« Itzuli blogera

Texaco gasolindegia (II): Oroitzapen bat

2007-10-30  ¦  Nevadako egunak

"Kalte handiak egiten ari zen hartza -jarraitu zuen gizonak-, eta taldeak osatu eta haren bila abiatu ginen gutxienez hogeita hamar gizon, nor bere eskopetarekin eta postako kartutxoekin. Astebete egin genuen basoz baso, eta batzuetan haren oinatzak aurkitzen genituen, edota haren gorotza; bagenekien beraz ez zela Asturias edo Palencia aldera joana; baina hartza bera ez zen inon ageri. Bildu ginen orduan talde guztiak eta ehiza uztea erabaki genuen. Ezinezkoa zen jarraitzea, ezin genuen ganadua zaintzeko lana emaztearen edo seme-alaben gain utzi.

"Ez zen inor erabakiaren aurka atera, edo hala ematen zuen; baina herrirantz abiatu ginenean gutako bat atzean gelditzen zela ikusi genuen. Gabriel zuen izena. Mutilzaharra zen, ehiztari amorratua. Hirurogei urte ez zituen urruti ibiliko. "Segi zuek", esan zigun. Eta mendian gora jo zuen eskopeta bizkarrean hartuta. Gu behera, eta bera gora.

"Hasiera batean egoten ginen erne eta mendietara begira, baina, behin ere ikusten ez genuenez, aspertu egin ginen talaian egoteaz, eta ardura galdu genuen. Andrerik edo seme-alabarik izan balu, haiek egingo zuten hotsa; baina haien ezean isilik zegoen kontua. Ostatuan aipatuko zen, noski; baina zer kontu ez da aipatzen ostatuan? Ostatuak horretarako daude.

"Ganadu askorik ere ez zuen Gabrielek, eta hura auzokoak gobernatzen zuen. Aldian behin, auzo hark Gabrielen aztarnak aurkitzen zituen etxe atarian. "Bi zakurrak eraman ditu", esan zuen egun batean. Eta beste batean: "Gaur goizean goiz bost edo sei tiro entzun ditut etxe atzeko mendian. Asmatu badio, laster dugu hemen". Baina ez zen haren arrastorik izan, ez egun hartan eta ez hurrengoan. Ez da hain erraza hartza botatzea; zabaltokietan, beharbada, baina gureak bezalako baso itxietan, zaila.

"Hartza eta Gabriel elkarren arrastoan ibiliko ziren. Gabrielek ikusiko zuen haren gorotz egin berria eta esango zuen: "Hemen da!". Eta gauza bera esango zuen hartzak Gabrielen izerdi usaina sentitzean: "Hemen da!". Nolanahi dela ere, ez ziren herrira jaisten. Esan nahi dut hartza bera ere ez zela jaisten, eta ez zuela gure ganadua hiltzen. Zuhur zebilen hura Gabriel bere atzetik sentituz.

"Negua, paraje haietan oso gogorra, hurbiltzen ari zen, eta maizago joaten ginen herriko ostatura. Eta ostatuan, agian luze iritzita geundelako, berritu egin zen Gabrielen kasua, eta kontu nagusia ere bihurtu zen. Batzuek zioten laster geldituko zela hartza lo, hotzaldia gainditzeko, eta orduan ikusiko genuela Gabriel. Bestela, jaisten ez bazen, jaitsarazi egin beharko genuela, eta bolada bat pasa beharko zuela manikomioan. Beste batzuek, berriz, hala zioten: "Hori ez da itzuliko hartzik gabe".

"Bigarren ustekoek izan zuten arrazoi. Iluntze batean, ostatuan geundela, oihuak sentitu genituen atarian, herriko andre batenak. Bere senarrari deitzen zion atera zedin. Eta, senarra ez ezik, denok atera ginen. Aurrena, ez nuen ezagutu, hain zegoen flakatua eta desitxuratua; baina bera zen, Gabriel. Kartutxo-zorroa gerrian, eskopeta bizkarrean, ostaturantz zetorren lera bati tiraka. Leraren gainean, ahoz behera, hartza zegoen. Deia egindako andrea eta hamarren bat bizilagun haren atzetik zetozen, aurreraka okertuta eta begiak animaliarengan zituztela.

"Batzuek lagundu nahi izan zioten lerari tiratzen, baina Gabrielek keinua egin zien eta uxatu. Geroxeago, lera ostatuko ezkaratzean sartu zuenean, laguntza eskatu zuen beste keinu batekin, hartza jiratu egin behar zela. Hirurehun kilo izango zen animalia, eta, halere, hainbeste izan ziren heldu eta tira egin ziotenak, segituan utzi zuten ezkaratzeko sabaiari begira. Begi bat erdi itxia zeukan, bestea zabalik. Hortzak ez zitzaizkion ikusten, baina betortz bat aterata zeukan, zintzilik bezala. Kokotza eta lepoa dena bustita zeuzkan odolez.

"Ezkaratzean gelditu ginen denok, kabitu ezinik herriko jende guztiak hara jo zuelako, baina hala ere handik alde egiteko gogorik gabe, hartzari begira. Halako batean, herriko gazte batek bultza egin zion beste bati hartzaren gainera izu bat ematearren, eta bospasei gizon builaka hasi zitzaizkion bromagatik, eta sekulakoak esan zizkioten. Ez zegoen inor haserre, baina gazteak atzamar bat mugitu izan balu sekulako jipoia eman izango zioten.

"Sartu ginen berriro ostatuan, eta etxeko andreak kafea egin zuen denontzako, hartzen ari ginena kikaretan hoztuta zegoelako. Gabrieli eskaini zion aurrena. Eserita zegoen bera bakarrik, eskopeta mahai gainean utzita, eta zigarro bat erretzen ari zen, bosgarrena edo seigarrena hautsontziaren arabera. Eskuan pattar kopa bat zeukan. Ez zion erantzun andreari; zinez, ez zion inori erantzuten. Batzuek oihu egiten zioten: "Haundia haiz, Gabriel!". Baina bera isilik. Ez zuen hitz egin nahi, edo ezin zuen. Batzuetan, barriduri egiten zigun, eta denon gainetik jartzen zen. Bere aldean ezer ez ginela pentsatuko zuen.

"Auzo batek eskua luzatu zion ostatutik alde egiterakoan, eta Gabrielek bostekoa eman zion. Agur hura onartzen zuela ikusita, gauza bera egin genuen han geunden guztiok. Nik eman nionean harritu egin nintzen: hezurra eta azala zen. Halaxe edukiko zuen noski aurpegia ere, baina bizarragatik ez zitzaion igartzen.

"Hurrengo goizean, Gabriel hilda aurkitu zuten ostatuko mahai hartan bertan. Nonbait ez zuen gauean etxera erretiratu nahi izan, eta bertan utzi zuten pattar botilarekin eta bi zigarro paketerekin. Ostatuko andrea konturatu zen aurrena, kafearen makina piztera joan zenean, eta hark pasa zuen abisua. Botila ia hustuta omen zeukan, eta zigarro pakete oso bat erreta.

"Hartza berehala eraman zuten herritik, eta uste dut disekatu egin zutela. Zakurrak, berriz, Gabrielek basora eramandako bi haiek, astebete geroago azaldu ziren herrian, bat herrenka, eta bestea belarria txikituta. Baina sendatu egin ziren biak, eta herrian ibili ziren luzaro zakur abandonatuak bezala norbaitek tiro bana eman zien arte".

Madrilera iritsi ginen. Leonera jarraitu behar zuten haiek, hartzaren kontaera egindako gizonak eta bere bidaia-kideek; nik, berriz, Euskal Herrira. Agur esan genion elkarri geltokiko nasan. Lagun gelditu ginen denok, eta pena bakarra daukat orain: gizon haren izena ez gogoratzea.

 

Erantzun



E-posta helbidea ez da publikatuko. Konfirmazioetarako bakarrik