Laguna

Argia astekarian argitaratutako artikulua

Zabaldu gaur goizean etxeko atea eta belar-ziri lodi eta txit berde bat aurkitu dut sarrailaren ondoan trabeska. Eskuak buruak baino azkarrago ibiltzen dakienez, behatzekin heldu diot zertan ari nintzen ere pentsatu gabe, eta hor non, ukitu orduko, belar-ziri lodi eta txit berdeak kako baten forma hartu duen. Atzera egin du orduan Eskuak, eta Buruari egin dio toki. "Zer belar arraroa!", adierazi du Buruak. Eskua mesfidati aurreratu da berriro, eta zain geratu da belar-ziri berde okertuaren parean. "Kontuz ibili", adierazi dio Buruak.

Tarte batez gelditu egin da dena etxeko atean, eta estanpa moduko bat osatu dugu nik, Eskuak, Buruak eta ateko belar-ziri txit berde eta kako formakoak. Baina kliskatu ditut begiak hiru aldiz, begiratu dut hirugarren aldiaren ondoren aterantz, eta belar-ziri lodi eta txit berdeak ez zeukan okerdurarik. Lehengoa zen berriro. "Zomorro bat izango da agian", esan du Buruak, bere ospeari ohore egin eta denoi aurrea hartuz. "Holako handia?", galdetu dio apalki Eskuak haren neurria bi behatzekin hartuz.

Gure kezka eta gogoeta guztien objektuak eraldaketa berri bat izan du une hartan. Burutxo zorrotz, distiratsu bat erne zaio erpinetik, poliki poliki guregana jiratu dena. Burutxoak miniaturazko suge batena zirudien, eta bi koxkor zeuzkan, zein bere zirrikituarekin. Hantxe zeuden bere begiak guri begira.

Eskuari segituan kendu zaizkio neurketa gogoak, eta gerrirantz erretiratu da. "Mantis bat da. Diktioteroen ordenako intsektua -adierazi digu orduan Buruak-. Lehen hanka-parea oso garatua dauka eta ehizarako erabiltzen du. Kopulazioa gertatu eta gero emeak arra jan ohi du". "Euskaraz "marisorgin" edo "txirrina-pantika" deitzen zaio", azaldu du nire Arima filologiazaleak, eta aldi berean, komentarioarekin haserretuta bezala, belar-ziri lodi txit berdeak bere ehizarako hankak erakutsi dizkigu; zerrote batzuen tankerakoak, ez "garatuak" bakarrik. "Holako zomorro bati "marisorgin" edo "txirrina-pantika" deitzea ere…" egin du Buruak hasperen.

Etxeko sukaldera joan naiz lasterka, eta azeitunak gordetzeko erabiltzen dudan plastikozko ontzi handi bat hartu dut. Hamar segundo geroago, ate ondoan berriro, Eskuak aski trebezia handiz mugitu du ontzia, eta belar-ziri lodi txit berdea bertan sartzea lortu du.

Sukaldeko mahai gainean utzi dut gatibua, eta begira gelditu natzaio, kikara bete kafe Eskuan. "Bere buruak miniaturazko suge batena dirudi egiatan", baieztatu du Buruak. "Eta egia da bere ehizarako hankak otoi egiten ari den norbaiten jarrera gogoratzen dutela -jarraitu du-. Ez da harritzekoa askok santateresa deitzea". Oroimenaren txanda heldu da orduan. "Zure kide bat ikusi nuen behin Remelluriko ermita ordean -esan dio gatibuari-. Hura ere plastikozko kaxa batean sartuta zeukan Amestoy pintoreak. Ikustekoa zen nola jaten zituen armiarmak artean bizirik zeudela. Zuen aho hori oso indartsua iruditu zitzaidan!".

Eskua urduri zegoen ordurako, eta bost edo aldiz jarri dik kafe kikara ezpainetan. "Eta zuen beste ohitura hori, kopula ondoren arra jatekoa?", jarraitu du Oroimenak Eskuari jaramonik egin gabe. Belar-ziri lodi txit berdea zutik jarri da plastikoaren bestaldean, adi. "Egia al da Milleten "Angelus" ospetsuko andrea, zure arabera egina dagoela?".

Hots handi bat entzun da hartan. Eta beste bat jarraian. Nire Eskua ukabik bihurtuta zegoen eta kolpeka ari zen mahaian. "Urduri dago", esan du Buruak. "Egonezinez, artega", gehitu dio Arima filologiazaleak. Itolarria sartu zait niri ere, eta sukaldeko leihoa zabaldu dut haize pixka bat sar zedin. Ez da ideia ona izan. Eskuak ez du aukera alferrik galdu, eta ahalik eta urrutiena zakurrak etzanda zeuden belardiraino bota du ontzia. Hogei segundo, eta plastikozko ontzia zirtzikatua zegoen, eta bertako gatibua, hilda. Pena bat, aspaldi honetan eduki dudan interlokutore bakarra galdu baitut betiko. Lagun bat, esan daiteke.

Bernardo Atxaga