« Back

"Erlea" aldizkariaren 10. alea argitaratu da

2016-11-28  ¦  Argitalpenak

Bernardo Atxagak zuzentzen duen eta Euskaltzaindiak argitaratzen duen Erlea aldizkaria 10. zenbakira iritsi da. Oraingo honetan antzerkia du gai nagusi.

Erlea aldizkariaren 10. zenbakia aurkeztu zuen joan zen astean Euskaltzaindiak. Bernardo Atxagak zuzendutako lauhilabetekariak ibilbide oparoa egin du 2009tik, dozenaka kazetari, idazle, antzerkilari, zinegile, artista eta euskaltzaleen lanak bilbatu eta ezagutarazi dituelarik tarte honetan.

Atxagak agindu zuen aldizkari “profesionala” izango zela Erlea, zenbaki bakoitzak “atmosfera” jakin bat izango zuela, eta horretan tematu da zenbakiz zenbaki. Oraingo honetan antzerkia izan da aldizkariaren ardatz eta gai nagusia.

Akademiak hasieratik babestu zuen proiektua, eta Pamiela argitaletxeari eman zion aldizkaria editatzeko ardura. Honela, edizioaz arduratu dira, batez ere, Asun Garikano eta Txema Aranaz. Andres Urrutia euskaltzainburuak esan duenez. "akademiak jarraituko du proiektu hau bultzatzen, Erlea euskal kulturako erreferente bihurtu nahi dugulako”.

Zenbaki berriak euskal antzerkia “barru-barrutik” ezagutzeko aukera ematen du. Zenbaki berrian kolaboratu edo parte hartu dutenen artean daude Patxo Telleria, Agus Perez, Aizpea Goenaga, Ander Lipus, Iñake Irastorza, Mikel Martinez, Jokin Oregi, Iñaki Rikarte edo Anjel Alkain, besteak beste

11.aren ideia edo hari nagusia ere buruan eta gogoan du Bernardo Atxagak: "akordeoia izango da". Horretaz eta beste hainbat kontuz jardun du idazleak Euskaltzaindiaren Plazaberri agergarian egin dioten elkarrizketan.

Erlea aldizkariaren azkenengo alea (eta baita aurreko guztiak ere) erosgai daude Pamielaren webgunean.