« Itzuli blogera

Munstroak

2007-12-17  ¦  Nevadako egunak

I

I

Carson Cityra joan ginen, ospea baitu hango Halloween jaiak, eta hain zuzen ere gala beltzez jantzita aurkitu genuen Nevadako hiriburu txikia. Etxeen aurreko lorategiak kanposantu bihurturik zeuden, gezurretako hilobiekin eta zein baino zein nazkagarriagoak ziren instalazioekin. Batean, leporaino lurperatutako gizon baten burua zeukaten jarria, dena arratoiez inguratua; hurrengoan, begietatik odola zerion andre gazte baten figura; hirugarrenean -Mark Twain bere anaiarekin bizi izandako kalean- cowboy bat, puskatua burua, agerian hesteak. Eta gainera: eskeletoak, urkatuak etxeko portxeetan, Herio bere segarekin, black widow deitzen den armiarma pozoitsua tamaina erraldoian.

Heriotzaren inguruko buila hura guztia, ordea -eskeletoak, armiarmak, urkatuak-, desagertu egin zen hiriaren erdigunera iritsi ginenean. Txukun eta beti bezala zeuden bertako eraikuntza guztiak; gehienera, eskolaren batean, mamutxoak zeuzkaten leihoetan, edota Halloweeneko ikurrak, laranja koloreko kalabazak. Halere, ez zegoen zokomiran hasi beharrik Heriotza gurekin zetorrela konturatzeko; ez noski, zorionez, itzal baten moduan, mehatxuz edo augurio txarrez, baizik eta gure paseo bera emateko asmoz ateratako auzokidea bailitzan.

Harri batek hemen, zuhaitz edo landare exotiko batek han, mundu honetatik joandako norbaiten izena gogorarazten zigun 5. kaletik gindoazenoi, eta haren lagunek bilatzen zuten mira; aurrerago, Nevadako Gobernuaren eraikuntzaren alboan, legea defendatzen eroritako guardien eta polizien izen zerrenda irakur zitekeen, "Elisondo" bat tartean; museoan, berriz, Black Rock Desert latzean azaldutako mamut fosilaren erreplika ikusi ahal zen, eta animalia gizarajoak duela milioika urte jokatutako lehia larriaren seinale halaber fosildua: lurrean utzitako harramaska multzoa, lokatz putzu batetik atera nahian egindakoa.

Itzuli ginen Renora, eta buila sentitu genuen berriro. Baina umeak ziren orain, garrasika eskolako patioetan, aztoratuta beren soineko luzeekin txit cool sentitzen zirelako, eta denak ere gauaren zain, ohitura baita holako egunez ilunarekin ateratzea eta etxez etxe mehatxuka ibiltzea: trick ó treat!, "goxoa guri, bestela kristalak hautsi!". Ez dute, halere, erronda librea, baizik eta gurasoak orpotik dituztela egin beharrekoa. Izan ere, hala agintzen du legeak -It's the law- eta poliziak kartzelako bidean jar lezake umea bakarrik utzi duen nagusia.

Esperientzia bizi izan duen guztiak dakien bezala, gauza gutxi bihotz-asaldatzaileago umearentzat errondan ibiltzea baino, eta etxeak ezezagunenak baldin badira, eta bide batez beren gutizia -urre meatzarien sukar berbera- ase ahal bada, orduan eta gehiago. Eta holaxe ibili ginen gu ere Reno iparraldeko auzune batean barrena Kate Camino adiskidea gidari genuela, batzuk aurretik eta besteak atzetik; gero eta berotuago umeak, gero eta hotzituago gurasoak. Zeren hotza egin baitzuen Renon Halloween gauean.

Batzuetan, atea jo beharrean gertatzen ziren umeak, baina halere ez zien inork itxoinarazten. Auzo guztiak zain zeuden beren goxoki ontzi handiekin, eta segituan betetzen zizkieten eskuak. Adin handiko pertsonek ere, normalean ohean lo egongo ziratekeenek, barre-iduriz egiten zieten jaramon, baita ate-jotzaileak gaueko hamaikagarrenak izanda ere. Trick ó treat!, eta goxokiak poltsara. Batzuetan, hizketaldi labur bat: "Oso polita kalabazari egin diozun marrazkia!". "Ba ikusi egin behar zenituen nire senarra zenak asmatzen zituenak!"… Euskal Eguberrietan bezalatsu, itxuraz.

Baina hau dena, bizitzaren ertzetan daudenen Halloween gaua, umeena eta zaharrena, alde ekonomikotik sekulako garrantzia duena, ez da jaiaren alde bakarra. Halloween gaua ez da inongo Gabona bezalakoa, eta horretaz konturatzeko nahikoa zen, aurtengoan, zerura begiratzea: hantxe zebiltzan poliziaren helikopteroak bere argi gorriekin; hantxe zekartzan iluneko haizeak bere albiste eta ipuinak: "orain bost urte ume koskor bat bahitu zuten, eta harrez gero ez du inork ikusi"; "behin batez hiru neskatila bortxatu zituzten"; "iaz, orgia batean parte hartzen ari zen mutil bat hil zen alkohola eta drogak nahastu zituelako". Labur, Halloween gaueko seinale batzuek zioten benetako munstroak ere egon zitezkeela eskeleto, armiarma eta urkatuen atzean.

Itzulbidean gindoazen gure goxoki kargamentuarekin eta Kate Camino bere familiako neska batekin gertatu zen. Ez nien hizketaldia erabat ulertu, baina bezperan egindako festa bati buruz aritu ziren, eta han azaldutako party crasher edo "festa hondatzaile" batzuei buruz, eta jendeak pasa zuen beldurraz. Geroxeago jakin nituen, Kate Caminok berak kontatuta, xehetasunak. Unibertsitateko kirolarien festa zela, eta erronka bila azaldutako mutiletako batek pistola atera eta hiru pertsona hil zituela; bera bezalako hiru gazte.

Hurrengo egunean, Reno Gazette-Journaleko lehen orrialdean zetozen hiltzaileen argazkiak eta izenak. Hiltzaile zuzena, Samisoni Taukitoku, 19 urteko samoarra; laguntzailea, adin bereko beste samoarra: Saili Manu. Eraildakoen izenak ere hantxe zeuden: Nathan Viljoen, 23 urtekoa eta unibertsitateko ikasle ohia; Derek Kyle Jensen, adin berekoa eta unibertsitateko ikaslea; Charles Coogan Kelly, 21 urtekoa, munduko onenetakoa bere elur kirolean -world-class snowboarder-, zirkuitu profesionalera pasatzear zegoena.

II

Bukatu da Halloween eguna, eta erretiratu dira hurrengo urtera arte eskeleto, armiarma, urkatu eta gainerako munstroak, eta Estatu Batuetako bide guztiek, orain, Thanksgiving jairantz eraman nahi gaituzte. Laranja koloreko kalabazaren ordez, indioilarra da orain ikur, oilasko munstrotsu bat, erretzeko sei ordu behar omen dituena. Eta geroxeago Santa Claus etorriko da, munstro txintxo bat iduriz, baina eskeletoak, armiarmak eta urkatuak baino siniestroagoa Polar Express bezalako film arraro horietan.

Bada, ordea, aldi batekoa edo sasoikoa ez den munstro bat, denak baino boteretsuagoa, denok bere baitan hartzen gaituena. Izena du Leviatan. Hobbesek Bibliatik jaso zuen izena, eta Estatuaren sinonimotzat erabili. Giza aberearen helburu nagusia bortxazko heriotza ekiditea zela zioen Hobbesek, eta horregatik uzten ziotela gizakiek Estatuari beren autoritatearen zati bat. Modu horretan, noski, munstro bat sortzen zen, ahalguztiduna eta erabat boteretsua, Leviatanen parekoa; munstro ona, ordea, baldin eta Legea ezarri eta bake soziala bermatzen bazuen.

Hemen, Nevadan, Leviatanek dio heriotza zigorra zilegi dela jende zintzoaren defentsarako, eta William Castillok -Halloweeneko hilketa kontatzen duen egunkarian dator- bere biziarekin ordaindu behar duela Isabelle Berndti 1995ean bortxaz kendu zion bizia. Batzuek atzera egin dezan eskatzen diote, eta, egunkariko argazkiak erakusten duenez, Nevadako presondegiaren aurrean bildu eta pankartak altxatzen dituzte: "Bakeagatik gaude hemen, eta heriotza zigorraren bukaeragatik". Baina aski da Leviatanen ordezkariei entzutea bukaera hori atzeratu egingo dela jakiteko. Barack Obamak berak ere ez du kontua bere programaren lerro nagusietan aipatzen.

Samisoni Taukitoku hezur-haragizko munstro bat bezala erne zen gezurretako munstroen artean, eta betiko Heriotza zaharra eman zien hiru lagunei. Bere etorkizuna jakina da orain: hemendik urte batzuetara Leviatanen ordezkariak bila etorriko zaizkio, eta haiek ere ez dira gezurretakoak izango, ez dute txantxetan aipatuko Heriotza zaharraren izena.

 

Erantzun



E-posta helbidea ez da publikatuko. Konfirmazioetarako bakarrik