Hitzaldi baten hondarrak

Argia astekarian argitaratutako artikulua

Collodik hil egin omen zuen Pinotxo, jokoan egindako zorrak berdindu eta egunkari batekin sinatutako kontratua haustean, baina irakurleek, bere etxe atariraino hurbilduta, egurrezko umea berpiztera behartu omen zuten. "Gure Collodirena gloria ez bada, zer da orduan gloria?", galdetu zuen Alberto Saviniok. Eta arrazoi zuen.

Ez dut nik Collodiren gloriarik izan orain artean, nahiz hilak ditudan, bortxa handiz batzuetan, nire hamaika pertsonaia. Halere, bukatzera zihoan lehengo urtea, eta ezti horren izpia heldu zitzaidan ezpainetara. Nire etxeko atarian jende-tropoilo bat azaldu zen "ilusioa hil egin niela, eta berpizteko arren" esanez. Harrituta begiratu nien. "Zergatik bihurtu naiz, ba, ilusio kalte?".

Hitzetik hortzera, Bilboko hitzaldian esandakoak aipatu zizkidaten; esan omen nituenak, noski, beraiek joanezina izan zutelako txokolate festa baten kariaz. "Gure ilusioa hiltzeko asmotan zenbiltzala jakin izan banu, txokolate gehiago jan izango nukeen", esan zuen tropoiloko batek bekokia belztuz. Luze gabe, egunkari orrialde bat erakutsi zidaten.

"Idazleak euskal komunitatearen bukaera iragarri zuen", zioen orriburuak. Eta beheraxeago, aipu zehatza eginez bezala: "Oraingo baldintzak luzatzera, gure hizkuntzarenak egin du". Iritzi arruntak iruditu zitzaizkidan, nik hitzaldi hondarrean emandakoen antzekoak. "Zer gogoeta dago honen atzean?", galdetu zuen egunkariarekin etorritakoak. "Gogoetarik badago. Boutade bat ez bada", gaineratu zuen bekozkodunak. "Politika Linguistikoko funtzionarioren bat izango duk hau", pentsatu nuen neure artean. Auzia broma batekin erabakitzeko asmoa bazterrean utzi nuen.

"Dakizuen bezala, erabilpenak erabakitzen du hizkuntza baten zoria", hasi nintzen zuhurki. "Eta, zergatik erabiltzen du jendeak halako hizkuntza bat? Bi arrazoi bakarrengatik, noski: hizkuntza hori praktikoa delako, edo bere ezagutzak prestige bat ematen duelako. Eta euskararekin gertatzen da bere erabilerak mila neke ttiki sortzen dituela —are gehiago Nafarroan eta Ipar Euskal Herrian—eta bestalde bere prestijioa —urrun dagoeneko Mitxelena eta Arestiren garaiak— hondatzen ari dela erabat; berriro ere "larreko hizkuntza" bezala ikusten duela gehiengo batek. Azken egun horietan, kasu, irakaskuntzan, erabilitako hainbat liburu begiratu ditut. Ondorioak? Ba, testu subalternoak direla, aurrena erdaraz idatziak. Eta hain daudela zatar eta ilun itzulirik non bere irakurketak buruko mina ematen duen. Beraz ikasleari azpika ematen zaion mezua, nornahiri nonnahi ematen zaionaren parekoa, honoko hauxe da: euskarak lan handia du, eta gainera ez du merezi. Bilboko Euskadi Irratiak egunero aldarrikatzen du: gazteleraz mamitzen dira kazetari on onek egindako elkarrizketa interesgarriak; euskaraz, oihu erdiragarri bakar bat zabaltzen da lau haizetara: Ibarra sagardotegia! Jainkoagatik! Gauzak beste era batera ere egin daitezke. Bada horretarako gairik. Urteak dira Alberdi kardiologoak bere tesia euskaraz irakurri zuela. Altonaga biologoak ederki idatzi du euskaraz pandari buruz, eta beste horrenbeste egin du Ayestaran Uriz-ek Wittgenstein-en filosofia aintzat hartuta. Bestalde, itzultzaile onen zerrenda gero eta luzeagoa da. Baina, Bibliako hitzekin esanda, hazi guzti hau ezin da soro txarrean itsatsi, eta egoera txar txarra da".

Etxe atarira etorritakoak ez zetozen nirekin bat, eta —umea gora umea behera— euskararen hazkundea goraipatu zidaten. Bekozkodunak Durangoko azoka ere aipatu zuen apologia borobiltzeko. Baina, hartan, sudurra hazten ari zitzaiela konturatu nintzen. Adierazi egin nien: "Barkatu, baina sudurra hazten ari zaizue". Bekozkodunak ez zuen aukera galdu. "Orain berriz Pinotxoz hasiko zaigu". Ba, bai, pentsatu nuen, agian hori da auzi honen muin muinean dagoen gaia, Pinotxorena. Ixildu egin nintzen halere. Azken batean, ez da nire helburua inori sudurra jotzea.

Bernardo Atxaga