« Itzuli blogera

Leviatan

2007-12-20  ¦  Nevadako egunak

LEVIATAN I

Jim Jerry eta Earl Mayes 3. gradukotzat jotzen dira, eta beraz delitua errepikatzeko arriskurik larriena dute, poliziaren arabera.

Ez daukate zorrik sexu gaizkileen aurkako legeekin, eta polizia ez dabil haien atzetik. Askatasun zainduan daude eta langabezian daude, Regional Sex Offender unitateko Gerald Rhodes sarjentuak adierazi duenez.

Jerry Enchanted Valley Drive-ko 6400 blokean bizi da, eta Mayers Sinclair hiribideko 1500 blokean.

LEVIATAN II

Reno Gazette-Journalen 2007ko azaroaren 11n azaldutako kronika: Mother jailed after officers find kids playing with knives.

Lau umeren hogeita hamabost urteko ama kartzelara eraman dute utzikeria karguekin poliziak adierazi ondoren haren lau umeak etxean bakarrik zeudela eta labanekin eta erremintekin jostatzen ari zirela.

Wal-Marten bere lan txanda egiten ari zela atzeman zuten Sergia Lui utzikeriaz jokatu bide duelako umeekin.

Bere umeak, 6, 7, 9 eta 13 urtekoak, larrialdietarako zainketa etxe batean kokatu dituzte.

Poliziak aditzera eman duenez, beste kasu bat zela eta joan ziren haren etxera West Seventh kaleko 1400 blokera, eta bakarrik aurkitu zituzten hiru ume txikienak.

Umeak hamaika egunez egon ziren egoera horretan ama lanean zen bitartean. Hamahiru urteko ume zaharrenak arduratu behar zuen haietaz eskolatik itzultzean.

Poliziak iritsi zirenean neskatila etxeratu gabe zegoen artean. Bederatzi urtekoa ere eskolan zegoen, eta 6 eta 7 urtekoak bakarrik.

Etxea kuntza bat egina zegoen, poliziak azaldu duenez, janari ustelduak eta arropa zikinak nonahi. Umeak labanekin eta erremintekin jostatzen ari ziren polizia iritsi zenean, txostenak dio.

Ikusi ahal izan zutenez, umeek jergoietan egiten zuten lo, eta labanak eta kutxiloak eramaten zituzten berekin lotara, txostenak dio.

LEVIATAN III

Egunkariek sumario bat argitaratzen dute egunero Irakeko gerran hildakoei buruz - Iraq roundup-, eta 2007ko azaroaren 11koak hauxe zioen:

  • Associated Press-ek egindako zenbaketaren arabera, Estatu Batuetako Armadaren 3.861 kide hil dira Irakeko gerraren hasieratik, 2003ko martxoaz gero. APren kopurua Defentsa Departamenduak emandakoa baino lau aldiz handiagoa da.
  • Armadak aditzera emandako azken heriotza. Leherketa batek soldadu bat hil zuen ostiralean Diyalako probintzian.
  • Armadak aditzera emandako azken identifikazioa. Ez da identifikaziorik aditzera eman.

LEVIATAN IV

Truckee ibaiaz bestalde, Renoko downtown-eko plazatto batean, bi monumentu daude nabari dira. Lehenengoan Vietnamgo gerran hil ziren Nevadako soldaduen izenak daude zizelatuta; bigarrenean, Irakekoan edo Afganistangoan hiltzen ari direnena.

Monumentu berrian alde oso bat eta bestearen erdia hutsik daude oraindik. Azken bost lerroetan izen eta erreferentzia hauek datoz:

Raul Bravo Jr. Marine. Died March 3, 2007. Iraq

Anthony J. Schober. Army. Died May 2, 2007. Iraq

Alejandro Varelo. Army. Died May 18, 2007. Iraq

Joshua R. Rodgers. Army. Died May 30, 2007. Afganistan.

Joshua S. Modgling. Army. Died June 19, 2007. Iraq

LEVIATAN V

Arriskuaren aurrean egin beharrekoa entseatzen aritu dira umeak eskolan. "Tutuak zortzi aldiz jotzen badu, seinale sua dela -azaltzen dute-. Orduan nork bere lerroan kokatu eta kirol zelaian dagokion tokiraino joan behar du.

Uste dugu hor bukatzen dela kontua, baina ez.

"Patioan bi hartz azaltzen badira -jarraitzen dute-, argi guztiak itzali behar dira, eta nork bere pupitrearen azpian gorde behar du. Eta gaizkile bat azaltzen bada gun batekin, berdin. Argiak itzali eta pupitrearen azpian ezkutatu".

LEVIATAN VI

Estatu Batuetako ikastetxe guztietan liburuak eta liburutegiak hezkuntza sistemaren ardatz-ardatzean kokatuta daude, eta haien garrantzia literalki hartzen da, erretorika izpirik gabe.

Halaxe umeen eskolan. Liburutegia zabalik egoten da ikastordu guztietan, eta haren arduraduna guraso zein umeen esanetara dago beti. Zazpi urteko neska bati asko gustatuko litzaiokeen libururen bati buruz galdetuz gero, aholkua hitzetik hortzera dator; berdin beste zernahi eskatuta ere. Badauka non aukeratu: milaka liburu daude liburutegiko apaletan. Mailegua izan litekeen errazena da, eskuzabala.

Liburutegiarekin harreman zuzenean daude eskolako irakasle guztiak. Alde batetik, astean bizpahiru aldiz zerbait irakurtzen diete ikasleei ahoz gora; bestetik, CLUB 50 izeneko irakurle-klubaren gelako "sekzioa" kudeatzen dute.

Irakurketa kontuan eskola ez dago bakarrik. Azkar esatearren, nazio guztiko beste eskola guztiekin bat eginda dago. CLUB 50eko irakurlerik onenak aukeratzeko orduan, kasu, testak erabiltzen dira, eta irakurritako liburuari buruzko hamar galdera erantzun behar dituzte gelako ikasleek; bada, libururik liburu, test horiek berdinak dira denentzako, izan umea Oklahomakoa, Louisianakoa edo Nevadakoa. Hoberenek -50 puntu lortzen dituztenek, hain zuzen ere - saria dute: liburu bat.

Europako hegoaldetik datorrenari zorabioa ematen dio test horien oinarrian dagoen organizazioa eta lana imajinatzeak. Baina bada lan hori, eta arrakasta du. Eta ez da diru kontua -Europa hegoaldeko burokrata nagiek esan ohi duten bezala-, ez da aberatsen luxua. Reno iparraldeko Peavine eskola, kasu -irakurketa ez ezik hezkuntza dena oso ondo antolatzen duena-, aski behartsua da. Baina, behartsua denez, eta diru publikoarekin iristen ez zaionez, hamaika ekintza eta festa antolatzen ditu dirua biltzeko eta bere programei eusteko, eta horrela jarraitzen du lehian, ea postu altuago bat lortzen duen Estatu Batuetako rankinean. Zeren, hau ere esan beharra dago, eskolek berek ere azterketak eta konparaketak nozitzen baitituzte, eta, zein diren emaitzak -zenbat ikasle on bidali dituzten halako urtean unibertsitatera, kasu-, "irabazle" edo "galtzaile" suertatzen baitira; ospea zein diru laguntzak irabazi edo galdu egiten baitituzte.

New Yorkeko dorreak bota zituztenean, Bush eskola batean zegoen umeei ipuin bat irakurtzen. Gogoratzen dudanez, burla egin zion kazetari jendeak ez zuelako ipuina utzi eta eskolatik bizkor alde egin. Askojakin haiei ez zitzaien nonbait ekitaldiaren bitxitasuna nabarmendu: non egongo Lehen Autoritatea, eta umeen aurrean irakurtzen! Bestela esanda, eskoletako irakurketa programan parte hartzen. Hutsaren hurrengo kontua irudituko zaie batzuei.

BARACK OBAMA
"Turn the page in Iraq".

 

Erantzun



E-posta helbidea ez da publikatuko. Konfirmazioetarako bakarrik