Aupa zaharrak

Argia astekarian argitaratutako artikulua
2004ko martxoa

Behin, ikasle gazte nintzela, Budari buruzko aipamen bat irakurri nuen filosofiako esku-liburuan, zein arrazoi izan zituen jakintsu hark mundutik bereizteko: "Ikusi zituen Budak heriotza, eritasuna eta zahardadea, eta mendi bakarti batera erretiratzea erabaki zuen". Albisteak inpresioa egin zidan, zeren, garai hartako gazte gehienen pare, sentibera bainintzen erabaki dramatikoei buruz.

Baina, inpresioaz haratago, albisteak kezka ere sortu zidan. Izan ere, ez nuen oso ondo ulertzen zahardadeari buruzko aipamena. Heriotza eta eritasuna txarrak direla, hori bai, hori aise konprenitzen nuen; baina, hainbestekoa al zen zaharren ezbeharra? Hantxe ikusten nuen, ia egunero, kolegioko patioan frantzesezko irakaslea, 60 urtetik gora zituena eta ezpain artean kantutxo bat -une chanson d'amour- eramaten zuena; beste hainbatek belar-ziria bezala, eraman ere. 1990eko gaztea izan banintz, eta ez 1965ekoa, Buda pasa egin zela pentsatu izango nukeen: esaldia borobiltzearren gehitu ziola zahardadea heriotzak eta eritasunak osatu bikote sinierstroari.

Euria gogotik egin du "Siddharta" eta Hermann Hesseren beste liburuak irakurtzen genituen ikasle garai haietatik, eta joan ginen gu ere, belaunaldi hartakoak, bustitzen, janzten, hainbat gai ulertzen. Baita zahardadearen hura ere. Egun batean -euri ederra- Maupassant edota Baudelaireren lerroak iritsiko zitzaizkigun, haurtxo baten muxua erreguka eskatzen ibili beharreko vieille femme baten ingurukoak; hurrengoan, zinera joanda - "Un hombre llamado caballo" ikustera, kasu- gizarte tradizionalek sasoirik gabeko jendeari eskaini jokaera ankerraen berri izango genuen. Gero, hospitalera joandakoan, edo jubilatuen tabernan sartzean, errepresentazioan ikusitakoa berrituko zitzaigun.

Baina pertsona ez da, nonbait, erabat esnatzen. Halaxe gertatu zait niri Budak aipatutako hirugarren ezbeharraz jabetzeko orduan. Hain hurbiletik begiratzen nien zaharrei, hain neukan arreta haien hasperen, kexu eta beste txikikerietan jarria, non ez nituen haien inguruan jiraka ohi dabiltzan putreak ikusi ere egiten. Baina orain, hori ere badakit. Zaharrak, zahar otzanak, piztia higuingarrien helburu bihurtzen direla.

Saltzaile itxurako putreak hurbildu ziren orain urte batzuk gure ingurutako idazle ospetsu batengana. Beraiek bazekiten ez zela lehengoa, gizon zorrotz eta zuhurra. Bere ateko aldaba jo zuten; kafea hartu zuten berarekin, kataloagoak erakutsi zizkioten. Idazlea zendu zenean, senideak zabaldu gabeko kaxa mordo bat aurkitu zuten liburutegian: entziklopedia baten aleak zeuden haietan gordeta, pinturaren historia luze bat, brikolajea gai zuen liburu-traste bat...

Non dauden zaharrak, hantxe daude putreak talaian. Batzuetan -ate joka edo airean jiraka ibili gabe- telefonoz deitzen diete. Sinpatia handiz mintzatzen dira orduan, batzuetan zuka eta gehienetan hika. Agurraren ondoren, opari baten berri ematen diete -ziztrinki inprimatutako Julio Verneren hiru liburu, gogoan daukadan kasuan-, eta "un beso" edota antzeko esamolde lizunen bat erabiliz despeditzen dira. Jakina, handik egun batzuetara han dira berriro deika, eta, nik nola ez dakidala -putrelogo kaskarra naiz oraindik- nahastu egiten dute biktima, eta bere kontu korrontearen hogei zenbakiak lortzen dituzte. Konturatzerako, zilarrezko baxera baten jabe da Doņa Concha -"garesti xamarra irudituko zaizu, baina aparta da, benetan"-; ormako erloju batena, Manuel.

Ez dakit Budak, zahardadeaz ari zela, putreak gogoan hartu zituen. Seguru asko, bai. Izan ere, aspaldidanik dabil Gaitza munduan. Gaztelako gune batean txori hatzaparren arrastoak azaldu omen dira dinousario batenaren inguruan. Jokatuko nuke dinousarioa ahulduta eta bakarrik zegoela eta txoriak putre arrazakoak zirela; jokatuko nuke erdi gorila erdi gizon bat zegoela inguruan beste erdi gorila erdi gizon bati bihotza jan nahian.

Siddhartha Gautamak