« Volver a la noticias

Bernardo Atxaga, César Aira eta Maja Lunde apirilean Bilbon egingo den "Gutun Zuria 2018" jaialdian

23-03-2018  ¦  Jaialdiak

Bilbon aurkeztu berri da Gutun Zuria jaialdiaren aurtengo programa. Apirilaren 23tik 29ra izango da Azkuna Zentroan. Partaideen artean, besteak beste, Bernardo Atxaga, Hasier Larretxea, César Aira eta Maja Lunde izango dira. Aurtengo gaia eta izenburua: Naturara itzultzea. Utopia literarioa ote?

Bernardo Atxaga, César Aira eta Maja Lunde apirilean Bilbon egingo den

Apirilaren 23tik 29ra bitartean, Gutun Zuria Bilboko Letren Nazioarteko Jaialdiaren XI. edizioa izango da Azkuna Zentroan. Naturara itzultzea. Utopia literarioa ote? izenburupean, jaialdiak literatura garaikideko idazlerik ospetsuenak bilduko ditu berriz ere.

Naturaren defendatzaile unibertsala eta ‘Walden’ eta ‘Desobedientzia zibila’ lanen egilea izan zen Henry David Thoreau jaio zela berrehun urte betetzen direla-eta, jaialdiak hausnarketa piztu nahi du, naturarekin harremanean egoteko eta ingurunearekin oreka bilatzeko beharraz, eta galdutako paradisua balitz bezala natura basatira itzultzeko joeraz.

Hizlarien artean, besteak beste, César Aira idazle argentinarra, Maja Lunde norvegiarra eta Terry Tempest Williams aktibista estatubatuarra izango dira, Bernardo Atxagarekin batera. Atxagak eta Hasier Larretxeak apirilaren 26an izango dute euren saioa, Karmele Jaioren gidaritzapean.

Naturara itzultzea, utopia literarioa

Gutun Zuriko aurtengo ediziorako hautatu dugun gaiak helburu bikoitza du: alde batetik, Henry David Thoreau pentsalari handiari omenaldia egin nahi zaio, 2017an haren bigarren mendeurrena izan baita, eta, beste alde batetik, pentsalari haren doktrina naturalistatik eratorrita, bizitzeko modu berri bat proposatu nahi da: natura basatia bilatzea gizakiak izan dezakeen paradisu bakarra balitz bezala, gure lehenengo gurasoen Eden mitikoa gogora ekarrita.

Thoreau erdiguneko figura izan zen XIX. mendean, erreferente etiko eta politiko gisa. Garai hartan, eskubide zibilen alde egiteagatik espetxeratu zuten, eta, espetxean zegoela, haren maisu Emersonek egin zion bisita, une hartako zientzialari eta pentsalari amerikar handienetako bat zenak. Emersonek hala galdetu zion: ‘Zertan zabiltza zu hor barruan?’. Thoreauk erantzun: ‘Zertan zabiltza zu hor kanpoan?’. Are garrantzitsuagoa izan zen XX. mendean, Walden eleberriaren bitartez, Hippie mugimenduaren funtsezko inspiratzaile moduan. Haren filosofiak ere gazteak piztu zituen, kontzientzia-objektore gisa desobedientzia zibila aldarrikatu zutenean.