« Volver a la noticias

"Soinujolearen semea", Fernando Bernuések zuzendutako filma, laster zinemetan

02-04-2019  ¦  Zinema

Iritsi da ordua. Duela urte bete inguru hasi zen "Soinujolearen semea" pelikularen filmazioa eta aste honetan aurkeztuko da pantailetan. Atxagaren eleberrian oinarrituta dago filma, Patxo Telleria izan da gidoilari eta Fernando Bernués zuzendari. Ostiral honetan (apirilak 5) aurkeztuko da Donostian eta apirilaren 12an helduko da zinemetara.

Bernardo Atxagaren lanik ezagunenetakoa da Soinujolearen semea (Pamiela, 2003). Hamabost hizkuntzatara itzuli da eta oso harrera ona izan du irakurleen aldetik. Oraingo honetan, pantaila handian ere ikusi ahalko dugu.

Maiatzean abiatu zuten proiektua eta aste honetan iritsiko da zinemetara. Eneko Sagardoy, Aitor Beltran, Iñaki Rikarte, Joseba Apaolaza, Mireia Gabilondo, Frida Palsson eta Miren Arrieta aktoreek hartu dute parte, Fernando Bernuesen zuzendaritzapean. Gidoilari lanetan, berriz, Patxo Telleria izan dugu. Gainera, Bernardo Atxagak berak ere pelikularen gidoian esku hartzeko aukera izan du.

Soinujolearen semea filma ikusteko lehenengo aukera Donostian izango dugu datorren ostiralean (apirilak 5), Giza Eskubideen Zinemaldian.

Ondoren, apirilaren 8an Madrilen egingo da aurkezpen ofiziala, arratsaldeko 7etan Cervantes Institutuan. Bertan izango dira, Atxagarekin batera, Bernués eta Telleria.

Apirilaren 12tik aurrera ikusi ahalko dugu zinema aretoetan.