« Itzuli blogera

Halloweeneko goxokiak botatzeko unean

2008-02-12  ¦  Nevadako egunak

Esperientzia: ez nuen kafe gehiago edan nahi, baina bai beste zerbait hartu lanean eten bat egiteko, eta azkenean sugus antzeko karamelu bat aukeratu nuen Halloween gauean betetako zorrotik. Ordu laurden bat geroago, mihia lakar sentitzen nuelarik, begiratu ispiluan eta aho guztia beltz-berde kolorekoa neukala konturatu nintzen. Zalantzarik ez. Orain hilabete batzuk prestatutako broma -broma "lokartua", esan nezake oraingo egunkarien hizkeraz- esnatu berria zen nigan.

Sugus delako hark utzitako arrasto beltz-berdeak hurrengo eguneko eguerdi arte iraun zuen, eta eskerrak eman nizkien jainko zintzo guztiei parte gaiztokoei aurre egiteagatik eta ez izateagatik justu goiz hura nire ezkontzakoa edo, eman dezagun, Euskaltzaindiko sarrera-hitzaldikoa. Zer pentsatu behar zuen Zalduondoko alkateak galdera erritualak egin bitartean? Zer Andres Urrutia euskaltzainburuak domina jartzeko unean? Zorionez, Renon nengoen, eta ez neukan inoren aurrean azaldu beharrik.

MilkyWay, 3 Musketeers, 100 Grand, Reese?s eta Butterfinger goxokiak zakarrontzian utzi ondoren, zalantzan jarri ninduen zazpigarrenak. Kitkat marka ospetsukoa zen, eta hura botatzea, hola esatearren, sasi-sugusaren erasoari erantzuteko modu gehiegizkoa iruditzen zitzaidan, inongo kode deontologikoak onartuko ez zukeena. Zintzoki, bereizi taldetik eta mahaiaren beste aldean utzi nuen. Ondoren, berriro ere ezezagunak aurrean, beste sei goxoki bidali nituen zakarraren ipurdira: bi Toots Roll Pop berde -vade retro!-, Almond Joy urdin argi bat -vade retro, halaber!-, eta Charleston Chew, Mr. Goodbar eta Whoppers izenekoak. Hartu nuen beste bat: Baby Ruth. Zakarretara. Beste bat: Snickers. Zakarretara. Beste bat: Crunch. Pentsakor geratu nintzen, eta azkenean Kikkaten ondoan utzi nuen, apartean. Hurrengoa: 3 Musketeers. Hurrenagokoa: BabyRuth...

Nire espirituan erru sentimendua zebilen sartu nahian, eta botatako goxokien anai-arrebak -3 Musketeers, BabyRuth...- azaltzen hasi orduko ez nuen hura frenatzeko modurik aurkitu. Crunch eta Kiktkat izenekoak salbatzea pentsatzen banuen, zergatik ez haiek? Anonimoak zitzaizkidalako? Ez zegoen zuzentasunik ekintza hartan. Ez zituen ustezko kalitate txarrak kondenatzen, nire ezjakintasunak baizik. Atera nituen beste hiru goxoki: Butterfinger, M&M?s, MilkyWay. Susmoa hazi egin zitzaidan: marka ospetsuak izango ziren haiek ere, konfiantzako etxeak.

Erru sentimenduak burua nahastu zidan, eta Béziers-eko setioan Citeaux-eko abadeak erantzun zuena etorri zitzaidan gogora: "Egongo dira Béziersen hereje ez direnak, baina hil itzazue denak. Jainkoak ezagutuko ditu bereak". Mutandis mutandi, jokaera bera erakusten nuen nik. Kitkat eta Crunch kenduta, denak kondenatzen ari nintzen sugus hereje baten erruz.

Uxatu nuen ideia hura konparazio anormalegia zelakoan, baina erru sentimenduak eraso egin zidan berriro, eta Gabriel Arestik idatzi zuena gogoratu, alegia ez zegoela Eguberrietako pinua zabor kontainerretara botata ikustea baino gauza tristeagorik, eta hor antzematen zela burges txikien mixeria morala. "Zurea, berriz, oraintxe ari gara ikusten", entzun nuen nire baitan. "Umeek pozez hartutakoa hondakinekin nahasten duzu zuk".

Flakatuta nire indarrak erruaren pozoiarekin, kaleidoskopio gaizto baten irudiak hasi zitzaizkidan buruan jiraka, eta Samisoni Taukitoku eta Saili Manuren argazkiak ikusi nituen Reno Gazette Journaleko lehen orrialdean: "festa hondatzaile" haiek -party crashers- hiru gazte hil zituztela Halloween bezperan. Mendiko Truckee herriaren irudia ere ekarri zidan kaleidoskopioak, eta elurrez inguratutako taberna ikusi nuen, eta tabernako horman Charles Coogan Kelly world class snowboarder haren argazki bat, Renoko Halloween bezpera adur txarrekoan hila...

Ez zen normala. Eraso hartatik libratu nahian -herioan, esango nuke, pixka bat esajeratuz-, hartu goxoki guztiak, hala kutxan gelditzen ziren 3 Musketeers, 100 Grand, Butterfinger, Charleston Chew ezezagunak nola Crunch eta Kitkat ospetsuak, eta zakar-poltsan hondoratu nituen. Vade retro, denak ere! Gupidarik ez Halloween gaueko munstroen substantzia beltz berdea zekarten goxokiekin; buru osora ekarri ere, ez bakarrik ahora.

Istantean, bakea egin zen nire espirituan, hainbestekoa non ondo hezitakoa ematen zuen, budismoan edo. Erru sentimendurik ez. Damurik ez. Oroitzapenak, berriz, denak onak.

Lehenengo oroitzapena halloweeneko goxokiak bota ondoren

"Gure amak berebiziko lanak izaten zituen oilo batzuekin -esaten zuen gure amak bere amaz-. Oilo gehienek behar zen tokian jartzen zituzten arrautzak, baina haiek ez. Haiek, hiru edo lau izango ziren, harkaitz tarte batean, edo belar handia zegoen zokoren batean; ezkutuan, beti ere. Ama amorrazi egiten zen arrautza bila ibili beharraz, eta haiei errietaka sentitzen genuen: "Ikusiko duzue! Ikusiko duzue festetan! Zuetako bat joango da orduan eltzera!". Hala ibiltzen zen beti.

"Festak iristen zirenean, bazkari eder bat egin beharra zegoela eta, gure ama oilategira abiatzen zen eltzean sartu behar zuen oiloaren bila. Jakina, gaiztoen artean aukeratu behar zuen, arrautzak ezkutatzen zizkioten hiru edo lau haien artean. Eta aurrena bat aukeratzen zuen, gero bestea, hurrena ez bata eta ez bestea, eta hola aritzen zen ordu erdi baino gehiago. Azkenean, bat hartu eta etxeko sukaldera ekartzen zuen.

"Dena bere bidetik zihoala ematen zuenean, gure amari zalantza sortzen zitzaion. "Nik hau hiltzen badut, ez al da hori mendekua izango? Eta ez al dago itsusi mendekua hartzea?". Gu denok ezetz esaten genion, garai hartan gutxitan jaten baitzen salda goxoa. Baina, gurea aintzat hartu gabe, ama oilategiko bidean jartzen zen berriro ere. "Gogoratu naiz badela beste bat hau baino gaiztoagoa", esaten zuen. Baina bigarren oiloarekin ere, idem eadem idem. "Ez dio ardura zein aukeratzen dudan gaizto horien artean. Mendekua izango da edozein modutara".

"Gure aitak ez zuen ama askorik estutzen, eta ez zion ezer esaten kinka horretaraino iritsi arte. Baina orduan bai. Berak ere salde eder bat jan nahiko zuen, noski, festak ondo ospatzeko, eta esaten zion: "Arrazoi ematen dizut, baina, zergatik ez duzu oiloa besteen artean aukeratzen? Haiek ez dizute ezer egin. Ez litzateke mendeku izango". Gure ama tentetu egiten zen orduan. "Ezta pentsatu ere! Zer esan nahi didazu? Txintxoa sakrifikatu behar dudala gaiztoaren ordez? Hori bai litzatekeela bekatu handia!".

"Ordurako etsita egoten ginen etxeko denak, eta bagenekien zer esango zuen gure aitak segidan: "Egon zaitez lasai, andrea. Pasako gara oilo-saldarik gabe".

"Halakoxea zen gure ama, Liona Dorronsoro."

Bigarren oroitzapena halloweeneko goxokiak bota ondoren

"Zure herri horretan gaiztakeria bat egin nahi izan zioten Mauro izeneko basomutil bati -esan zuen gizonak-. Orain dela urte asko izan zen, nik hamabost urte nituenean edo, 1930. urte aldera.

"Jakina zen Maurok jokorako eta apusturako grina handia zeukala, eta jakina zen baita ere Jainkoagan ez ezik beste hamaika izakirengan sinesten zuela, eta batez ere Arima Herratuengan. Garai hartan asko izaten ziren jokalariak eta siniskeriatsuak; baina Mauro basomutilak neurriz kanpokoa izan behar zuen.

"Gauzak hola, inguratu zitzaizkion herriko gazte batzuk ostatura jaitsi zen gau batean, eta zirika hasi ziren berarekin. "-Hik ere bahuen sasoia garai batean, Mauro! Baina etsi beharra daukak! Hemendik aurrera askotan egon beharko duk aulkian eserita!

"-Zaudete ixilik, gazte zikinak, zuek denok baino sasoi hobea zeukaat eta!

"Gazteek zirika jarraitu zuten Mauro erabat berotu eta borrokarako gertu jarri zen arte. Haien arteko indartsuena atera zedila berarekin ostatu atarira, ikusiko zela orduan nork zeukan sasoia eta nork ez.

"-Hemen ez diagu borrokarik behar, Mauro -esan zioten gazteek-, baina nahi baduk apustua jokatuko diagu. Hik irabazten baduk, hogei pezeta hiretzat; galtzen baduk, gu denontzako ardoa.

"Gazteek dena pentsatua zeukaten, noski. Maurok ostatutik kanposantura egin behar zuen korri, eta kanposantutik berriro ostatura, eta joan-etorria ordubete baino denbora gutxiagoan burutu. Eta ia bide guztia, ilunpetan.

"-Baina, hori bai, Mauro. Kanposantuari buelta bat eman behar diok, eta gainera barrutik.

"-Zer dela eta barrutik? -esan zien Maurok.

"Hara sartzeak beldurra ematen omen dik, hala entzun izan diagu. Horregatik, apustua zailtzeko.

"Maurori ez zion graziarik egin baldintzak, baina, gazteek hala nahita, apustua irabazterraza zen berarentzat, korrika ez ezik oinez ere burutzeko modukoa, eta onartu egin zuen. Eta han abiatu zen gazte haietako bat atzetik zuela, lekukoa.

"Ostatuan geratutako guztiak algara batean hasi ziren haiek abiatu orduko, bai baitzekiten zer aurkituko zuen Maurok kanposantura sartzean. Izan ere, maindire zuri zikinekin mozorrotutako hamar bat kide zeuden han gordeta uhurika eta lanturuka hasteko prest. "Ez ahal zaiguk izutasunarekin bertan geldituko", esan omen zuen norbaitek, orduan ere barrez.

"Ez zen hutsaren hurrengo kontua. Arima Herratu eta antzekoengan sinesmenik izan ezean ere, txantxa larria izan zitekeen halako ustekabea gau ilunean eta hildakoen esparruan; sinesmenarekin, arriskutsua.

"Ordubeteko epea bukatzear zegoen, eta ostatuko giroa nahikoa hotza zen ordurako. Denak ere luze iritzita zeuden, eta ez zuten konprenitzen inor ez azaltzea; lekuko bezala joandako kidea, behinik behin. Eta bat-batean, Maurok zabaldu zuen atea. Bere onetik aterata zegoen, eta garrasi egin zuen:

"-Non da?! Non da?!

"Harritu egin ziren ostatuko denak, ez zioten ulertzen.

"-Zein esaten duk, Mauro?", galdetu zioten.

"-Zein?! Enterradorea!!

"-Enterradorea?

"-Denak kanpoan zebiltzak! -egin zuen oihu basomutilak besoak altxata- . Kanposantuan sartu nauk eta ia erotu nauk hango kuxidadearekin!.

"Gazteek susmatzen zuten ondoren gertatutakoa, baina halere galdetu egin zioten:

" -Zer egin duk hik hura ikustean, Mauro?

"-Zer egingo nian! Ja eta ukabilarekin eman! Ahal guztiak bota dizkiat, baina halere batzuek alde egin zidatek. Han ibiliko dituk oraindik.

"Kontrako aldetik atera zitzaien txantxa zure herri horretako gazteei -bukatu zuen gizonak, Inazio edo Ińaki Eizmedi zenak-. Kanposantuan maindireekin mozorrotutako batzuei min egin zien Maurok bere herioan. Gainera, noski, jokatutako dirua ordaindu behar izan zuten, eta garai hartan 20 pezeta asko zen."

Erantzunak

#1. Xabier ¦ 2008-02-15 ¦ 12:01

oso ederra!

#2. agueda ¦ 2008-02-23 ¦ 08:43

Izugarri gustatu zait ipuina, eskerrik asko horrelakoak idazteagatik une atsegina pasatu dut irakurtzean.

Erantzun



E-posta helbidea ez da publikatuko. Konfirmazioetarako bakarrik