Nik ezin izango nion erantzun onik eman. "Don Beldurren gauzak dira", esango nion azkenean. Baina erantzun hori eta batere ez, berdin.

 

Beldurra

2008-04-03  ¦  Nevadako egunak

Bada, beldurraz -diot nik, predikari haien erretorikaz- konparazio bera ezar daiteke: azaldu, aztertu, kontatu mila kasu, eta haiek denak ez lirateke inurriaren aurreneko mila pausoak baino. Eman beste hamaika mila, eta gaiaren inguruko lehen buelta osatuko genuke. Baina buelta hori ere ez litzateke izango infinitu baten abiapuntua baino. Laburtuz: ez da beldurra baino eragile nagusiagorik bizitza pribatuan zein publikoan. Pentsamenduaren eraikuntza handienak eta txikienak hura dute oinarri; askotan, hura bakarrik.

Garrantzi handikoa beti, are eta garrantzitsuago dirudi beldurrak gaurko egunean. Edo, behintzat, inoiz baino presenteago dago, azpitik gora egin eta azaleratu balitz bezala; halako mania bat balego bezala gizarteen eta pertsonen oinarri insecuro horren hautsak harrotzeko. Zabaldu Reno Gazette- Journal egunkaria -ez bereziki horia hemengo testuinguruan-, eta krimen baten berria ez denean, inguruko eskualde batean agertutako bakteria arraro eta mortalari buruzko kronika da, edota aurtengo gripearen aurka txertatzeko aldarri urgentea -zeren, noski, aurtengoa mortala izan baitaiteke.

Egunkaria itxi eta hezkuntzari buruzko aldizkari bat hartzean, berriz, ez da oharra faltako: erne guraso guztiak umeekin. Ez utzi behin ere bakarrik. Izan ere umea abducted -bahitua- izan daiteke, hala nola sekula gehiago azaldu ez diren ehunka batzuk azkeneko hogei urteotan. Eta, egunkariak edota aldizkariak bezala, dokumentu ofizialak ere izango du bere sustoa. "Errepasa itzazu datu guztiak eta ikusi ondo dauden -dio dokumentuak letra gorrietan-. Datuak faltsutzea gogorki kastigatutako delitua da. It?s the law".

Egunkariak, kazetak eta dokumentuak alde batera utzi eta joan gaitezen mendira, eta gainera lasai, aukeratu dugun mendian ez baita hartzik izaten. Baina ez da lasaitasunik, hantxe dago txartela: "Erne mountain lion edo puma delakoekin. Ibili taldean eta ez utzi umeak solte, zeren nagusiei gutxitan egiten baitiete eraso, baina umeei sarriago". Eta azaltzen bazaizu, hoberena -ematen du txartelak aholku-, begietara begiratzea, oihuka hastea eta harrika egitea. Eta eraso egiten badu, orduan utzi berriketak eta "ahalik eta bortitzen erantzun".

Utz dezagun mendia, joan gaitezen desertura. Lasai, rattlesnake edo kriskitin-suge asko daude, baina shy dira, lotsatiak, bere gisara uzten badituzu ez dizute ezer egiten. Benetako arriskua, joan zaren desertu horretan, errepide jakin bakarretik aldentzea da, zeren autoa hondatuz gero egunak edo asteak pasa daitezke inork aurkitu baino lehen. Eta, bide batez, egin al zenion errebisioa autoari? Gidariak, errebisiorik egin gabe abiatu denak, eskuko telefonoa pizten du seinale bila. Ezta zirkinik ere.

Azkenean -ez egunkari, aldizkari edo dokumentu, ez mendi eta ez desertu-, hiri batera joan gara, eman dezagun Las Vegasera. Tropicana Boulevardeko informazio bulegoan gelditu eta gauean dagoen ikuskari bati buruz galdetu dugu. Down Town-eko kale batean da. "Zu izatera ni ez nintzateke joango -dio arduradunak-. Leku hartan kasino zaharra besterik ez dago, mozkorrak eta droga". Arduradunak isilune bat egin du. "Eta hilketak ere bai", gehitu du ondoren.

Zalantzarik ez, beldurra azal-azalean dago Estatu Batuetan, eta hona etortzen den kanpotarrak ikasi egin beharra dauka presentzia horrekin bizitzen; bestela, larritasunak itota buka dezake edozein bazterretan. Oso desatsegina egiten da, noski. Konpainia beltzarekin bizi beharra zama handia da, eta welfare indize on guztiek ezin dute zama hori askorik arindu ahal. Ez da ahaztu behar beldurra dela -Don Beldur, Gonzalo de Berceo aspaldiko predikari haren izenez-, bizitzaren etsairik handiena.

¦ Erantzun bat
 

Paradisuaz - Aitaren heriotzaren urteurrenean

2008-03-31  ¦  Paradisuaz


ATERA ZEN ADAN PARADISUTIK

Atera zen Adan paradisutik, eta paradisuko landare berak
aurkitu zituen bidean, bereziki arrosa, palmondoa eta pikua,
eta eguzkia ere beti-betikoa iruditu zitzaion, eta ilargia berdin,
eta izarrak ere paradisuko gau oskarbietan ikusi izan zituenak,
Venus, Berenice edo Orion izendatuko zirenak geroan;
Eta holaxe-holaxe aldaketarik sumatzeke Adanek ez zuen mirarik
izan lehen egun haietan, eta negargurarik ere ez zuen sentitu,
eta larritasuna berriz ametsetan bakarrik, aingeru ezpatadun bat
azaltzen zitzaiolako mehatxuka sagar baten gorabehera zela-eta:
Baina, ametsak amets, goizaldeak bakea ekartzen zion Adani.

Denbora mugitzen hasia zegoenez udarari udazkena jarraitu zitzaion,
eta udazkenari neguko haize hotz traidorea, eta gau batez Adan
buruko minez esnatu zen, kopeta kiskaltzen berrogeiko sukarrarekin,
eta justu une hartan aldamenean zeukan andreaz ohartu zen kolpetik
eta totelka "hil egingo naiz, Eva maitea" adierazi zion sustoz.
Handik zazpi egunera, sendatua zegoen munduko lehen gripe hura,
eta Adanek "oso ondo nago" hots egin zuen, "inoiz baino hobeto".
Aldi harrigarria izan zen: jokatu berria zen lehenengoz "hil" aditza,
eta sekula inon izan gabeko zentzua hartu zuten giza harremanek;
bestalde, jaioa zen zorion berria, paradisukoarekin antzik gabea.

Denbora ez zen gelditzen, eta egunak eguna ekartzen zuen hutsik gabe
, eta Adan batzuetan lo geratzen zen palmondoaren azpian luze eta zabal
eta bestetan, berriz, Kain txikiak gorria harrapatu zuenean esate baterako,
erbinudea bezala ibiltzen zen, urduri, bere buruari ekinda ere bai inoiz.
Eta holaxe-holaxe egun batean azken ordua heldu zitzaion, bete zen
beragan ordurako arrosan idatzita zegoen mezua, eta tristezia apur batez
"badakit, Eva" esan zion andreari, "badakit hainbat ezbehar izan ditugula
eta ez zaizula behin ere ahaztuko zure seme maite Abeli gertatutakoa,
baina zer da bizitza, Eva, ezpada guk ezagutu duguna, paradisuaz kanpokoa?".
Eta halaxe-halaxe, hitz haiek ezpainetan, hil egin zen gizajoa, Adan.


ZERUA 1

Hegaldiak zortzi ordu iraun zuen, eta ia beste bi behar izan genituen maletak jaso eta gure bila etorritako autoa hartzeko. Umeak nekatuta zeuden, eta gazteenak segituan hartu zuen lo. Zaharrenak ordea ez. Isil-isilik zihoan, baina begirik itxi gabe. Eta hala segitu zuen gure jomugara iritsi ginenean ere. Galde egin genion azkenean, kezkaren bat ote zeukan. Berak baietz egin zuen buruarekin. "Ez ditut ikusi. Hainbeste denbora zerutik barrena, eta ez ditut ikusi", esan zuen. "Zein ez dituzu ikusi", galdetu genion. "Pertsonak", esan zuen. "Zein pertsona?". "Hildakoak", zehaztu zuen.


ZERUA 2

Desertutik gindoazen, inor gabeko errepidean. Kolore gorriztako lautadan, harkaitz are eta gorriagoak ernetzen ziren, batzuetan dorreak ematen zutenak eta bestetan orratzak. Zerua urdin zegoen.

Umeei esan genien paisaia bakana zela, guretzat erabat berria, eta begiratzeko leihatilatik. Begiratu zuten, baina umeek ohi bezala, kontenplazioari segundo gutxi batzuk eskainiz. Handik gutxira, lagunarteko zein familiako hainbat izen aipatu genizkien, zenbat gustatuko zitzaiekeen haiei munduaren eremu urrun hartan gurekin ibiltzea: "Harritu egingo lirateke holako desertu batekin. Begira zein izugarria den. Ez zaio bukaerarik sumatzen".

"XX gurekin egotea, horixe gustatuko litzaidake niri", esan zuen ume gazteenak. Urtebete lehenago hildako pertsona bat zeukan gogoan.

Ados etorri ginen besteok, eta batez ere beste umea, zaharrena. Halere, eranskin bat ezarri zuen ikasitako ipuinaren arabera: "XX zeruan dago, eta nik uste ondo egongo dela. Ez du sentituko paisaia hau ikusteko premiarik".

Autoaren aurreko eserlekuetan gindoazenok indartu egin genuen ikuspuntu hura, eta XX.en bizitza luzea aipatu genuen, eta berriro ere, metaforaren abantailaz baliatu eta azalpenak ekidinez, zerua. "Ez hartu penarik. Hura oso pozik egongo da zeruan".

"Ez dakit, ba -erantzun zigun ume gazteenak-. Ez zait iruditzen altura horretan oso gustura egongo denik".


ZEBRAK ETA HERIOTZA

Berrehun eta hiru zebra ginen eta korrika
gindoazen denok lur lehorra zapalduz,
eta Hogeita laua, Hogeita bosta eta Hogeita seia
neuzkan nik aurrean, atzean Hirurogeita bata
Hirurogeita bia eta Hirurogeita hirua,
eta bat-batean Ehun eta hamazortziak
Ehun eta hemeretziak eta Ehun eta hogeiak
albotik aurreratu gintuzten Ibaia! Ibaia!
oihu eginez, Ura! Ibaia,! Ura!,
eta Hogeita laua, Hogeita bosta eta Hogeita seia
Ura! Ibaia! Ura! oihuka hasi ziren, eta
Laurogeiak, Laurogeita batak, Laurogeita biak ere
aurrea hartu ziguten zalapartan Ura! Ibaia! Aurrera!,
eta Hogeita bostak ezkerrera egin zuen, eta
Hogeita lauak eta Hogeita seiak eskuinera egin zuten,
eta eguzkia ikusi nuen ibaian, ura distiratsu,
ura distiratsu eta aurrera, aurrera egin nuen,
eta Zazpiarekin eta Zortziarekin gurutzatu nintzen,
eta bustita zetozen, bustita urez, aho bete urez,
eta aurrera egin nuen eta Bostarekin eta Seiarekin
gurutzatu nintzenean kokodriloak! esan zuen Seiak,
eta aurrera, aurrera, eta kokodriloak! kokodriloak!
egin zuten denek oihu, Seiak, Bostak, Hamazazpiak
Hamarrak, Hogeiak, denek oihu kokodriloak,
kokodriloak, eta nik ura edan nuen,
ura ibaian, ur distiratsua, ur eguzkiz betea,
eta kontuz! kokodriloak! egin zuen oihu
nire ezkerrean Hogeita bostak,
eta ur distiratsuan busti-bustita atera nintzen,
eta Berrehun eta bostarekin eta Berrehun eta biarekin
gurutzatu nintzen eta kokodriloak! esan nien, kokodriloak!,
eta korrika segi nuen lur lehorra zapalduz,
eta Hogeita laua eta Hogeita seia neuzkan aurrean,
eta hutsune bat zegoen haien artean eta jauzi, jauzi,
jauzi egin nuen eta hutsunea niretzako hartu,
eta korrika jarraitu nuen lur lehorra zapalduz.

Ehun eta laurogeita hamazazpi zebra ginen,
eta korrika gindoazen denok lur lehorra zapalduz,
eta Hamarra, Hamaika eta Hamabia neuzkan nik aurrean,
eta Berrogeia eta Berrogeita bata atzean.


CLEMENTINE

Laurogei edo laurogeita bost urteko andreak
Cowboy sonbreiru gorriekin janzten hasi zirenetik,
Heriotzak makalagoa dirudi, Oh my darling
Oh my darling, Oh my darling Clementine*!

Eta sonbreiru gorriarekin alkandora gorri bat
zilarrezko botoiekin, eta txaleko estu-estua
lore estanpatu handiekin, Oh my darling
Oh my darling, Oh my darling Clementine!

Eta bota takoi luzeak, eta cowboy galtzak
Eta gerrikoa sendo, Colt berrogeita bostari
ondo eusteko egoki, Oh my darling
Oh my darling, Oh my darling Clementine!

Eta begiak urdinak eta ilea zuri, eta zaldia
atarian, edo agian ez, eta saloon barruan musika,
eta sonbreiru gorria airean gora, Oh my darling
Oh my darling, Oh my darling Clementine!

Eta heriotza gordeta biolinistaren atzean,
eta zu dantzan zure bota takoi-luzeekin
norbaiti agur egiten eskuaz, oh my darling
Oh my darling, Oh my darling Clementine.

Eta segaren punta biolinaren gainetik ageri,
beheraka dator sonbreiru gorria, hala dirudi,
eta pieza hau bukatzera doa, Oh my darling
Oh my darling, Oh my darling Clementine!

Azkarra da heriotza bere sega erabiltzen,
baina azkarragoa zu pistola ateratzen,
eta dueloa irabazi egin duzu, Oh my darling
Oh my darling, Oh my darling Clementine!

Biolinista kantatzen hasi da, Oh my darling,
Oh my darling, Oh my darling Clementine,
baina zu eseri egin zara zure sonbreiru gorriarekin
nekatu xamarra zaudelako, Oh my darling Clementine!

Heriotza ihesi doa saloonaren atzeko atetik,
esan ohi den bezala hautsa du gaurkoan irentsi,
eta dena zuri eskerrak, Oh my darling
Oh my darling, Oh my darling Clementine!

Laurogei edo laurogeita bost urteko andreak
cowboy sonbreiru gorriekin janzten hasi zirenetik,
Heriotzak makalagoa dirudi, Oh my darling
Oh my darling, Oh my darling Clementine!

¦ 5 erantzun
 

Arteak irabazi - Asun Garikanori

2008-02-28  ¦  Nevadako egunak

Zeharkatu genuen ordea Ventimiglia, sartu ginen Italian, eta hantxe zeuden tunelak gure zain. Hogeigarrenarekin topo egin genuenean lehen kexua erne zen katalanen naziotik: "Zer, ez al dugu behin ere gelditu behar? Gogortuta geldituko gara eserleku deseroso hauetan".

Bazen 12 x 2,5 x 3 metroko Gune Estuan gidari-lana egiten zuen gizon gazte ezkonberri bat, bere emaztearekin bidaiatzen zuena. Oso belarri fina zuen, eta, nahiz bera aurreneko eserlekuan egon, eta Eugeni berriz erditik atzera, mikrofonoari heldu zion hitz haiek entzun orduko: "Eugeni, badakit, tunel horietatik pasatzea zatarra da. Ehun aldiz pasa naiz ni, eta zuri bezala gertatzen zait beti. Autobusaren eserlekuak deserosoak iruditzen zaizkit bat-batean. Baina pasako ditugu eta munduko leku ederrenetako batean egongo gara". Gidariaren hitzen orpotik bere emaztearenak etorri ziren: "Eugeni, et ve de gust un préssec?", esan zuen katalanera garbian, eskua altxa eta muxika bat erakutsiz. Baietz erantzun zuen Eugenik, eta muxika ilaraz ilara iritsi zen haren eskuetara.

Txoferra ekina zen, eta ahal guztia zapaltzen zuen azeleragailua; baina tunelak ere ekinak ziren, eta ez ziren behin ere bukatzen. Gune Estuko giroa txartuz joan zen, eta luze gabe nazioen arteko lehen liskarra sortu zen. "Jakina, Bartzelonan hainbeste atzeratu ez bagina!", esan zuen halako batean erdialdean eserita zegoen madrildar ilezuri batek. "Baina atzeratu egin gara eta orain hola joan beharra daukagu, inon gelditu gabe", gaineratu zuen haren alboan eseritako andre ile hori argikoak, ziurrenik ere emazteak. "Zer nahi zenuten? Denok Madrilera joatea? -arrapostu zien Eugenik, Gune Estuko elementurik dinamikoenak-. Italiara joateko Madrilera joan behar da, orduan? Madrid! Madrid! N'estic fart de Madrid!". Alboan eserita zeukan andreak, ziurrenik ere emazteak, puntua jarri zien hitz haiei: "I tant!" Madrildarrak ez ziren atzean geratu: "Puede usted decir lo que quiera de Madrid. Nosotros somos de la provincia, concretamente de Tres Cantos". Euskal Gutxiengoko hiritarrok ez genuen ezer esan.

Mikrofonoaren hots sakona zabaldu zen Gune Estuan. Norbait haizematen ari zen. Gidaria zen, ezkonberria, senarra. "Ez Bartzelona eta ez Madrid! Italia! -hots egin zuen-. Genoatik 80 kilometrora gaude eta bukatu dira tunelak! Eta hori ospatzeko, musika italiarra jarriko dut oraintxe bertan. Adriano Celentano! Azzurro!". Hitzetik bozgorailuetara, kantua 90 metro kubikoko lurraldean zabaldu zen: Azzurro, il pomeriggio è tropo azzurro e lungo per me...

Euskal Gutxiengokoek estimatu genuen, eta batez ere nik. Adriano Celentano nire faboritoetako bat izan da beti. "Halere, arrazoi pixka bat bazian Madrileko horrek, ez duk hala? -esan zuen amak-. Gehiegi luzatu gaituk Bartzelonan". Onartua izan zen zentralismoari egindako hurbilketa hura, baina keinu hutsez. Tarte hark Adriano Celentanorena izan behar zuen.

Azzurro, il pomeriggio è tropo azzurro e lungo per me... Autobidearen ezkerretara, negutegiz betetako sakanen bukaeran, Mediterraneoak tintazkoa ematen zuen, urdin lodikoa, azzurro. Haren gainean, uraren xakarrak bailiran, arrantzaleen txalupak ikusten ziren, edo haien errainuak. Zeruan -zeruaren xakar horiztak bailiran-, hamar bat izar zeuden sakabanatuta. Gaua poliki-poliki zetorren.

"Begiratzen al diozue itsasoari? -galdetu zuen gidariak mikrofonotik Adriano Celentano isildu zenean-. Ba segi begiratzen orain datorren kantuarekin". Berriro ere, musika zabaldu zen Gune Estuan: Sapore di mare, sapore di sale...

"Zer ote da mutil hau, psikologoa? -esan zuen amak. Eta jarraitu zuen-: Gaztea banintz psikologia estudiatuko niake. Gaztetan kimika nahi nian, baina orain gehiago gustatzen zaidak psikologia". Baietz erantzun nion, psikologoa izango zela. Ondoren, ama-seme zintzoak bezala, kimikaz eta psikologiaz aritu ginen sapore di mare sapore di sale bukatu zen arte.

"Ez dizuet enbarazu egin nahi, eta isiltzera noa -esan zuen gidariak, ezkonberriak, psikologo ustezkoak-. Baina jakin egin behar duzue hurrengo kantuak dioena: Se piangi se ridi es solo per te... Alegia: ?Nigar egiten badut, barre egiten badut, zuregatik da?. Kanta zoragarria da, lagunak. Itxi begiak, eta entzun!". Bozgorailuetatik Boby Soloren ahotsa erne zen: Se piangi amore io piango con te, perque' sono parte di te... Itsaso aldean izarrak ikusten ziren; txaluparik ez.

Gune Estuaren gunerik estuenera joateko altxa nintzen, eta egoera aztertu nuen bidean. Nazio guztiak lasai zeuden, begiak itxita, lo edo erdi lo. Salbuespen bakarra Madrileko andre bat zen, halako aurpegi berezi bat zeukana, harrizkoa. Se piangi se ridi es solo per te zioen Bobby Solok. Itxura batera, Madrileko andreari ez zitzaion inporta.

"Kantu honek ez du batere balio. Ezin da kaskarragoa izan", esan zidan bat-batean andreak gure begiradak gurutzatu zirenean. Harrizkoa zuen ahotsa ere, metalezko izpiekin. Azentua, berriz, Lavapiés-ekoa edo; Madrileko auzo castizo batekoa, behintzat. Barre-iduri bat egin eta aurrera jarraitu nuen.

Euskal Gutxiengoa ere lo zegoen, baina niri kosta egiten zitzaidan nire nazioarekin erabat bat egitea, eta kristaletik begira jarri nintzen. Ez oso urruti Genoako argiak ikusi nituen. Tropoilotu egiten ziren badiaren aldean.

Montalek idatzitako poema baten lehen lerroak piztu zitzaizkidan buruan, ahaztu ezinak niretzat Francisco Ferrer Lerínen itzulpenean irakurri nituenetik: Habría querido sentirme áspero y esencial/ como los guijarros que tú devuelves,/ comidos por la sal;/ brizna fuera del tiempo, testimonio/ de una voluntad fría que no cambia. Poemaren hitzekin batera, itsasoa sentitu nuen hurbil, eta uhinek hondarrean utzitako harri txintxar bustiei begira jarri nintzen. Lo nengoen ni ere, Euskal Gutxiengoarekin bat eginda azkenean.

Bukatuta bidaiaren tarterik luzeena, nekatuta, pozik, Pisako duomoaren goi aldeko kalean geunden Gune Estuko berrogeita biak. Eguzkiak hartzen zuen izar malenkoniatsuen lekua; zeru urdinak, gauarena. Gure aurrean, belardi gaztean hurrenez hurren jarrita, marmol zuriko hiru eraikuntza geneuzkan; campanile-a, munduko dorrerik ospetsuena, parez pare. "Quina meravella, Deu meu!", hots egin zuen Eugenik. "Maravilloso, realmente", etorri zen bat Gune Estuan harekin eztabaidatutako madrildarra, probintziakoa, Tres Cantostarra. Esana zegoen dena, eta isilik geratu ginen besteok.

Metalezko izpiak zituen ahots harrizko bat erne zen bat-batean: "Hau desilusioa!". Hitz haiek iltzeak bezala zulatu zuten isiltasuna. "Hau desilusioa!", entzun genuen berriro. Ezaguna egin zitzaidan azentua. Lavapiésekoa zen zalantzarik gabe.

Gune Estuko gehiengoak burua jiratu zuen harrizko andrearengana. "Argazkietan zerbait ematen zuen, baina leku ederrean!", esan zuen hark De Gaulleren hasperena txiki uzten zuen birika mugimendu batekin. Hiru naziotako bidaiariok elkarri begiratu genion, mutu.

"Goazen denok!", hots egin zuen norbaitek kemenez, ziurrenik ere gidariak, ezkonberriak, psikologo ustezkoak. "Dorrearen barruko eskailerak 294 maila ditu. Igo gaitezen Galileok bere probak egiteko hartzen zuen tokiraino". Eugenik burua astindu zuen: "Ez dakit goraino igotzeko gauza izango naizen. Ez naiz hain gaztea ere". Bistakoa zen, harrizko andrearen aldarrikapenak zamatu egiten zion espiritua. "Galileo Galilei igo baldin bazen, zergatik ez zu, Eugeni?", esan zuen belarri finak -gidariak, ezkonberriak, etc.-. Hartan, Euskal Gutxiengoko pertsona bat taldetik bereizi eta dorrearen oineraino joan zen korrika ttikian. "Nondik sartu behar da? Hortik?", egin zuen oihu pertsona hark, zalantzarik gabe amak. "Bai!", erantzun zuen taldeko batek, zalantzarik gabe nik.

Gune Estuko gehiengoa mugitu zen azkenean, eta handik gutxira Galileoren tokian geunden. "Hemen jarri eta gauzak botatzen zituen, batzuk altzairuzkoak, besteak egurrezkoak, urrezkoak... Astunenak azkarrago eroriko zirela uste zuen, baina ez. Denak batera iristen ziren lurrera". Lur hari so jarri ginen denok, baina ez genuen objekturik ikusi, ez altzairuzkorik eta ez urrezkorik; bai ordea harrizko andrea. Harrizko banku batean eserita zegoen, bat eginda naturarekin.

Hurrengo egunean, Luccan gelditu ginen paseatu eta bazkari legea egitera Hiri ederra da Lucca, alaia, iturri freskoak dituena; baina, eraikuntza edo artelan aparteko baten ezean, nor bere aldetik ibiltzeko aholkua eman zigun gidariak, ezkonberriak, psikologo ustezkoak. Halere, taldeak talde iraun zuen lehen minutuetan, zeren Eugenik galdera egin baitzion harrizko andreari, eta Gune Estuan etorritakoen gehiengoak erantzuna entzun nahi izan baitzuen. "Zer daukazu Pisako dorrearen aurka?", hori zen galdera. "Begira, Eugeni jauna -erantzun zion andreak Lavapiéseko azentu klaruarekin-. Nik ez daukat ezer dorre horren aurka. Baina utzidazu aurrena zuri galdera bat egiten: Ikusi al duzu pelikularik zure bizitzan?"

Nazio kidetasunaz gaindi, Gune Estuan Eugenirekin eztabaidatutako senar-emazte madrildarrak, probintziakoak, Tres Cantosekoak, kataluniarraren alde jarri ziren. "Mesedez! Zer uste duzu? Bartzelonan zinemarik ez dagoela?" Harrizko andrearen ahotik metalezko ahots hotza erne zen: "Badakit Bartzelonan zine areto asko dagoela. Zehatz jakin nahi baduzu berrehun eta hogeiren bat areto daude probintzia osoan, eta hirurogeita hamarren bat kapitalean. Baina nik ez nuen hori esan nahi. Pelikularik egiten ikusi al duen, hori galdetu nahi nion Eugeni jaunari".

Luccako kanpaiak zalaparta batean hasi ziren hoska, eta hizketaldia etenda gelditu zen. Baina egin zen isiltasuna, eta han ekin zion harrizko andreak berriro: "Ba nik bai. Zine kontuetan lan egin dut nire bizitza osoan, eta pelikula asko ikusi ditut egiten. Eta badakizue? Dena gezurra da! Gezurra! Pantailan naufragio bat ikusten du jendeak, baina naufragio hori palankana batean egin du zuzendariak jostailuzko ontzi batekin! Eta Pisakoa ere jartzen dute argazkietan ez dakit nola, eta gero...". Entzuten jarraitzeko asmoa nuen, baina Euskal Gutxiengoko bat, zalantzarik gabe ama, pauso bizian zihoan kalean aurrera, eta haren atzetik abiatu behar izan nuen.

Arratsean iritsi ginen Florentziara, eta berriro ere solte ibiltzeko aholkua eman zigun gidariak, ezkonberriak, psikologo ustezkoak. Euskal Gutxiengokoek Arno ibaiaren ertza aukeratu genuen paseatzeko, bai baikenekien gainerakoa -plazak, elizak, museoak- hurrengo egunean bisitatuko genuela Gune Estuko beste nazioekin batera. Eta halaxe abiatu ginen, batzuk bizkor eta besteok atzetik.

Geldiune bat egin genuen Ponte Vechion, baina laburra. Euskal Gutxiengoko kide batek, zalantzarik gabe amak, aurrera egin nahi zuen "erabat ilundu baino lehen", eta, esan ohi den bezala, haren desioak aginduak ziren Gutxiengoko besteontzat, alegia niretzat. Hala, hiruzpalau kilometro egin genituen ertz batetik, eta beste horrenbeste bestetik. Tarte batzuetan, Toskanako brisarak hitz ospetsuak ekartzen zizkigun: Tanto gentile e tanto honesta... Sonetoa osorik entzun nahi nuen, baina ezin nintzen gelditu. Euskal Gutxiengoak abantaila handiegia hartu izango zidakeen.

Gaueko hamabiak aldera itzuli ginen hotelera, eta, igogailuaren zain, bi itzal sumatu genituen hall bakartian. Ezkonberriak ziren, gidaria eta bere emaztea. Txoko batean zeuden, parez pare, makurtuta, kezkatu aurpegiarekin. Bat-batean, gizonezkoak keinu zakar bat egin zuen. Keinutik keinura, andrezkoaren erantzuna ere zakarra izan zen. "Ez dakit ez ote diren haserretu", esan nuen. "Oraingo bikoteek ez diate ezer agoantatzen. Horregatik zeudek horrenbeste dibortzio", erabaki zuen Euskal Gutxiengoko beste fakzioak. "Ez dituk izango psikologoak", gaineratu zuen geroxeago, igogailuan gindoazela. "Seguru ezetz", eman nuen ameto.

Telebistan kirol kate bat zegoen, eta bertan Fiorentina eta Sampdoriako ekipoen arteko partiduaren errepikapena ari ziren ematen. Partidu gogorra zen, eta Fiorentinaren hegaleko ezkerra, Passarella, herrenka zebilen. Entrenatzaileak aldaketa eskatu zuenk, eta jokalaria bandara jo zuen. Ustekabea orduantxe etorri zen. Izan ere, Euskal Gutxiengoko bat atera zen zelaira ordezko gisa, zalantzarik gabe nire ama. Korri egin nahi izan zuen zelaiaren alde batetik bestera, baina area barruan sartzera zihoanean Sampdoriako atzelari bat jarri zitzaion aurrean, zalantzarik gabe harrizko andrea. "Hemendik ez zara pasako!", esan zuen Lavapiéseko azentuarekin Sampdoriako atzelariak, harrizko andreak. Izerditan esnatu nintzen. Telebista piztuta zegoen. Sampdoria bi eta huts ari zen irabazten.

Hurrengo goizean, gidariak -ezkonberriak, senarrak, psikologo ohiak- katedralaren inguruetara eraman gintuen zuzenean, eta Baptisterioaren "paradisuko atearen" aurrean jarri. "Hona hemen Ghibertiren orfebre lana. Ez da munduan hau baino ate ederragorik. Begira zer detaileak panel bakoitzean". Gune Estuko batzuk atera hurbildu ziren, baina oro har taldea ez zegoen bat eginda. Erdiek beste aldera begiratzen zuten, katedralerantz; beste batzuk -Euskal Gutxiengoa tartean- campanile aldera zihoazen. "Zer esaten didazu, Eugeni?", galdetu zuen gidariak. "Betaurrekoak ahaztu zaizkit hotelean, baina bai, ateak polita ematen du". Agian nahi gabe, Baptisterioaren inguruan jarraitzen genuenok harrizko andreari begiratu genion. Bost segundo luzez begiratu zigun berak. Ondoren hasperena etorri zen. Hurrena, pentsatzen ari zenaren laburpena: "Kromoak ematen dute. Ez zait oso aparteko gauza denik iruditzen". Begiak altxa nituen zerurantz, eta, halabeharrez, buruan painelu berde argia zeraman andre bat ikusi nuen campanilearen goi-goiko arkupean, ziurrenik ere ama.

Galeria Uffizi, Ponte Vechio, Piazza de la Signoria, Santa Croce, Medici familiaren hilobia... hura guztia eta beste zenbait edertasun ikusi genituen bospasei orduko ibileran; baina, ederra eder, Gune Estuan etorritako gehienon espiritua kikilduta zegoen. Harlosa bat sentitzen genuen gainean, eta zernahiren aurrean egonda ere bi xuxurla mikatz sortzen ziren taldean. "Zer esango ote du orain horrek?", galdetzen zuen Tres Cantoseko gizonak. "Betaurrekorik gabe ez dut ezer ikusten", esaten zuen Eugenik.

Leonardoren Annunciazione-aren aurrean geundela ere bi xuxurla haiek errepikatu ziren. Gidariak -ezkonberriak etc.- entzun egin zuen hura ere bere belarri finari esker, eta Eugenigana zuzendu zen ozenki: "Emadazu zure gelako txartela. Hotelera joango naiz segituan eta zorioneko betaurrekoak ekarriko dizkizut!". Jarraian, talde guztiari hitz egin zion: "Hemendik hogei minutura irteerako atean elkartuko gara. Bi gauza zoragarri gelditzen zaizkigu ikusteko: Fra Angelicoren pinturak, eta Michelangello handiak egindako Daviden eskultura". "Moll be", esan zuen Eugenik, suspertuta betaurrekoen esperantzarekin, eta gidaria -ezkonberria etc.- Uffiziko eskaileratan ezkutatu zen. "Non ote da bere andrea? Ez diat egun osoan ikusi", esan zuen Euskal Gutxiengoko batek, zalantzarik gabe amak.

Labur, egunak okerrera egin zuen. San Marcos komentuan, beste Annunciazione baten aurrean -Fra Angelicok pintatutakoa, hain zuzen-, harrizko andreak ohi bezala jokatu zuen. Itxoin zuen Gune Estuko gehiengoa isildu arte, eta justu orduan, gidaria azalpena ematera zihoanean, bere pentsamenduak laburtu zizkigun hitz gutxitan: "Oso ikusia, ezta?".

Ur putzu bare batera jaurtitako harri koskorrak bezala, mespretxuak San Marcos komentuko giroa nahastu zuen. "Zergatik ez ote da andre hau Lavapiésen gelditu?", esan zuen Tres Cantoseko gizonak. "Ba, aingeruaren hegoak oso politak dira", baieztu zuen Eugenik, betaurrekoak lagun. Eta egia zen. "Aparta politak. Mitxirrika batenak ematen dute", gaineratu zuen norbaitek, agian nire amak. Eta hura ere egia zen. Baina zaila da metalezko edo harrizko hitzak jasotzea, eta guk ere ez genuen lortu. Buruan koskorreko bat hartuta bezala atera ginen Galeria della Academia aldera, Michelangelloren David bisitatzera.

Eskultura, marmol zurikoa, areto txiki batean zegoen. Bero handia egiten zuen han, eta Gune Estukoak sartu ginenean tenperatura beste gradu pare bat igo zen. Gehienak haserre zeuden, eta batzuek gorituta zeuzkaten aurpegi eta kopetak, su hartzeko zorian. Bazirudien liskarren bat sortuko zela eskulturaren aurrean bildu orduko, ez nazioen artekoa baizik eta nazio guztiek zeukaten etsai jakin eta bakarraren aurkakoa; baina bat-batean, txorabioa eman zion eskulturari begira zegoen beste andre bati, eta ondorengo zalapartak uxatu egin zuen Gune Estukoen revolte egoera.

Hiru gizon bizkar-zabalek zutik jarri zuten andrea. Txikia zen, ile horikoa, eta bere traje txit apainaren lepoan Estatu Batuetako banderaren insignia zeraman. Gaur dakidana jakinda, Hillary Clinton zela esango nuke, eta bizkar-zabalak bizkartzainak zirela; baina ez nago seguru. Azkar esatearren, ezin izan nintzen harengan kontzentratu, zeren eta Harrizko Etsai Publikoak profitatu berria baitzuen gidariak azalpenean utzitako zirrikitu bat, eta hasperen bat egin baitzuen, eta esan: "Argazkietan baino askoz txikiagoa da. Gauza bera beti!". Gidaria -ezkonberria etc. - zurbildu egin zen, baina ez zen erori. "Mutil hau ez diat batere ondo ikusten -esan zuen Euskal Gutxiengoko batek, zalantzarik gabe amak-. Bere andrea ez duk egun osoan azaldu. Horixe izango huke polita, ezkonberriko biajean apartatzea". Euskal Gutxiengoko kide hark barre egin zuen alai, hala nola batzuetan adin bateko kontserbadoreek gazte jendearen txoro-kontuen aurrean.

Hotelera itzuli ginenean, hantxe zegoen gidariaren emaztea, sofa batean eseri eta aldizkari bat irakurtzen. Senarra hurbildu zitzaionean, muxu eman zioten elkarri. "Halere!", esan nuen. Baina ez nuen gaia jartzerik lortu. Euskal Gutxiengoko beste fakzioak ahaztua zeukan kontu hura. Kezka berri bat zerabilen buruan. "Zer gauza ederrak ikusten ari garen, ezta?", esan zuen gure solairura igo eta pasilloan gindoazela. "Eta datozen egunetan Erroman ikusiko ditugunak...", erantzun nion. "Euskal Herrian ez zeukaagu antzeko eskultura eta koadrorik, ezta? Horrek pena pixka bat ematen zidak, egia esan". Zintzo ari zen Euskal Gutxiengoko kide hura, eta zintzo erantzun nion: "Ez!". Eta jarraitu nuen, ezetza arintzeko: "Leku hau bakarra da munduan. Estatu Batuetakoek ere hona etorri beharra daukate Michelangelloren eskulturak ikusteko".

Pasilloan gidaria eta bere emaztea azaldu ziren, aurpegi argiekin biak ere, gerritik hartuta. "En Roma nos espera La Pietá, la obra más maravillosa de Michelangello", esan zigun senarrak -belarrifinak etc. - pasaeran. "Ez dira banatuko. Bidai honetan behintzat ez", esan zuen Euskal Gutxiengoko norbaitek, ziurrenik ere nik.

Eskulturaren aurrean geunden. Jesus ia biluzik bere Amaren altzoan, besoa zintzilik, atzeraka erorita burua; Ama, tolesdura eta izurrez betetako soineko batekin jantzia, estalita burua, beso bat erdi altxatuta, eskua zabalik. Michelangellok Alpeetako marmol zurian aurkitutako formak.

Oso goiz zen, eta Gune Estuan etorritakoak ia bakarrik geunden San Pedro basilikaren alde hartan. Isiltasuna nagusi, hitz erdiren bat besterik ez zen entzuten, edo oinetako batzuen takoiek aldian behin egiten zuten hotsa. Organoa bera ere isilik zegoen. Denok eskulturari begira geunden; baina erne. Edo, hobeto esanda, zain.

Ez zen ordea harri koskorrik edo iltzerik izan, baizik eta ezinean ari zen norbaiten totel-hotsa: "Baina zelako, nolako, halako...". Harrizko andrea zen. Ez zuen asmatzen hitzekin. Ematen zuen eztarrian traba egiten ziola zerbaitek. Denbora eman genion, esan zezala esan behar zuena. "Hau bai dela perfekzioaren gaina, arranopola!", hots egin zuen azkenean. Edo, literalki transkribatuz, Lavapiéseko gaztelanian: "Esto es la perfección suma, endesdeluego!". Bat-batean, organoaren musika zabaldu zen basilikan. Ez dut esango aleluia bat zenik, ez dut esajeratu nahi; baina doinu bizi eta jostalaria zen; basilikaren barruan batera eta bestera hegan zebiltzan txorien musika ematen zuen. "L'art ha triomfat!", hots egin zuen Eugenik. "En toda regla!", esan zuen Tres Cantoseko madrildarrak. "Horra, denok pozik!", esan zuen Euskal Gutxiengoak. Denek arrazoi zuten.

Gune Estuko gehiengoak uste zuen San Pedro basilikan bukatu zela Harrizko Andrearen historia. Baina, kazetariek maite duten estiloan esatearren, azken atala idatzi gabe zegoen artean, eta ustekaberik handiena geneukan zain. Erroma utzi eta Assisira joan ginenean gertatu zen, Francesco santuaren lurrean.

Assisi herri txikia da, eta santutegia haren goialdean dago, inguruko zelai eta muinoak mendean hartzen dituen gain batean; baina gaina bera ere, Francescoren apaltasunaren ildotik, ez da oso garaia. Gu iritsi ginen uda hartan, zelaiak horiztatuak zeuden; olibondoak, berde; urruneko basoak, beltz. Eguna eguzkitsua zen.

Bisitatu genuen eliza eta hilobia, begiratu genituen aparteko gorabeherarik gabe Giotto eta Zimabueren freskoak, eta atarira irten ginen. Arratsa zen ordurako, eta eguzkia bere azken argian zegoen. Jo genuen barandara -batzuek paisaiari begira jartzeko, besteek petrilean eseri eta deskantsatzeko- eta gidariak, psikologo ohiak, senar zoriontsuak, hitza zuzendu zigun petrilera igota. Bere alboan, halaber petrilera igota, fraide gazte bat zegoen, oso gauza gutxia. Argal-argala, gorputz kaskarrekoa.

"Mesede bat eskatu diot Giovanniri -esan zuen gidariak-. Francescok hementxe bertan idatzi zuen Eguzki anaiaren kantua denok elkarrekin errezatzea. Giovannik italieraz esan ahala nik itzuli egingo dizuet".

Beste hamaika Gune Estutan etorritako jendea hurbildu zitzaigun. Gehienek ez zuten oso urrutikoak ematen. Azkenean, ehunen bat izango ginen Giovanniren eta gidariaren aurrean.

Altissimu, omnipotente, bon Signore... hasi zen Giovanni bi eskuak bularrean bilduz. Berriro ere, auskalo zenbatgarren aldiz Assisiko muino hartan, fededunen eta fedegabeen belarrietara iritsi ziren otoitzaren lehen hitzak.

Letanietan bezala, taldera hurbildutako italiarrek esaldi bakoitza errepikatzen zuten; segidan, itzuli egiten zigun gidariak. Erritmo hartan -esana, errepikapena, itzulpena-, Francescoren hitzak geuregana etorri ziren: Laudato sie, mi Signore, cum tucte le tue creature, espetialmente messer lo frate sole(...) Laudato si' , mi Signore, per sora Luna e le stelle (...) per frate vento ( ...) per sora acqua (...) per frate focu per lo quale ennallunimi la nocte (...) Laudato si', mi Signore, per sora nostra madre terra...

Otoitza azken lerrora iritsi zen, heriotzara: Laudato si', mi Signore, per sora nostra morte corporale de la quale nullo homo vivente po skapare.

Eguzkia sartuta zegoen. Errepide nagusian ez zebilen autorik. Bide arruntago batean, asto bat zihoan pausoan, eta haren atzetik ume bat.

Negar-zotin bat entzun nuen alboan. Harrizko andreak malkotan zeuzkan begiak. "Pero, Concha, no llores", esan zion norbaitek, ez dakit nork. Baina negarra ez zen isildu. Taldeak ez zekien zer egin, eta bazirudien ez zela mugitzen hasiko; baina gidariak, eman fraideari eskerrak, utzi petrila jauzitxo batez, eta muinoan behera jo zuen. "Orain, afaltzera denok!", hots egin zuen. "Alargun gelditu zen orain dela sei hilabete", jakinarazi zidan albotik pasatzean. Gero harengana -Concharengana, harrizko andre ohiarengana- hurbildu zen, eta afariko menua azaldu zion.

¦ Erantzun bat
 

Halloweeneko goxokiak botatzeko unean

2008-02-12  ¦  Nevadako egunak

Esperientzia: ez nuen kafe gehiago edan nahi, baina bai beste zerbait hartu lanean eten bat egiteko, eta azkenean sugus antzeko karamelu bat aukeratu nuen Halloween gauean betetako zorrotik. Ordu laurden bat geroago, mihia lakar sentitzen nuelarik, begiratu ispiluan eta aho guztia beltz-berde kolorekoa neukala konturatu nintzen. Zalantzarik ez. Orain hilabete batzuk prestatutako broma -broma "lokartua", esan nezake oraingo egunkarien hizkeraz- esnatu berria zen nigan.

Sugus delako hark utzitako arrasto beltz-berdeak hurrengo eguneko eguerdi arte iraun zuen, eta eskerrak eman nizkien jainko zintzo guztiei parte gaiztokoei aurre egiteagatik eta ez izateagatik justu goiz hura nire ezkontzakoa edo, eman dezagun, Euskaltzaindiko sarrera-hitzaldikoa. Zer pentsatu behar zuen Zalduondoko alkateak galdera erritualak egin bitartean? Zer Andres Urrutia euskaltzainburuak domina jartzeko unean? Zorionez, Renon nengoen, eta ez neukan inoren aurrean azaldu beharrik.

MilkyWay, 3 Musketeers, 100 Grand, Reese?s eta Butterfinger goxokiak zakarrontzian utzi ondoren, zalantzan jarri ninduen zazpigarrenak. Kitkat marka ospetsukoa zen, eta hura botatzea, hola esatearren, sasi-sugusaren erasoari erantzuteko modu gehiegizkoa iruditzen zitzaidan, inongo kode deontologikoak onartuko ez zukeena. Zintzoki, bereizi taldetik eta mahaiaren beste aldean utzi nuen. Ondoren, berriro ere ezezagunak aurrean, beste sei goxoki bidali nituen zakarraren ipurdira: bi Toots Roll Pop berde -vade retro!-, Almond Joy urdin argi bat -vade retro, halaber!-, eta Charleston Chew, Mr. Goodbar eta Whoppers izenekoak. Hartu nuen beste bat: Baby Ruth. Zakarretara. Beste bat: Snickers. Zakarretara. Beste bat: Crunch. Pentsakor geratu nintzen, eta azkenean Kikkaten ondoan utzi nuen, apartean. Hurrengoa: 3 Musketeers. Hurrenagokoa: BabyRuth...

Nire espirituan erru sentimendua zebilen sartu nahian, eta botatako goxokien anai-arrebak -3 Musketeers, BabyRuth...- azaltzen hasi orduko ez nuen hura frenatzeko modurik aurkitu. Crunch eta Kiktkat izenekoak salbatzea pentsatzen banuen, zergatik ez haiek? Anonimoak zitzaizkidalako? Ez zegoen zuzentasunik ekintza hartan. Ez zituen ustezko kalitate txarrak kondenatzen, nire ezjakintasunak baizik. Atera nituen beste hiru goxoki: Butterfinger, M&M?s, MilkyWay. Susmoa hazi egin zitzaidan: marka ospetsuak izango ziren haiek ere, konfiantzako etxeak.

Erru sentimenduak burua nahastu zidan, eta Béziers-eko setioan Citeaux-eko abadeak erantzun zuena etorri zitzaidan gogora: "Egongo dira Béziersen hereje ez direnak, baina hil itzazue denak. Jainkoak ezagutuko ditu bereak". Mutandis mutandi, jokaera bera erakusten nuen nik. Kitkat eta Crunch kenduta, denak kondenatzen ari nintzen sugus hereje baten erruz.

Uxatu nuen ideia hura konparazio anormalegia zelakoan, baina erru sentimenduak eraso egin zidan berriro, eta Gabriel Arestik idatzi zuena gogoratu, alegia ez zegoela Eguberrietako pinua zabor kontainerretara botata ikustea baino gauza tristeagorik, eta hor antzematen zela burges txikien mixeria morala. "Zurea, berriz, oraintxe ari gara ikusten", entzun nuen nire baitan. "Umeek pozez hartutakoa hondakinekin nahasten duzu zuk".

Flakatuta nire indarrak erruaren pozoiarekin, kaleidoskopio gaizto baten irudiak hasi zitzaizkidan buruan jiraka, eta Samisoni Taukitoku eta Saili Manuren argazkiak ikusi nituen Reno Gazette Journaleko lehen orrialdean: "festa hondatzaile" haiek -party crashers- hiru gazte hil zituztela Halloween bezperan. Mendiko Truckee herriaren irudia ere ekarri zidan kaleidoskopioak, eta elurrez inguratutako taberna ikusi nuen, eta tabernako horman Charles Coogan Kelly world class snowboarder haren argazki bat, Renoko Halloween bezpera adur txarrekoan hila...

Ez zen normala. Eraso hartatik libratu nahian -herioan, esango nuke, pixka bat esajeratuz-, hartu goxoki guztiak, hala kutxan gelditzen ziren 3 Musketeers, 100 Grand, Butterfinger, Charleston Chew ezezagunak nola Crunch eta Kitkat ospetsuak, eta zakar-poltsan hondoratu nituen. Vade retro, denak ere! Gupidarik ez Halloween gaueko munstroen substantzia beltz berdea zekarten goxokiekin; buru osora ekarri ere, ez bakarrik ahora.

Istantean, bakea egin zen nire espirituan, hainbestekoa non ondo hezitakoa ematen zuen, budismoan edo. Erru sentimendurik ez. Damurik ez. Oroitzapenak, berriz, denak onak.

Lehenengo oroitzapena halloweeneko goxokiak bota ondoren

"Gure amak berebiziko lanak izaten zituen oilo batzuekin -esaten zuen gure amak bere amaz-. Oilo gehienek behar zen tokian jartzen zituzten arrautzak, baina haiek ez. Haiek, hiru edo lau izango ziren, harkaitz tarte batean, edo belar handia zegoen zokoren batean; ezkutuan, beti ere. Ama amorrazi egiten zen arrautza bila ibili beharraz, eta haiei errietaka sentitzen genuen: "Ikusiko duzue! Ikusiko duzue festetan! Zuetako bat joango da orduan eltzera!". Hala ibiltzen zen beti.

"Festak iristen zirenean, bazkari eder bat egin beharra zegoela eta, gure ama oilategira abiatzen zen eltzean sartu behar zuen oiloaren bila. Jakina, gaiztoen artean aukeratu behar zuen, arrautzak ezkutatzen zizkioten hiru edo lau haien artean. Eta aurrena bat aukeratzen zuen, gero bestea, hurrena ez bata eta ez bestea, eta hola aritzen zen ordu erdi baino gehiago. Azkenean, bat hartu eta etxeko sukaldera ekartzen zuen.

"Dena bere bidetik zihoala ematen zuenean, gure amari zalantza sortzen zitzaion. "Nik hau hiltzen badut, ez al da hori mendekua izango? Eta ez al dago itsusi mendekua hartzea?". Gu denok ezetz esaten genion, garai hartan gutxitan jaten baitzen salda goxoa. Baina, gurea aintzat hartu gabe, ama oilategiko bidean jartzen zen berriro ere. "Gogoratu naiz badela beste bat hau baino gaiztoagoa", esaten zuen. Baina bigarren oiloarekin ere, idem eadem idem. "Ez dio ardura zein aukeratzen dudan gaizto horien artean. Mendekua izango da edozein modutara".

"Gure aitak ez zuen ama askorik estutzen, eta ez zion ezer esaten kinka horretaraino iritsi arte. Baina orduan bai. Berak ere salde eder bat jan nahiko zuen, noski, festak ondo ospatzeko, eta esaten zion: "Arrazoi ematen dizut, baina, zergatik ez duzu oiloa besteen artean aukeratzen? Haiek ez dizute ezer egin. Ez litzateke mendeku izango". Gure ama tentetu egiten zen orduan. "Ezta pentsatu ere! Zer esan nahi didazu? Txintxoa sakrifikatu behar dudala gaiztoaren ordez? Hori bai litzatekeela bekatu handia!".

"Ordurako etsita egoten ginen etxeko denak, eta bagenekien zer esango zuen gure aitak segidan: "Egon zaitez lasai, andrea. Pasako gara oilo-saldarik gabe".

"Halakoxea zen gure ama, Liona Dorronsoro."

Bigarren oroitzapena halloweeneko goxokiak bota ondoren

"Zure herri horretan gaiztakeria bat egin nahi izan zioten Mauro izeneko basomutil bati -esan zuen gizonak-. Orain dela urte asko izan zen, nik hamabost urte nituenean edo, 1930. urte aldera.

"Jakina zen Maurok jokorako eta apusturako grina handia zeukala, eta jakina zen baita ere Jainkoagan ez ezik beste hamaika izakirengan sinesten zuela, eta batez ere Arima Herratuengan. Garai hartan asko izaten ziren jokalariak eta siniskeriatsuak; baina Mauro basomutilak neurriz kanpokoa izan behar zuen.

"Gauzak hola, inguratu zitzaizkion herriko gazte batzuk ostatura jaitsi zen gau batean, eta zirika hasi ziren berarekin. "-Hik ere bahuen sasoia garai batean, Mauro! Baina etsi beharra daukak! Hemendik aurrera askotan egon beharko duk aulkian eserita!

"-Zaudete ixilik, gazte zikinak, zuek denok baino sasoi hobea zeukaat eta!

"Gazteek zirika jarraitu zuten Mauro erabat berotu eta borrokarako gertu jarri zen arte. Haien arteko indartsuena atera zedila berarekin ostatu atarira, ikusiko zela orduan nork zeukan sasoia eta nork ez.

"-Hemen ez diagu borrokarik behar, Mauro -esan zioten gazteek-, baina nahi baduk apustua jokatuko diagu. Hik irabazten baduk, hogei pezeta hiretzat; galtzen baduk, gu denontzako ardoa.

"Gazteek dena pentsatua zeukaten, noski. Maurok ostatutik kanposantura egin behar zuen korri, eta kanposantutik berriro ostatura, eta joan-etorria ordubete baino denbora gutxiagoan burutu. Eta ia bide guztia, ilunpetan.

"-Baina, hori bai, Mauro. Kanposantuari buelta bat eman behar diok, eta gainera barrutik.

"-Zer dela eta barrutik? -esan zien Maurok.

"Hara sartzeak beldurra ematen omen dik, hala entzun izan diagu. Horregatik, apustua zailtzeko.

"Maurori ez zion graziarik egin baldintzak, baina, gazteek hala nahita, apustua irabazterraza zen berarentzat, korrika ez ezik oinez ere burutzeko modukoa, eta onartu egin zuen. Eta han abiatu zen gazte haietako bat atzetik zuela, lekukoa.

"Ostatuan geratutako guztiak algara batean hasi ziren haiek abiatu orduko, bai baitzekiten zer aurkituko zuen Maurok kanposantura sartzean. Izan ere, maindire zuri zikinekin mozorrotutako hamar bat kide zeuden han gordeta uhurika eta lanturuka hasteko prest. "Ez ahal zaiguk izutasunarekin bertan geldituko", esan omen zuen norbaitek, orduan ere barrez.

"Ez zen hutsaren hurrengo kontua. Arima Herratu eta antzekoengan sinesmenik izan ezean ere, txantxa larria izan zitekeen halako ustekabea gau ilunean eta hildakoen esparruan; sinesmenarekin, arriskutsua.

"Ordubeteko epea bukatzear zegoen, eta ostatuko giroa nahikoa hotza zen ordurako. Denak ere luze iritzita zeuden, eta ez zuten konprenitzen inor ez azaltzea; lekuko bezala joandako kidea, behinik behin. Eta bat-batean, Maurok zabaldu zuen atea. Bere onetik aterata zegoen, eta garrasi egin zuen:

"-Non da?! Non da?!

"Harritu egin ziren ostatuko denak, ez zioten ulertzen.

"-Zein esaten duk, Mauro?", galdetu zioten.

"-Zein?! Enterradorea!!

"-Enterradorea?

"-Denak kanpoan zebiltzak! -egin zuen oihu basomutilak besoak altxata- . Kanposantuan sartu nauk eta ia erotu nauk hango kuxidadearekin!.

"Gazteek susmatzen zuten ondoren gertatutakoa, baina halere galdetu egin zioten:

" -Zer egin duk hik hura ikustean, Mauro?

"-Zer egingo nian! Ja eta ukabilarekin eman! Ahal guztiak bota dizkiat, baina halere batzuek alde egin zidatek. Han ibiliko dituk oraindik.

"Kontrako aldetik atera zitzaien txantxa zure herri horretako gazteei -bukatu zuen gizonak, Inazio edo Iñaki Eizmedi zenak-. Kanposantuan maindireekin mozorrotutako batzuei min egin zien Maurok bere herioan. Gainera, noski, jokatutako dirua ordaindu behar izan zuten, eta garai hartan 20 pezeta asko zen."

¦ 2 erantzun
 

Caucus

2008-02-05  ¦  Nevadako egunak

Baina hain urrutira -hain egia orokorretara- joan gabe, deskriba dezadan caucus bat.

Bada, iritsi da jendea caucus delako bilkura egingo den ikastetxera, eta nork bere agiria erakusten du; agiririk ez daukanak, artean alderdikoa ez delako, hantxe bertan betetzen du dokumentu bat, eta O.K., areto barrura.

Aretoan, haur-eskoletako geletan bezala, txokoak daude. Iskina batean, aulki batek "Obama" dioen paper bat dauka erantsita, eta, hain zuzen ere, huraxe da hautagai horri botoa eman nahi diotenen txokoa. Beste txokoetan, Hillaryren aulkia, Edwardsena edo Kucinichena daude. Hainbat partaidek txoko horietara jotzen du segituan; gainerakoak, gehienak, aretoaren erdian esertzen dira.

Bi gazte daude jendaurrean, eta alderdiko buruen ongi etorria irakurtzen dute azken partaidea sartu eta atea itxi orduko. Gero, hautesleen onespena eskatzen dute ekitaldiaren zeremonia-maisu eta idazkari izateko. Oihu egiten dute denek. "Oso ondo, eskerrik asko", esaten du zeremonia-maisu bezala onartu berria izan den gazteak, eta gutun-azal handi bat erakusten du. Alderdiak dirua behar du, laguntzak ondo etorriko dira. Abian jartzen da gutun-azala, eta, kasu honetan, leku eta nazio guztietakoa gertatzen da: batzuek ematen dute, gehienek ez.

Zenbatu egiten da jendea, eta botoa eman dezaketenen kopurua jakiten da. Ni egon nintzen gelan, 182 ziren. Jarraian, kopuru horren %15 kalkulatzen da: 27, apur bat borobilduz. Zenbaki minimoa dute hautagaiek. 27 boto ateratzen ez dituenak, delegaturik ez.

Denak isildu eta ekitaldiko idazkariak telefonoz deitzen du alderdiko bulegora, eta suertatu diren zenbakiak adierazten dizkio.

Heldu da bozketa, zein bere txokora doa. Obamaren aldekoak Obamarenera, eta beste guztiak berdin. Segituan ikusten da, grosso modo, nor den irabazlea, baina, noski, datu zehatzak behar dira. Beraz, eskuak gora. Bat, bi, hiru lau... kontatu denak eta zenbakiak ozenki adierazi: 124 Obamak, 43 Hillaryk, 12 Edwardsek, 3 Kucinechek.

Beraz, Edwardsek eta Kucinichek ezin dute delegaturik izan, eta kontua da zer egingo duten 12 gehi 3 horiek, beren botoa harrika botako duten ala beste hautagai bati emango dioten. Hamabost minutuko epea zabaltzen da auzia erabakitzeko, eta tarte horretan bai Obamaren jarraitzaileek eta bai Hillaryrenek 12 gehi 3 horiengana jotzen dute, eta haiek erakartzeko lanari ekiten diote.

Bukatu da ordu laurdena, aldatzen dira batzuk taldez, eusten diote besteek bereari, eta berriro ere zein bere txokora eta kontatzera: 128 Obamak, 44 Hillaryk. Ordurako kanpora joan dira amore eman ez dutenak: Edwardsen posterrak zeramatzatenak; Kucinich -demokrata ezkertiar bat- apoiatu duen rastafari familia.

"Ba al du inork ezer esatekorik?", galdetzen du zeremonia-maisuak. Ez, ez da halakorik. Beraz, idazkariak alderdira deitzen du berriro emaitza jakinarazteko. Obamari botoa eman diotenek txalo eta batez ere -gazteak dira- oihu egiten dute.

Bagoaz denok kanpora, bukatu da caucusa gure auzoan. Gero jakingo da zer gertatu den beste auzoetan, zer herri txikietan, eta nork lortu dituen delegatu gehiago Nevadan. Zein den delegatu horien benetako indarra? Ba, ez dago hain garbi. Alderdiak iradokizun modura-edo hartzen omen du haien esana. Baina ezin dut zehatz esan. Caucus edota primary delakoez harantz, Estatu Batuetako demokraziaren moduak sofistikatzen hasten dira; ez da ohizko sukaldea lau su eta labe bakarrekoa.

 

Barack Obama berriro

2008-02-04  ¦  Nevadako egunak

Bera ere lehengoa zen, eta aritu ere ohi bezala aritu zen, bere alkandora zuriarekin eta bere traje distira dotorekoarekin, biyyotzak ronpiduten. Aretoan, Unibertsitateko Wolf Pack eskubaloi talde femeninoaren kirol pabiloian, sentitu egiten ziren beraganako sinpatia eta errespetua, eta ikusi ere bai, kasik, beraren eta jendearen arteko hariak; armiarmek belar batetik bestera egiten dituztenak baino mehegoak, ziurrenik, baina hautagaia airean altxa eta zeruraino eraman dezaketenak. "Nik uste dut zerua duela muga", esan zuen Newsweekeko elkarrizketan Hillary Clintonek. "Etorkizunean, noski", gehitu zuen. Baina Wolf Pack taldearen pabiloian txalo, oihu eta barre egiten zutenek, edota Barack Obamak dituen esku ia metafisikoen mugimenduei zahori baten eskuei bezala jarraitzen zietenek, etorkizuna bihar betetzea nahi lukete, eta Barack Obama Etxe Zuriaz nagusitzea.

Dena ez zen ordea, bigarren hitzaldi honetan, aurrenekoan bezala. Bazeuden desberdintasunak. Aurrenekoa, kezkagarriena, seguritate neurri handiak zeudela sarreran, aireportuetan aurkitzen direnen antzekoak -eta, bistan da, poliziak ez zuen halako lana hori eta horrenbestez hartuko, arriskua benetakoa izango zen. Bigarrena, Obamaren emazteak hartu zuela parte, eta hark egin zuela belztasunaren aldarrikapena; hirugarrena, Obamaren anagrama nabarmenago, ikusgarriago zegoela, eta zalantzarik gabe -ez nintzen aurreneko aldian konturatu, nola bai koloreen jokoaz- japoniarra zela, nazio hartako banderarekin kidetua kontzeptualki: oinarrian marra horizontal gorriak eta zuriak, "itsaso" bat osatzen zutenak; haren gainean, "uretatik" ernetzen, eguzki zuri bat; eguzkiaren inguruan, zirkuluerdi urdina, zerua. Hitz batean, eguzkia ateratzen, the rising sun.

Anagramaz ohartu, eta pentsakor imajinatu nuen Obamaren aholkulari nagusia, David Axelrod, eta penatuta ere bai kanpainaren kantu-ikurtzat The house of the rising sun zoragarria erabiltzerik ez zeukalako. Izan ere, kantua ondo letorke rising sun delakoaren aldetik; ez horrenbeste house, etxearen aldetik. Izan ere, kantuak ez du nolanahiko house bat hartzen aintzat, baizik eta New Orleans-en zegoen lizun hura, txit ospe txarrekoa.

Baina, agian, Barack Obamak ez du kanturik behar. Bera da kantua, berak bideratzen ditu, herri-doinuek egin moduan, Estatu Batuetako pertsona askoren barne-mugimendu itsu, bortitz eta hitz-azpikoak; ez bakarrik apolineoak. Bush eta errepublikanoen mundu motz eta astunetik ateratzeko gogoa iduri bezain handia bada, Barack Obamak Hillary gainditu eta McCain, Romney edo beste zeinahi errepublikanorekin lehiatu beharko du datorren azaroan: bere benetako etsaiarekin, mundu astun eta motzarekin.

 
Albiste zaharragoak »