"Enarak" eleberria argitaratu du Bernardo Atxagak
27-10-2025 ¦ Argitalpenak
Atxagak Enarak eleberria argitaratu berri du. Idazlearen hamaikagarren eleberria da eta aste honetan aurkeztuko da Bilboko Arte Ederren Museoan.
Bere literatur ibilbidearen amaiera gisa aurkeztu du Atxagak bere azken lana, Enarak (Pamiela) izeneko nobela berria. Idazlearen hamaikagarren eleberria da honako hau eta liburudendetara iritsi berri da.
Funtsean, jatorrira itzultzea da. Izan ere, nobela honetan, azken lanetan baino nabarmenago, agertzen da Atxagak bere ibilbide osoan izan duen narratzaile bitxiekiko eta kontaketa-modu ezohikoekiko joera. Uzariel izeneko aingeru bat da istorioa kontatzen duena, eta haren ikuspegitik ezagutuko ditu irakurleak liburuaren hiru heriotzak eta protagonistak.
Laster beteko dira 50 urte bere lehen liburua, Ziutateaz, argitaratu zuenetik, eta euskal literaturari eskainitako bizitza osoaren ondoren, agur esatearen inguruan dabilen idazle gisa definitu du bere burua Bernardo Atxagak Berria egunkarian egin dioten elkarrizketan.
Urriaren 31n egingo dute aurkezpen ofiziala Bilboko Arte Ederren Museoan.
"Nobela honetako narratzaileak Arroagoia inguruko mendiak poliberdeak direla dio. Estilo berean adierazita, beldurrik gabe segurtatu liteke irakurleak poliatseginez irakurriko duela Enarak: suspensea aurkituko du haren orrialdeetan, umorea, sakontasuna, lengoaiaren erabilera arina, ausardia. Urtain da nobela honen lehen pertsonaia; pintore profesional bat, azkena. Enarak ere hor daude, etengabe hegan segunduko hamar metro eginez. Bernardo Atxagak berria den zerbait idatzi du. Aparteko nobela".