« Volver a la noticias

"Harriaren hiztegia" diskoa argitaratu dute Atxagak eta Muguruzak

25-11-2016  ¦  Argitalpenak

Atxagaren hitzekin eta Muguruzaren musikarekin, bederatzi abestiko lana osatu dute. Haur eta gaztetxoentzako musika da, Mara-mara diskoetxeak ekoitzita.

Lehendik ere elkarrekin arituak dira Bernardo Atxaga eta Jabier Muguruza. Aspaldiko lan haien nolabaiteko segida dela aitortzen dute, duela 24 urte Nafarroa Oinezerako enkarguz, "Arraroa noski" sonatu hura sortu zutenetik.

Oraingoan, Mara-mara diskoetxeak ekoitzita, 9 abestiz osatutako lana aurkeztu dute, haur eta gazteengan pentsatua. Pop-rock ikutuko abestiak dira, alaiak eta erritmo bizikoak. Badok.eus webgunean entzun ditzakezue zenbait pasarte.

EITBk egindako ondorengo bideoan ematen dituzte egileek azalpen gehiago.

HARRIAREN HIZTEGIA

Harriaren hiztegiak
hitz bakar bat du,
eta hitz hori da “harri”.

Esaten baldin badiozu,
zer moduz gaur, harri?
Berak erantzungo du:
harri! harri! harri!

Galdetuz gero berari,
aizu harri, nora zoaz?
Berak agian irribarrez:
harri, harri-harri-harri.

Zer izen du zure lagunak?
Berak segituan: Harri.
Zein dira zure gurasoak?
Harri, Harri-Harri.

Zer zaizu atseginago?
Eguzki, euri, laino?
Esaidazu arren, harri!
Ha-rri, haaarri-harri.

Harriaren hiztegiak
hitz bakar bat du,
eta hitz hori da “harri”.