Gula

Hasier Etxeberria eta Luis de Jorge "Sukaldean" liburuaren egileei.
Argia astekarian argitaratutako artikulua.

Garai batean bekatu nagusia zen gula munduan, eta hamaika izen hartzen zituen bere izate sendo eta zabalean. Euskal Herrian bertan, sabelkeria deitzen zioten batzuk, eta besteak berriz gormandiza edo jalekeria. Elizak mehatxu batean aritu beharra zeukan haren eragin bortitzari aurre egitearren: "Gulara eroria, gosez eta egarriz ibiliko da, ur xorta bat ere ezin erdietsiz, amitua eta flakatua", azaltzen zuen. Jendeak, pietate handiko egun haietan, errespetuz entzuten zuen predikua, baina, ai!, beste dozena bat buñuelo eskatzen zituen hurrengo urratsean.

Aldaketak suertatu ziren, ordea, eta gula, gaur egun, hil zorian dagoen mamu bat besterik ez da; desbizi ere armiarma-sarezko herrialde ospelean desbizi da, zapuztuta eta etsita. Non ote Neron enperadore hura, bazkaldu orduko -ostera jan ahal izateko- gonbito egiten zuena? Non ote Versallesko oturuntza haiek, zeinetan, hamazazpi platera desberdinen ondoren, nataz egindako elefante bat, tamaina arruntekoa, ateratzen zuten postretzat? Non "La grand bouffe" filmean azaltzen diren bezalako joerak? Vanitas Vanitatis, egun horiek joanak dira betirako. Inork ez dio gaur, gulari, holako adoraziorik. Ez holakorik eta ez bestelakorik.

Ez baitago erabateko etsipena mamu guztien esku, aldian behin begitxo bat zabaltzen du Gulak. Sumatzen al da argirik urrunean? Zabaltzen al da leihatilarik?. Normalean ezetz iruditzen zaio Gulari, eta bere lozorroan jarraitzen du. Baina gaur ez da hola gertatu. Gaur, inauteri bezpera honetan, zabalik ikusi du leihatila, piztuta urrunekoa argia. Inauteriak! Jai ederra da! Bere eguna! "Ez dut auzia galdutrzat jo behar!", esan dio Gulak bere buruari, pilpilka bihotza, puztuta bere ilusio guztiak buñueloak bailiran. Aldarte horrekin, astindu hegoak hautsa kentzeko eta burua altxa du.

Aritu da Gula hegan, kokatuta dago jada jatetxe eder bateko sabaian, habe baten babesean. Mahaiak beteta daude, talde haundiak osatzen dituzte bezeroek: gizonezkoak hemen, gizonezkoak han, matrimoniyuak tartean. Builaka ari dira denak, algararen bat entzuten da noizean behin. Umeak txantxo jantzita daude. "Agg!", hots egiten du Gulak ume haiei begira. Futbolariak eta printzesak alde batera, gainerako guztiak hanburgesaz mozorrotuta baitaude. Baina instant bat izan da. Berehala etorri da bere onera. Gose usaina dago jantokian, azeitunak irensten ari dira asko, koskorrik gabe daude dagoeneko ogi-opilak. "¡Viva Pantagruel!", hots egiten Gulak bere kolkorako.

Baina, ixo!… badoa ugazaba-andrea -begirada fier, libretatxoa tente- gizonezkoz hornitutako mahai baterantz. "Zer hartuko duzue?", dio agur modura. Harnasa hartuz, zerrendari ekiten dio: "Tomate konfitatuak dauzkazue, edo hegaluzez beteta allioli saltsarekin, edo okelaz beteta Carolaren eran, trufa beltzen nahaskia ere badaukazue, eta pasta txipiroiekin, pasta soja-saltsa eta oilaskoarekin, arraingorri pastela, arrain gorria meuniere eran, itsaskabra pastela, ganbak tenpuran…".

Ugazaba andreak zerrendarekin jarraitzen du, gizonezkoek aingeruek bezala egiten dute irribarre. Eta Gulak ere irribarre egiten du; zerukeriarik gabe, baina zabal. Gizonezko batek keinu egiten dio ugazaba-andreari. "Niri, letxu entsalada bat tipula pixka batekin", dio. Luze gabe, bere bost kidek baiespena ematen diote. "Oso ideia ona", dio izkinakoak. Libretatxoan idatzita dago jada: letx&tip 6. Beste hiruk zainzuriak eskatzen dituzte, "baina ez maionesarekin" -zz ozp 3-; azkenekoak, berriz, ezerezaren alde jokatzen du garbi: "Legatza bakarrik hartuko dut. Plantxan. Patatarik gabe, mesedez". "Oso ideia ona. Nik berdin", txalotzen du izkinakoak. Oihartzunak lagunduta bezala, hitz haiek behin eta berriro igotzen dira sabaira. Begira zer aurpegi daukan Gulak: arestiko irribarrea izoztuta datza bertan.

Mahaiko hamar gizonezkoak hizketan ari dira, lanturuak eta hasperenak sortzen dira beren ezpainetatik: "Kolesterol", dio batek; "tentsio altua", besteak; "azido urikoa", hirugarrenak, "oraindik beste hamar bat kilo galdu behar ditut", laugarrenak…zorionez, Gulak ezin ditu hitz agonalak entzun. Dagoeneko atera da iheska jantokitik, hegaka doa armiarma-sarezko herrialderantz. Kristalezko teilatu baten gainetik pasatzean, bere irudia ikusten du aspaldiko partez: "Pterodaktilo bat ematen dut!", dio izututa, hegoei areago eraginez.

Bernardo Atxaga